Independentziarako «argi berdea» eskatu du Independentistak sareak

«Abertzale eta independentista guztientzako» Aberri Eguna antolatuko du aurten ere

Independentistak sareko kideak, Garbiñe Bueno eta Txutxi Ariznabarreta erdian direla, atzo, Donostian eskainitako prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Koldo Aldabe.
Donostia
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Independentistak sareak tokia hartu du Euskal Herriak bizi duen «une berezi eta ilusionagarri honetan», eta «momentu historiko honen inguruan» aldarrikapen zehatza plazaratu du: «Argi berdea independentziari!». Aldarrikapena exijentzia mailakoa da, «euskal nazioak independentziarako, askatasunerako duen eskubidea errespetatzeko exijentzia», hain zuzen ere.

Atzo goizean Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu zituzten sareko kideek asteotan egin duten hausnarketa eta hartu dituzten zenbait erabaki. Txutxi Ariznabarreta —euskaraz— eta Garbiñe Bueno —gaztelaniaz— arduratu ziren gogoetaren berri emateaz.

Argi berdea independentziari! aldarriak hiru zutabe ditu, sarekideek azaldu dutenez: «Euskal Herria, euskal nazioa, aitortu eta errespetatzea, inolako ukazio eta lurralde mugarik gabe», hori da lehen oinarria; Euskal Herria nazioa izanik, «euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta errespetatzea» bigarrena; eta «joko demokratiko garbia, proiektu politiko guztiek, independentziarenak barne, baldintza berdinetan defendatu eta gauzatzeko aukera izan dezaten», baldintza edo betebehar bakar batekin: euskal herritarren gehiengoak era libre eta demokratikoan adierazitako babesa.

Independentziari argi berdea piztea «demokraziari argi berdea piztea» dela konbentzituta daude sarekideak.

Aberri Eguna

Aldarri hori izango da Independentistak sarearen hilabeteotako ekimenen goiburua, eta aldarri hori egingo du datorren Aberri Egunean. «Iazko konpromisoari eutsiz, kolore guztietako abertzale eta independentista guztiek eroso ospatuko duten Aberri Egun bateratua antolatuko dugu aurten ere», azaldu zuten.

Iazko otsailaren 27an sortu zen Independentistak sarea, Ari gara aldarrikapena plazaratu zutenean, Donostiako Miramar jauregian. Urtebete honetan munduan independentzia lortu duen nazio bat gehiago dagoela gogorarazi zuten atzo: Hego Sudan. Mende honetan hiru dira herri independente berriak: Hego Sudan, Montenegro eta Kosovo. «Eta bidean dira gehiago: Flandria, Eskozia, Groenlandia, Katalunia eta Euskal Herria»; horixe uste dute sarekideek. Urteotan, Europan bezala munduan, independentismoa garatzen joango dela eta herri independente gehiago izango direla ziur dira: «Euskaldunok ezin diogu olatu honi joaten utzi; geuk ere olatu hau hartu behar dugu», esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.