2009
•Desagerpena. Jon Anzaren neska-lagunak preso ohia Baionako tren geltokira eraman zuen iazko apirilaren 18an, eta hark Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen.
•Kezka. Bost egunera hasi ziren senideak kezkatzen. Minbizia zuen Anzak, Bordeleko erietxean ordua hartua zuen apirilaren 24rako, eta ez zen agertu.
•Lehen bilatze saioak. Senideak berehala hasi ziren hurkoa bilatzen. Sorospen zerbitzuetara jo zuten lehenik, erietxeren batean ote zegoen galdezka. Ospitale askotara deitu zuten; tartean, Anzaren gorpua agertu den Tolosako ospitalera.
•Salaketa. Maiatzean familiaren abokatuek salaketa jarri zuten, Baionako auzitegian.
•ETAren oharra. Maiatzaren 21ean ETAren agiria kaleratu zuen Gara egunkariak. Anza ETAko kidea zela zioen, eta Poliziak bazekiela hori. Apirilaren 18an Okzitaniako Tolosan ETAkoekin gelditua zela, baina ez zela iritsi. «Gerra zikinarekin» lotu zuen desagertzea ETAk.
•Espainiako Polizia. Kayanakisek martxoaren 15ean jakinarazi zuen, maiatzaren 20an, Espainiako bi polizia lasterka joan zirela Tolosako hotel batetik, armak bertan utzirik. Kasuarekin loturarik ez zuela erran zuen.
•Salaketa gezurtatu nahian. ETAren salaketa «gezurra» zela esan zuten Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Ekainean, desagertzea «ETAren arazoa» zela esan zuen Rubalcabak.
•Ikerketa abiatzeko agindua. Ekainean desagertzeari buruzko ikerketa abiatzeko eskatu zuen Anne Kayanakis Baionako fiskalak. Anzaren etxea miatu zuten Ahetzen.
•Herritarrak bilaketan. Anza bilatzeko lanean hasi ziren boluntarioak, taldeka; herritarrei galdetu zieten, eta preso ohiaren argazkiak kaleetan itsatsi zituzten. Talde bat Tolosako ospitalera ere joan zen galdezka. Ia hamar hilabete geroago, han agertu zen hilotza.
•Mobilizazioak. Maiatzean bahiketaren hipotesia nagusitzearekin batera hasi ziren protestak. Ehunka mobilizazio egin ziren, Non da Jon? lelopean. Ekainean milaka lagunek salatu zuten Donostian Anza «gerra zikinaren biktima» zela, eta irailean bi mila lagunek egin zuten martxa Donibane Lohizunen. Hilero, 18. egunean, protestak egin zituzten. Presoek ere egin zituzten protestak.
2010
•Hedabideak poliziei begira. Gara-k iturri sinesgarriak aipatuta argitaratu zuen Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu zuela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion Espainiako Poliziak bahitu izanaren hipotesiari. Martxoan «bahiketaren eta Espainiako Poliziaren hutsegitearen hipotesiari» indar eman zion Liberation kazetak. Jacques Massey kazetariak ETAri buruz kaleratutako liburuan, Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuei egotzi zien «bahiketa».
•Andreu epailea. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketarako diligentziak hasi zituen otsailean, Baionako fiskalak eskatuta.
•Anzaren gorpuaren berri. Martxoaren 11n jakin zen Jon Anza hilda dela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean, osasunez gaizki; hango erietxera eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian zegoen.
•«Gerra zikina izan da». Jon Anza zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek martxoaren 13an zioten heriotza «gerra zikinaren ekintza» izan zela, eta Espainiako polizia indarrak direla hilketa eragin zutenak. «Jon bahitu, torturatu eta hil egin zuten».
•Manifestazio jendetsua Donostian. Martxoaren 14an zortzi mila lagun bildu ziren Donostian Anzaren heriotza salatzeko. Eta 18an mobilizazio ugari egin zituzten hiri eta herritan.
•Lehen autopsia. Martxoaren 15ean egin zioten Anzari lehen autopsia, Tolosan, senideen konfiantzako medikurik gabe. Frantziako Polizia Euskal Herritik joandako jendeari oldartu egin zitzaion. Baionako fiskalak esan zuenez, gorpuak ez zuen kolperik eta bala zauririk.
•Ikerketa instrukzio epaileari. Kayanakis fiskalak martxoaren 18an igorri zion Michel Valet Tolosako Epaitegiko fiskalari auziari buruzko dosierra, eta auzitegi horren esku geratu zen ikerketa. Valetek instrukzio epaile bati eman zion gaia, eta, horrek ikerketa abiatzean, Anzaren sendiak informazioa jasotzeko aukera zuen, parte zibil gisa.
•Anza iritsi zen apirilaren 18an Tolosara. Baionako fiskalak ziurtatu zuen Anza iritsi zela Tolosara iazko apirilaren 18an, preso ohiak aurreikusia zuen bezala. Kayanakisek emandako beste datu baten arabera, euskal militantea Baionako tren geltokitik arropa batzuekin atera zen eta apirilaren 29an aurkitu zutenean beste batzuekin zegoen. Ikerketa sekretupean zegoela gogoratu zuen prokuradoreak.
•Espainiak informazioa eman zion Frantziari. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionalak Jon Anzari buruzko informazioa bidali zion martxoaren 23an Frantziako Fiskaltzari. Auzitegi hartako iturrien arabera, euskal militanteak egindako telefono deien eta bankuko mugimenduen berri eman zion.
•Manifestazioa. Apirilaren 17an bost mila lagun bildu ziren Donibane Lohizunen. Desagerpena argitzeko eskatu zuten.
•Froga berriak hilotzari. Apirilaren 21ean froga berriak egin zizkioten gorpuari, sendiak eskatu ostean. Tolosan egin zituzten analisiak, Frantziako Justiziak aginduta. Ez zuten onartu konfiantzazko sendagileak beste autopsia bat egitea.
•Fiskalaren jarduna ikertzeko eskatu zuten. Abokatuek, Askatasunak eta Frantziako Giza eskubideen Ligak agerraldia egin zuten uztailaren 1ean Parisen, eta Michelle Alliot Marie Frantziako Justizia ministroari eskatu zioten iker zezala Anne Kayanakis Baionako prokuradorearen jarduna.
•Gorpua Euskal Herrira. 2010eko uztailaren 23an ekarri zuten Jon Anzaren gorpua Euskal Herrira, Tolosatik (Okzitania). Harrera egin zioten Ziburuko gorputegian. Hurrengo egunean ezker abertzaleak omenaldia egin zion. Uztailaren 26an lurperatu zuten Lapurdin —ez zuten jakinarazi lekua—, familia eta hurbilekoen artean.
2012
•Eskaerak bete gabe. 2012ko martxoaren 26an, Anza familiak jakin zuen Tolosako epaileak bere bi eskaera garrantzitsuenak ezeztatu zituela: Tolosako prokuradorea galdekatzea eta familiari Anzaren mediku txostena komunikatzea.
•Parlamentuari eskaera. Inkesta parlamentarioa zabaltzeko eskatu zuen Jon Anza kolektiboak apirilaren 18an.
Informazio zehatzik ez hiru urtean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu