Independentzia aldarrikatuko dute Ernaik eta Aitzinak Larhun gainean

Mendi martxa eginen dute bihar bi gazte antolakundeek, Frantziako besta nazionalaren egunean, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko.

jarraia184253.jpg
Berria
2020ko uztailaren 13a
12:53
Entzun

Larhun mendira igotzeko deia egin dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek bihar eguerdirako. Frantziako besta nazionala ospatzen dute uztailaren 14an, eta «jaiegun inposatu» hori hautatu dute, Larhun gainera igo eta «Euskal Herriaren eraikuntzan mugarria» jartzeko. Urruñako (Lapurdi) Oleta auzotik abiatuko dira batzuk; Berako (Nafarroa) Alzate plazatik besteak, gailurrean topo egiteko. Han, ekitaldi bat eginen dute «gazteok independentziaren bidean berresten garela» gogora ekartzeko. Osasun krisia dela eta, segurtasun neurriak betetzera deitu dituzte parte hartzaileak.

Baina osasunaz harago, ondorio politikoak ere ekarri ditu azken hilabeteetako egoerak, Ernairen eta Aitzinaren iritziz. «COVID-19aren ondoriozko itxialdiak Euskal Herria bi estaturen artean banatua dagoela errepikatu digu enegarren aldiz; burdinazko hesiz, kolore guztietako uniformez eta armez itxi zituzten mugako bideak, Hendaiatik Otsagabiara». Itxialdian zehar eta azken asteetako konfinamendu arintzean ere, «askatasun indibidual eta sozialen gibelaldi larria» nabaritu dela diote. Besteak beste, aipatu dituzte manifestatzeko debeku «ugariak», mozal legea erabiltzea eta auzo baztertuetan «errepresioaren emendatzea».

Bi gazte antolakundeek salatu dute itxialdian zehar «agintari guztien txaloak jaso zituzten» osasun langileei murrizketak aplikatzen hasi zaizkiela dagoeneko, eta haien mobilizazioetan izan diren polizia oldarraldiak ere aipatu dituzte. Ernairen eta Aitzinaren iritziz, tenorea iritsi da «leihoetako txaloaldiak karriketako mobilizazio bilakatzeko», eta nabarmendu dute «heldu den krisia» ez dutela «gazte prekarioek» ordainduko. «Behin betiko bihurtu diren behin-behineko kaleratzeak eta ohi baino are prekarizatuagoak dauden udako lanak ikusten ari gara jadanik, azken hamarkadetan ikusitako krisirik gordinena iristear dagoen bezala. Hortaz, krisian hazi garen belaunaldiko gazteok, gure gurasoak baino prekarizatuagoak garenok, krisi hau CAC-40ak eta IBEX-35ak ordaindu dezala aldarrikatzen dugu».

Independentzia «ezinbestekoa» da ezkerreko gazte abertzaleen hitzetan, «Euskal Errepublikan eraikiko baitugu berdinen arteko herria». Oroitarazi dute, 1958an eta 1978an plantan ezarritako «konstituzio zapaltzaileek» agintzen dutela Hego eta Ipar Euskal Herrian; «gure bizitzen eta gure Herriaren gainean, jakobinismoak eta faxismoak dute aginte makila». Hortaz, «bizitza eredu berri bat» aldarrikatzen dute gazteek, «politika sozialez beterikoa, ama lurrarekiko errespetuzkoa, eta parekidetasunean oinarriturikoa», baina azpimarratu dute, Parisen eta Madrilen teilatupean halakorik sortzerik ezinezkoa dela. «Bi bide egingo ditugu, bide berean eta norantza berean independentziarantz goaz; eta batera ekingo diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.