Independentistak sareak II. Martxa Berdea egingo du urriaren 12an, Bilbon. Espainia: Inposaketa+Hondamendia. Independentzia! lelopean abiatuko dute martxa, arratsaldeko bostetan, Jesusen Bihotza plazatik. Antolatzaileek euskal independentista guztiei dei egin diete deialdiarekin bat egin dezaten. Halaber, parte hartzaileei zerbait berdea janzteko eta soinua egiten duen tresnaren bat eramateko eskatu diete, «burrunba martxa» izango baita.
Joan den urtean bezala, Espainian Hispanitatearen edo Arrazaren Eguna ospatzen duten eguna aukeratu du sareak martxa egiteko. Independentistak sareak hainbat arrazoi eman ditu protesta ekitaldi hori antolatzeko. Batetik, salatu du Espainiarekiko «menpekotasunak» kalte egiten diola Euskal Herriari: «Begi bistakoa da hondora eramaten gaituela Espainiako Estatuan nagusitu den estrategia ekonomikoak». Sarearen irudiko, egoera «oso larria» da, eta, «gainbehera doan egitasmo bati kateatua» jarraituz gero, Euskal Herriaren etorkizuna arriskuan dago. «Espainiaren menpe ez dago irteerarik», ondorioztatu du.
Horrez gain, Espainia «inposaketaren adierazle» dela uste du Independentistak sareak. «Hobekuntza eta aldaketarako ateak» ixten doazela eta estatu ereduak berak atzeranzko norabidea hartu duela salatu du. Hala, irtenbide bakarra independentziarena dela iritzi dio sareak. Euskal Herriko ekonomia babesteko, erabaki propioak hartzeko eta beste inoren menpe ez egoteko Euskal Herriak estatua izan behar duela uste dute sareko kideek.
Halaber, jakinarazi dute Espainiatik independentzia lortzeko bidean egindako lehen urratsak gogoratuko dituztela Martxa Berdean, etorkinek independentzia prozesuan izan behar duten protagonismoa azpimarratuz.
Zaratatsua
Burrunba martxa izango da urriaren 12koa: «Zarata egiteko garaia da, entzun gaitzaten, gure haserrearen berri izan dezaten». Sareko kideek herritarrei eskatu diete soinua egiten duen instrumentu edo tresnaren batekin joan daitezela martxara: «Burrunba horrekin Espainiako inposaketaren eta berak garamatzan hondamendiaren aurrean gure haserrea adierazi nahi dugu».
Independentistak sareak Martxa Berdea egingo du urriaren 12an
Bilbon izango da «burrunba martxa», Espainia «inposaketa eta hondamendiaren» adierazle dela salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu