Biktimak

Informazioa eskatu dute, “desagertuei” buruz

Iaz, Perturren kasuarekin egin bezala, 1973ko martxoaren 24an Euskal Herrian desagertu ziren Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga Galiziako gazteei buruz txosten bat kaleratu du Jaurlaritzako Bizikidetza Idazkaritzak. Kasuok argitzeko, laguntza eskatu du.

Jon Mirena Landa, Jonan Fernandez eta Bertha Gaztelumendi, txostenaren aurkezpenean. IREKIA
jokin sagarzazu
2018ko martxoaren 24a
20:27
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza Idazkaritzak eskatuta, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendari Jon Mirena Landak eta Bertha Gaztelumendi ikerlariak aurketu dute txostena. Eta kasuaren azterketa kronologikotik ateratako ondorioetako batzuk izan dira Frantzian zein Espainian egindako ikerketak “oso eskasak” izan direla, “interesik ez” dela egon gertatutakoa argitzeko, eta ez dela “kontraste” lanik egin kazetarien informazioen eta jardun judizialen artean.

Ikerlari horien arabera, gehien zabaldu den bertsioa ez da oso fidagarria, “gertakarien ikuspuntu aldaketak direla-eta”. Horren arabera, Galiziako hiru gazteak Miarritzera (Lapurdi) joan ziren 1973ko martxoaren 24ko arratsaldean, eta euskal errefuxiatu batzuek polizia espainiarrak zirela pentsatu zuten: auto batean sartu, hil eta desagerrarazi egin zituzten.

Bertsio horretan oinarrituta, ondorengo 40 urteetan, bi ikerketa judizial ireki zituzten: 1974an Donostiako Epaitegi batek, eta 2005ean Espainiako Auzitegi Nazionalak; itxi egin zituzten biak. Frantziako Estatuaren jarrerarekin ere harrituta agertu dira ikerlariak.

Aurkezpenean, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkariak adierazi du txostena dela desagertuen familiei “errekonozimendu instituzionala” agertzeko modu bat, eta ekarpen bat dela “gertatutakoaren memoria kritiko eta partekatu bat lortzeko”.

“Ezin diogu uko egin hiru familia horiek egia jakiteko duten eskubideari, zer gertatu zen jakiteko duten eskubideari. 45 urte joan dira. Familia horiek lasaitasun pixka bat lortzeko eta egiara hurbiltzeko modu bakarra hiru senideekin zer gertatu zen eta non dauden jakitea da. Eta hori lortzeko modu bat informazioren bat duenak jakinaraztea da”

Hala, gertatu zenari buruzko datu edo informazioren bat duenari hori jakinarazteko eskatu diote, eta zeregin horretarako, besteak beste, helbide elektroniko hau aktibatu dute: [email protected]

Pertur eta Naparra

Iazko maiatzean, lantalde berak eta helburu berarekin, txosten bat aurkeztu zuen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko militantearen desagertzearen (1976 urtean) inguruan. Giza eskubideak. Kasuen txosten monografikoak eta ikerketa saileko lehen lana da Perturri buruzkoa. Urtero halako lan monografiko bat egiteko asmoa dute, eta hurrengoa izango da Jose Miguel Etxeberria Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kidearen ingurukoa (1980ean desagertu zen).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.