Autodeterminazioa

Indar independentistek "batera aritzeko adostasuna" aldarrikatu dute

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako indar independentistek agiri bateratua aurkeztu dute Bartzelonako Llotja de Maren. EAJk ez du bat egin.

Adierazpena sinatu dute ordezkari politikoak; lehen lerroan eskuinetik bigarrena eta hirugarrena, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bilduko ordezkariak. JESUS DIGES, EFE
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 25a
14:44
Entzun

EH Bildu, BNG, Crida Nacional, CUP, Democrates, Esquerra Republicana, Esquerra Valenciana, MES per Mallorca, MES per Menorca eta PDeCAT-Junts per Catalunya indar independentistek bost punturen inguruan "aritzeko adostasun politikoa lortzeko beharrizana" azaldu dute adierazpen horretan. Bost puntu horiek autodeterminazio eskubidea, ekinbide politikoaren "izate demokratiko eta bakezalea", presoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera, askatasun zibil eta politikoak eta "gizarte politikak eta politika ekonomikoak" dira.

Agirian, indar independentistek egiaztatzen dute "ezinezkoa" dela Espainiako Estatuaren "erabateko demokratizazioa", frankismoaren eratorritako erregimenaren "erresistentziarengatik" eta Espainiako alderdi politikoen "borondate faltagatik". Halaber, azaldu dute azken urteotan egoera hori zalantzan jartzen duten zenbait "joera" agertu direla, baina horren erantzuna izan dela Espainiako Estatua "geroz eta autoritarioagoa, demokrazia txikiagokoa eta errepresiboagoa den atzerabide batean" sartzea.

Indar independentisten ustez, Espainiako Estatuak ez du autodeterminazio eskubidea errespetatzen, baina, horrekin batera, beste "atzerapauso demokratiko" ugari ere egin ditu. Horri aurre egiteko, dei egin dute Espainiaren menpeko nazioek estatuarekin dituzten gatazka politikoak "modu demokratikoan eta egonkorrean" konpontzeko eta nazioarteko komunitateak "konponbide hauetan lagun dezan" bultzatzeko.p>

Bost puntuak

1. Geure herrien autodeterminazio eskubidea. 

2. Geure ekimen politiko guztien izate demokratikoa eta bakezalea. 

3. Preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera. 

4. Askatasun zibil eta politikoak. 

5. Geure herrien garapena ahalbidetzeko gizarte politikak eta politika ekonomikoak.

"Edukia eta testuingurua"

EAJk ez du bat egin Llotja de Mareko adierazpenarekin, eta "edukia eta testuingurua" aipatu ditu bere jarrera arrazoitzeko. Edukiari dagokionez, EAJk uste du adierazpenak "espiritu eraikitzailerik" ez duela, 1998an EAJk, CiUk eta BNGk izenpetutako Bartzelonako adierazpenak ez bezala. Testuinguruari ere ez deritzote "egokiena", hauteskunde kanpaina hasteko hamar egun falta direla eta giro politikoa "nahasirik" egonda.

Edozelan ere, EAJ prest azaldu da datozen hilabeteetan "1998ko Bartzelonako adierazpenaren gaurkotzea" ekar dezakeen prozesu bati ekiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.