Indarrez bidaltzen saiatu arren, Bulebarrean geratu dira protestariak

Erraustegiaren aurkakoak Gipuzkoa plazatik atera ditu Udaltzaingoak, Ertzaintzaren babespean

Udaltzain batek belaunarekin zapaldu zuen manifestari baten lepoa. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Bigarren aldiz desegin nahi izan dute Gipuzkoa Zutik mugimenduaren kanpaldia Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, elkarlanean. Bi kolpetan egin zuten haiek kanporatzeko ahalegina atzo: Gipuzkoa plazan lehenengo, eta Bulebarrean gero. Izan ere, 10:00 inguruan, Gipuzkoa plazan zeuden protestariak bota zituzten: ordura arte egin ez bezala, plaza guztia sokaz lotu zuten. Protestariek, erresistentziarik gabe, traste guztiak jaso, eta alde egin zuten, Bulebarrera. Arratsaldean, plazara itzultzen saiatu ziren, baina Ertzaintzak bidea itxi zien, eta Bulebarrean kanpatzea ebatzi zuten, Elkano kalean inprobisatutako batzar batean.

Astebete egin zuen mobilizazioak igandean. Maiatzaren 29an ezarri ziren Gipuzkoa plazan, diputazioaren egoitza nagusia aurrean zutela. Zubietan egin nahi duten erraustegiaren aurkako mobilizaziora deitu zuten, hori hartuta eredu politiko-ekonomikoaren ikur gisa. Joan den asteazkenean egin zuten hura hutsarazteko lehenengo ahalegina, eta atzo izan zen bigarrena.

Gipuzkoa plazan huts eginda, ordu eta erdira berriz saiatu ziren Bulebarrean. Hasieran, udaltzainak gerturatu ziren hango kioskora. Mobilizazioko partaideek jarri berri zituzten kartelak kentzen ari zirela, ertzainek inguratu zuten kioskoa. Minutu gutxira, pentsiodunen manifestazio bat gerturatu zen kioskorantz: ertzaintzak, orduan, bidea itxi zieten haiei, eta bi protestetako partaideek elkartasun oihuak egin zizkieten besteei.

Hain zuzen ere, tarte horretan hasi ziren udaltzainak indarrez ateratzen kioskoaren sarreran eserita zeuden protestariak. Ekinaldiak huts eginda, atzealdetik igo ziren zenbait ertzain, eta bortxaz aterarazi nahi izan zituzten, beste behin, protestariak. Lurrean, elkarri besotik helduta zeuden mobilizazioko partaideak, eta udaltzainek indarra erabili zuten askatzeko. Polizietako batek lepotik egin zion tira manifestari bati. Beste batek besoaz inguratu zuen beste partaide baten lepoa, eta denbora bat izan zuen horrela, harik eta manifestariak arnasarik hartu ezin zuela keinu egin zuen arte; besoaren faltan, belauna lepoan jarrita eduki zuen manifestaria lurrean etzanda. Bitartean, hiru udaltzainen artean beste protestari bat hartu zuten beso-hanketatik, eta behean zeuden lankideen esku utzi.

Protestariei jazarri ez ezik, Gipuzkoa plazatik ekarritako eta kioskoan jasotako material asko eraman zuten udaltzainek. Izatez, kioskotik behera bota zituzten, besteak beste, platerak hautsiz. Ahal bezala, materialaren parte bat gordetzea lortu zuten protestariek.

Isilarazteko ahaleginek, baina, babes handiagoa ekarri zioten bueltan Gipuzkoa Zutik-i. Jendetza batu baitzen atzo arratsaldean Bulebarrean egindako batzarrera. Bileran erabaki zuten Gipuzkoa plaza berriz hartzen saiatzea, eta manifestazioan joan ziren hara. Ehunka pertsonak parte hartu zuten martxan. Elkano kalean Ertzaintzak bidea itxi zienean, dantzan eta kantuan hasi ziren manifestariak, baina poliziak oldartu egin zitzaizkien; kide bat atxilotuta eraman zuten. Lurrean eserita erantzun zuten protestariek, eta «hemen gaude bizitzaren alde» aldarrikatuta.

Ertzainek atzera egiten ez zutela ikusita, beste batzar bat egin zuten bertan, eta Bulebarrean kanpatzea ebatzi zuten. Manifestazioan joan ziren hara, eta, iritsi bezain pronto, gaua igarotzeko antolatzen hasi ziren. Lerro hauek idazteko unean, bertan lo egiteko asmoa zuten protestariek.

«Garai zaharrak» gogora

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua Gipuzkoa Zutik-i buruz jardun zen atzo, Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2017-2030 Plan berria lantzeko parte hartze prozesua aurkeztean. «Garai zaharrak» gogorarazten dizkiotela esan zuen. «Adierazpen askatasuna eta espazio publikoen defentsa uztartu beharko lirateke».

Donostiako EH Bilduk gaitzetsi egin zuen udaltzainek izandako jarrera. «Ezin da Udaltzaingoa erabili protesta baketsu eta zilegi bat bortizkeriaz zapuzteko; ez da onargarria udaltzainak objektuak puskatzera eta inongo portaera oldarkorrik izan ez duten herritarrak jipoitzera bidaltzea». Koalizioak ekinbide instituzional bat aurkeztuko du Eneko Goia alkateak azalpenak eman ditzan.

LAB sindikatuak ere salatu zuen udal gobernua Udaltzaingoaren «erabilera alderdikoia» egiten ari dela. Gipuzkoa Zutik mugimendu baketsua izateaz gain herritarren «babes zabala» duela gogoratu zuen: «Udaltzaingoaren eginkizuna herritarrei laguntza eta babesa eskaintzea da, ez aldarrikapenak isilaraztea: udaltzain zehatz batzuek erakutsitako jarrera basatia salatu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.