Indarkeriaren eguneroko bidean

SOS Arrazakeriak azaldu du elkarbizitza arazo batek arazo larriago bat sortu duela Bilboko San Frantzisko auzoan. Elkarteak salatu du ohikoa dela udaltzainek indarkeria erabiltzea etorkinen aurka.

Udaltzain batzuk etorkin bat atxilotzen, Gasteizen. KIRA.
Bilbo
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Bariku gaua, aurtengo irailaren 28an. Jende talde bat kalean edaten ari da Bilboko FlemingDoktorearen plazan. Hogei poliziatik gora agertu dira; haietako batzuk borrekin eta txakurrekin heldu dira. Jendeari handik joateko esan diote. Berton dauden auzokideetako batzuek ezetz erantzun diete, eta tentsioa areagotu egin da. Polizietako batzuk kargatzen hasi dira. San Frantziskon gertatu beharrean, Bilboko beste edozein auzotan gertatu izan balitz, Poliziaren erantzuna bestelakoa litzateke, SOS Arrazakeriako Patxi de la Fuenteren ustez. «Egoera hori ezin daiteke bereizi Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon Poliziak etorkinei egunero egiten dizkien mikroindarkeria arrazistako gehiegikerietatik». Horrek «frustrazio» egoera batean murgiltzen ditu auzokideak, eta bizikidetza arazo bat zena, «problema larriago bat»bihurtu da, De La Fuenteren aburuz.

Udaltzainek gertakizun horretan izandako jarreraren inguruko azalpenak eman zituen iragan asteartean Tomas del Hierro Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziak, Bilduko zinegotziek eskatuta. Del Hierrok ez ezik, udalaren menpe dagoen Bizikidetzarako Behatokiko zuzendariak ere eman zituen azalpenak. Azken horrek argitu zuenez, zarata arazo batek eragin zuen gerora gertatutakoa. Del Hierrok, asteartean agertu legez, ez du indarkeriarik ikusten Poliziaren jarreran. SOS Arrazakeria elkarteko webgunean ikus daitezkeen bideoetan, ordea, hainbat udaltzain ikus daitezke borrekin jendeari kolpeak ematen, eta txakurrak jendearen gainera botatzen. Polizien argitze agirian ere indarkeria izan zela jasotzen da, hori zuritutzat ematen bazuten ere.

«Gertaera hau gatazka baten barnean sartu nahi da, baina ez da gatazka horrek eskatzen zuen erantzuna. Aitzitik, beste arazo bat sortu du», azaldu du De La Fuentek: «Zarata arazo bat zegoen, eta horrelako jazoera batekin zarata areagotzea baino ez du lortu. Arazo handiago bat sortu du, gainera, jendea poliziengatik umiliaturik eta jipoiturik sentitu baitzen».

Haren hitzetan, auzoan elkarbizitza arazoak izan dituzte azken urteotan. Batez ere, zaratarekin zuten zerikusia problema horiek, Bizikidetzarako Behatokiko ordezkariek baieztatu bezala. Horiei emandako irtenbidearekin ez da arazoa konpondu. Ahaleginak ez dira horretara bideratu, SOS Arrazakeriako kidearen arabera: «Horri gehitu zaio Poliziaren bidegabekerianahiz indarkeria, eta udalak hori nahi duela edo onartzen duela».

Poliziaren indarkeriagatik eta gehiegikeriagatik salaketak Bilboko beste tokietan ere ematen diren arren, San Frantzisko inguruan askoz ere gehiago dira. «Ezohiko jokabide batzuk ohiko bihurtu zaizkio Poliziari. Jendea harritu egingo litzateke zenbait poliziak San Frantziskon duten jokabidearekin».

De La Fuentek salatu du ahozko indarkeria eta Poliziak legezko oinarririk gabe emandako aginduak ohikoak direla San Frantziskon: «Ikusi izan dugu Poliziak esaten diola jendeari banku batetik altxatu behar duela edo kale batetik joan behar duela. Agindu horiek ez dute zentzurik. Poliziak dio auzokide baten kexuagatik hartu dutela erabaki hori. Eragozpen bat egon daitekeela uler daiteke, baina besterik da ea horrek Poliziaren erantzun bat izan behar duen. Plaza Barrian ere jende asko ibiltzen da. Auzokideren bat kexatu daiteke jendea aurrean izan eta etxera ezin duelako sartu. Polizia ez da hara joango, eta, joanez gero, ez da txakurrekin joango. Ez du jendea jipoituko».

Besteak beste, salatu du indarkeriaz baliatzen direla identifikazio batzuetan. Etorkin gazteei sakelakoak eta MP3 erreproduktoreak kentzen dizkietela azaldu du, eta lapurretarik egin ez dutela frogatzera behartzen dituztela hainbat bizilagun. Horrek guztiak tentsioa eta frustrazioa areagotzen du, De La Fuenteren ustez. «Auzoaren inguruko iruditerian ere eragina du. Berton drogak eta lapurretak eguneroko gauza diren irudipena sortzen da».

Arartekoari muzin eginez

Egunero gertatzen diren gehiegikeriei aurre egiteko bidean, De La Fuentek beharrezkotzat jotzen du 1998an arartekoak Ertzaintzari eta Bilboko Udalari egindako zenbait gomendio aplikatzea. Horien arabera, protokolo berezi batzuk ezarri behar dira, gehiegikeriak saihesteko. 1999ko otsailean, Bilboko Udalak arartekoari erantzun zion aztertuko zuela horiek martxan jartzeko bidea. Hamahiru urte geroago, ordea, udalak ez du hartu neurririk. Udaltzaingoak ez du erakunderik barne ikerketak egiteko, ezta gehiegikeriak saihesten lagunduko duen protokolorik ere. Ondorioz, auzoaren egoera ez da aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.