Gasteizko Europa Jauregia mukuru zela, euren sinadurak ezarri zituzten igandean ezker abertzaleko, Eusko Alkartasuneko eta Alternatibako ordezkariek, hiru alderdien artean hitzartu duten Euskal Herria ezkerretik. Aldaketa politiko eta sozialerako independentisten eta subiranisten arteko akordioa-n. Marine Pueyok eta Rufi Etxeberriak izenpetu zuten ezker abertzalearen izenean; Pello Urizarrek eta Ikerne Badiolak EArenean; eta Oskar Matutek eta Amaia Agirresarobek Alternatibarenean.
Euskal Herriaren subiranotasunaren defentsan lanean jarduteko akordioa da, baina ezkerreko ikuspegitik, «eredu sozioekonomikoa sakon iraultzeko» xedearekin. Eskuinari alor guztietan aurre egiteko konpromisoa biltzen du, eta egungo «dominazio sistemak gaindituko dituzten alternatibak» sortzen jarduteko helburua du. Soilik bide politikoak erabiliz jardungo dutela dio akordioak, eta inork ezer ez leporatzeko-edo hirutan aipatzen da, hitzaurrean, printzipioetan eta ekintza esparruetan. Bortxazko estrategiak eta jarduerak ere baztertzen dituztela dio akordioak, printzipioetan eta ekintza esparruetan. Eta euren lana «jarduera instituzionalaren bidez zein desobedientzia zibila erabiliz» garatuko dutela azpimarratzen dute.
«Luzera begirako apustua» egin dute ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak; akordioaren hamalau orrialdeetan markatutako puntuetan «elkarrekin eta lehentasunez» lan egingo dutela diote, baina alderdi bakoitzak bere helburuei eta nortasunari eutsiko die. Hurrengo urteetan garatzeko ekintza politikorako akordioari izaera sozial handia ematen dioten bederatzi esparru finkatu dituzte.
Autodeterminazioa
Hego Euskal Herriari begira eginiko elkarlan akordioa den arren, Euskal Herriaren naziotasunaren aitortzatik abiatzen da; etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du, eta egiten duten euskal nazioaren aldarrikapenak «integrazioa eta elkartasuna» ditu oinarri. Bitarteko politiko eta ekonomiko guztiak exijitzen ditu, eta subiranotasun politiko eta ekonomiko hori «eredu ekonomiko, ekologiko eta sozial berriaren zerbitzuan» egongo dela diote.
Gatazka politikoa gainditzeko, bake prozesua eta konponbide demokratikoak aldarrikatzen ditu akordioak, Gernikako Akordioa barneratuz, eta euskal gizartea jarriz bermatzaile eta subjektu bakartzat «euskal herritar guztion eskubide pertsonal zein kolektiboen aitortzan oinarritutako bake eta normalizazio prozesurako eszenatokiak aurrera egin dezan».
Gizarteari gorde zaion protagonismoa lan esparru batean islatzen da, demokrazia zuzena, parte-hartzailea eta herri botereaz diharduena. Erabaki estrategikoetan demokrazia zuzena indartzea proposatzen dute, baita gizarte parte-hartzea indartzeko politikak ere; eta parte-hartze zuzeneko berezko instituzioak bultzatu eta ezartzea: herri batzarrak eta auzolana.
Eredu ekonomikoa
Printzipioetan aurreratu bezala, «ez da benetako eraikuntza nazionalik izango, ez baldin badago une berean eredu sozioekonomikoaren egiturazko eraldaketa nagusirik». Horri begira, «eredu ekonomiko bidezkoa eta ekologikoa» bultzatuko dute izenpetzaileek. Sektore estrategikoen kontrol publikoa eta soziala indartzea proposatzen dute, Euskal Kutxa Publikoa eta Euskal Esparru Sozioekonomikoa. Fiskalitate mailakatua aldarrikatzen dute, iruzur fiskalaren aurkako borroka eraginkorra, eta, horren bitartez,kalitatezko zaintze zerbitzu publikoak eta osasuna, hezkuntza eta etxebizitza zerbitzuen unibertsaltasuna bermatzen dituen gastu soziala. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eta gizarte segurantza ere aldarrikatzen dituzte. Langileen eskubideen defentsa egingo dute, eta lanaren banaketaren alde agertzen dira.
Feminismoa eta gazteria
Akordioak garrantzi handia ematen dien bi alor dira emakumeak eta gazteria, egungo gizarte ereduak gogor egiten dutelako bi kolektibo horien aurka.
Lehenbizikoari begira, «gizartea eraldatzeko ezinbestekoak diren erantzun politiko zehatz eta eredu sozialak eskaintzen dituen feminismoarekin» bat egiten dutela aldarrikatzen dute, eta patriarkatuaren aurka borrokatuko dutela. Emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egitea ere biltzen du akordioak, baina modu integralean, hau da, ez soilik emakumea hil edo zauritzen duen indarkeria; baita indarkeria ekonomikoa, sexuala, psikologikoa, soziokulturala... Emakumeen «kalitatezko parte-hartzea» bultzatuko dute «emakumeak baztertzen dituen boterearen kontzepzioa eta herritargoarena eraldatuko dituen proiektu politikoa» artikulatzearen bitartez.
Gazteriari dagokionez, «aldaketa politikoaren eta sozialaren motor» izan behar duela dio akordioak, eta horretarako lehenik eta behin urratuak eta ukatuak izan zaizkion eskubide zibilak eta politikoak itzuli behar zaizkiola aldarrikatzen du. Gazteentzako auto-kudeaketa ereduak defenditzen ditu, eta leku libreak sustatzea bultzatuko du.
Euskara eta hezkuntza
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibako izenpetu duten akordioan tarte laburrena duten alorrak dira euskalduntzearena eta hezkuntzarena.
Euskara nazio hizkuntza dela aitortzen du akordioak, eta ezinbestekotzat jotzen du euskararen normalizazioa eskuratzeko estrategia zehaztea eta adostea, «XXI. mendeko euskal gizartearen izaera kultur anitza errespetatuko duen herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herria sortzeko helburuarekin». Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna lortzea «ezinbestekoa» dela dio akordioak, eta gaztelania (Hego Euskal Herrian) eta frantsesa (Ipar Euskal Herrian) hizkuntza koofizial liratekeela gaineratzen du.
Hezkuntzari dagokionez, euskal curriculumean oinarritutako berezko hezkuntza sistema defendituko dute. «Eredu publiko, herritar, parekide eta parte hartzailea»-ren aldeko hautua egiten dute: «Euskal sistema publikoa, diseinuan, antolaketan, planifikazioan, kudeaketan eta garapenean, botere publikoaren eta hezkuntza komunitatearen arteko elkarlanaz garatu behar dela pentsatzen dugu», ageri da akordioaren pasarte batean.
Internazionalismoa
Akordioak dio, pertsona eta herri guztien etorkizuna «egungo garapen ereduaren aurrean alternatiba bideragarria sortzeko gaitasunaren baitan» dagoela, eta horrexegatik internazionalismoa eta elkartasuna «ezinbesteko» direla Euskal Herrirako proposatzen duten eraldaketan. Bide horretan, konpromisoa hartzen dute Europako mugimenduekin dauzkaten harremanak eta sare globaletan daukaten esku-hartzea indartzeko eta elkartasun internazionalista sendotzeko, bereziki estaturik gabeko nazioekin.
Indarrean jarri dute «Euskal Herria ezkerretik» garatzeko akordioa
Ekintza politikorako bederatzi esparru finkatu dituzte ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak, datozen urteetan garatzekoAutodeterminazio eskubidetik abiatuta, izaera sozial handiko estrategia izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu