500 urte betetzen dira gaur Espainiako armada Iruñean sartu zenetik. Nafarroako Erresuma konkistatu zuteneko mendeurrena den honetan, mendekotasunak «hondamendia» ekarri duela adierazi eta independentziaren beharra aldarrikatu du Independentistak sareak, etorkizunerako gakoa dela iritzita.
«Menderakuntzaren bidetik, hondamendia, miseria, pobrezia, zorrak, murrizketak eta oinarrizko eskubideen urraketa besterik ez dator», esan dute, eta gogorarazi dute gaur egun ere Espainiako Erresumak Euskal Herria «itotzen» duela, «politikoki, ekonomikoki, sozialki eta kulturalki».
Erantzun «atzerakoia» krisiari
Krisialdi ekonomikoaz gain Espainiak estatu ereduaren inguruko krisia ere baduela uste dute Independentistak sareko kideek. Krisialdiko «shock» egoera erabiliz eta errua autonomiei botata espainiar nazionalismoak birzentralizatze prozesu bati ekin nahi diola ohartarazi dute, «betiko España una, grande y libre-ra itzultzeko asmoz».
«Arrisku» hori ikusita, esan dute «herriak beren buruen jabe izatea» dela erronka, eta dei egin diete erakundeei, eragile sindikal eta politikoei eta herritarrei independentziaren aldeko lana biderkatzeko. Zehazki, gaurko egunez, sare sozialetan #independentzia etiketa erabili eta burujabetzaren komenigarritasuna aldarrikatzeko eskatu dute.
Independentistak sareak herrien burujabetza aldarrikatuko du gaur
Gaur 500 urte sartu zen Espainiako armada Iruñean; krisiari aurre egiteko, independentzia aldarrikatu du sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu