Manuel Lezertuak denbora batez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoa izateari utziko dio, osasun arazoak dituelako. Ines Ibañez de Maeztuk hartuko du kargua, Lezertua itzuli arte. Herriaren defentsarako Eusko Legebiltzarraren mandataritzak ez du xehetasun gehiago eman Lezertuaren osasun egoeraren bueltan.
Ibañez de Maeztu EAEko Arartekoaren ondokoa izan da gaur arte, eta 2021ean ezarri zuten kargu horretan. Geografia eta Historia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, eta gizarte hezitzailea ere bada. Adingabekoen gatazken bitartekaritzan ere badu formakuntza teoriko eta teknikoa. 2009 eta 2013 bitartean Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria izan zen. Manuela Carmena Madrilgo alkate ohiarekin batera, 1960 eta 1978 arteko polizia gehiegikeriaren biktimen balorazio batzordea zuzendu zuen.