Independentista sareak Gernikan eta Baigorrin deitutako Aberri Egunarekin bat egin du Bilduk. Aitziber Sarasola Bilduko hautagaiaren arabera, «inoiz baino batuago eta indartsuago» eman behar dira pausoak herri gisa, eta, horretarako, ezinbesteko dira indarrak biltzea eta herritarren bultzada.
Iruñean egindako prentsaurrekoan, Aitziber Sarasolarekin batera EAko idazkari nagusi Pello Urizar eta Maiorga Ramirez Nafarroako zerrendaburua eta Alternatibako Oskar Matute egon dira, besteak beste. Sarasolak nabarmendu du egungo egoera politikoa ilusioak ezaugarritzen duela, «aldaketarako aukerak errealak direlako».
Bilduren arabera, abertzaleen eta ezkertiarren arteko batasuna du oinarri bere apustu politikoak eta proiektu hori baztertu nahian ari da Espainiako Estatua. «Gure proiektua albo batera uzteko asmo argia dute», esan du Sarasolak, eta horrek, haren ustez, aditzera ematen du funtsean aukera berdintasunean proiektuak demokratikoki lehiatzeari eta euskal herritarrek libre erabaki ahal izateari diotela beldurra. «Demokraziari, herritarrek libre erabakitzeari diote beldurra», zehaztu du Sarasolak.
Horregatik, Sarasolaren arabera, testuinguru politiko berri horretan, ez dago «hitz erdika» aritzerik: «Edo euskal gatazka etengabe elikatzearen alde egiten da edo behin betiko konponbidearen alde pausoak ematen dira». Europan «estatu libre bat» demokratikoki aldarrikatzeko prest azaldu da koalizioa: «Noiz utziko diote Espainiak eta Frantziak euskal herritarrei espainiartasuna eta frantziartasuna inposatzeari?», galdetu du Sarasolak.
Haren ustez, estatuek badakite «goiz edo beranduago» joko arau demokratikoetan lehiatu beharko dutela etorkizunean independentismoarekin. Pello Urizarrek nabarmendu du behin betiko bakea eta proiektuak aukera berdintasunean lehiatzea dutela helburu, baina bide horretan lan egin ahal izateko «herri gisa» erantzun behar dela deritzo. «Zenbat eta gogorrago eraso egin, orduan eta erantzun handiagoa eman behar zaio», azaldu du Sarasolak. Horregatik, Bilduk bat egin du iganderako Independentista sareak Gernikarako eta Baigorrirako egindako deialdiarekin.
Independentistak sarearen deiarekin bat egin du Bilduk
Espainiako alderdiek «demokraziari beldur» diotela eta herri gisa erantzun behar dela arrazoitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu