Haur lapurtuak

Informazioa lortzeko zailtasunak daudela aitortu dute hilerrietako eta erregistro zibiletako arduradunek

Haur lapurtuen eta adopzio irregularren auzia ikertzeko Eusko Legebiltzarraren batzordean hitz egin dute Bilboko, Donostiako eta Gasteizko erregistro zibiletako eta hilerrietako arduradunek. Datu asko falta direla azaldu dute.

2012ko uztailaren 18a
18:55
Entzun

Gasteizko, Donostiako eta Bilboko hilerrietan 570 pertsonek informazioa eskatu dute 1940tik 1990era arte lapurtutako haurren auzia dela eta. Eskari gehien jaso duen hilerria Donostiakoa izan da: 332. Bilbokoak 186 jaso ditu, eta Gasteizko hilerrietan 50 eskari inguru jaso direla jakinarazi dute. Ordea, hilerrien funtzionamendua dela eta, kasu gehienetan ikerketan aurrera egiteko informazio baliagarria ematerik ez dutela izan nabarmendu dute hilerri horietako arduradunek. Erregistro zibiletan ere urte askotako datuak falta dira.

Hilerrietan bi eremu daudela azaldu dute arduradunek: denbora tarte zehatz batez jabea duten panteoiak batetik, eta lur eremu publikoa bestetik. Eremu publiko horretan egiten diren lurperatzeen kokapena ondo zehaztuta egon arren, hilerria lekurik gabe geratzen denean hezurrak hobitik atera eta hezurtokian biltzen dira. Legez, gutxienez bost urte egon behar dute lurperatuta, orduan galtzen baitute gorpu izaera. Ordea, ehorzketa gehiago egiteko lekua behar denean baino ez dute hori egiten hilerriek.

Eusko Legebiltzarrean haur lapurtuen eta adopzio irregularren auzia aztertzen ari den batzordean hitz egin dute, gaur goizean, hiru hiriburuetako hilerrietako arduradunek. Baita erregistro zibiletako arduradunek ere. Gasteizko eta Bilboko erregistro zibiletako arduradunek jakinarazi dute eskatu dieten informazioa eman dutela. Dena den, azaldu dute informazioa eskatzen duten pertsona batzuk atsekabetuta geratzen direla jasotzen dutenarekin, erregistroan dagoena ez delako espero zutena.

Araudietan egon diren aldaketak gogorarazi dituzte. Hiltzen ziren jaioberrien eta jaio eta berehala adopzioan ematen zituztenen kasuan informazio ezberdina eskatzen zela azaldu dute. Hildakoen kasuan amaren izena eta abizena agertzen zen beti. Ordea, umea ematen zenean amak ez zuen zertan izena jarri. «Garai batean, desohoretzat jotzen zuena ezkutatzeko eskubidea zuen amak», azaldu dute.

Erregistro zibiletako artxiboetan hutsune batzuk daudela aitortu dute; Gasteizkoan 1955, 1956, 1963 eta 1967 urteetako datuak falta direla eta beste batzuk oso egoera txarrean daudela jakinarazi du Maria Estela San Miguel Gasteizko Erregistro Zibileko arduradunak. Dauden erregistroetan ez dutela «irregulartasunik» antzeman nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.