INGURUMENA. AZTARNA EKOLOGIKOA. Oreka ekologikotik urruti daude Hego Euskal Herriko hiriburuak

Kontsumo mailari eusteko ia ehun aldiz handiagoak izan behar lukete Hegoaldeko hiriburuek, txosten baten arabera

inaki petxarroman
Donostia
2009ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Egun herritarrek duten kontsumo mailari eusteko eta munduaren oreka ekologikoa ez zapuzteko, ia ehun aldiz handiagoak izan beharko lukete Hego Euskal Herriko hiriburuek. Espainiako Ingurumen Ministerioak Hiri iraunkortasunaren ingurukoadierazleak txostenean kaleratu dituen datuen arabera, kontsumitzen dituzten baliabideen arabera, 100,88 aldiz handiagoa izan beharko luke Bilbok; 90 aldiz handiagoa Iruñeak eta 80 aldiz handiagoa Donostiak.

Gasteizek 20 aldiz handiagoa izan beharko luke. Baina, hala eta guztiz ere, herrialde horretan azken 30 urtean izan den hirigintza handitzearentamainaren berri ematen du txostenak. Izan ere, 1990etik 2007ra %32,75 handitu du hirigunea Gasteizek. Beste hitz batzuetan esateko, izugarri handitu du landa lur izatetik lur artifizial izatera igaro den lurraldea.

Donostiak eta Iruñeak ere asko handitu dute artifizialdutako lur kopurua azken urteetan. Iruñea Gasteizen pare edo urrutiago joan da, horri dagokionez. %31,30 handitu du hirigunea Iruñeak 1987tik 2000ra, eta %2,71 2001etik 2007ra. Donostiaren hazkundea apalagoa izan da: 1987tik 2000ra, %9koa; eta %0,36koa 2004tik 2006ra. Bilbok eusten dio duela 30 urteko kopuruei gaur egun, %0,4 handiagoa baita 1987an baino.

Hain zuzen ere, Espainiako Ingurumen Ministerioaren txostenak adierazten du lehendik ere beste iturri batzuetatik jakina zena: alegia, gaur egun Euskal Herrian dagoen garapen eredua ez dela orekatua eta iraunkorra. Hala, Gasteizek 4,30eko aztarna ekologikoa du, Donostiak 5,49koa, Iruñeak 5,68koa eta Bilbok 6,27koa. Munduko herritar bakoitzak 1,8 hektarea erabili ahal izango lituzke, munduaren oreka ekologikoari eutsi ahal izateko. Hortik pasatzen bada, defizit ekologikoa sortzen da.

Probintzien arabera ere oreka ekologikotik urruti daude Hegoaldeko herrialdeak, txostenaren arabera. Arabaren hedadura 4,45 handiagoa izan beharko luke, Bizkaiarena 30, Gipuzkoarena 25eta Nafarroarena 3,75.

Ondorio «latzak»

Txostenaren ondorioei erreparatuz,Iñaki Harto Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiako irakasle eta aztarna ekologikoaren gaian adituak adierazi duenez, «kontziente izan behar dugu kanpoko baliabideen menpe gaudela, eta hori egoera orokorra dela garatutako hirietan. Beste herrialde eta herritar batzuei dagozkien baliabideak jasotzen eta xahutzen ari gara, eta, gainera, ingurumean kaltea eragiteaz gain, egoera larria uzten ari gara hurrengo belaunaldientzat».

Egoeraren larritasuna honela laburbildu du Hartok: «Planetak jasandezakeenaren gainetik gaude jadanik, eta horrek esan nahi du hondatzen ari garela». Egoera kezkagarria dela gogoratu du: «1980ko urteetan asko kontsumitzen genuen, baina, artean, planetak jasan zezakeenaren azpiko kopuruetanginen. Gaur egun, ez. Beharko genuke planeta bat eta beste baten herena. Alegia, lurrak heren bat handiagoa izan beharko luke jadanik, munduan dagoen kontsumo mailari eutsi ahal izateko».

Jakina, lurra horren ondorioak nozitzen ari da dagoeneko. Maiz aipatzen diren klima aldaketaren eta izotz geruzen desagertzearen arazoak ez ezik, Euskal Herritik gertuago ikus daitezkeen beste batzuk ere aipatu ditu Hartok: «Kantauri itsasoaren egoera paradigmatikoa iruditzen zait. Gure arrantza moduaren bidez, itsasoak eta espezieek duten irauteko ahalmena gainditu dugu. Itsasoaren iturria agortu dugu, eta haren baliabideak eskastu dira». Antxoa, bixigua, txitxarroa eta beste arrain mota askoren kasua ekarri du gogora EHUko irakasleak.

Beste kasu bat energia eredua da, Hartoren aburuz. «Agortzen ari gara munduaren energia iturriak, eta horrek neurtezinezko egoera sor dezake mundu osoan. Egoera hori gainean dugu jadanik».

Euskal Herrian neurririk gabe kontsumitzen dira natur baliabideak: ura, energia, lurra... Hondakinak sortu ere, behar litzatekeenaren oso gainetik: 1,5 kilo sortzen du egunero biztanle batek, eta horietatik oso gutxi birziklatzen dira. Esate baterako, Gasteizek 241,4 tona zabor sortzen du egunean, Ingurumen Ministerioaren arabera. Bakarrik %40birziklatzen da. Eta hori da, gainera, Hegoaldeko hiriburuetan dagoen birziklatze tasarik altuena. Bilbok 446 tona zabor sortzen du, eta %30 birziklatzen.

Nola heldu gara egoera honetara? Nola irten daiteke? Herritarrek eta arduradun politikoek badute zereginik, Iñaki Hartoren aburuz. «Herritarrek egin ditzakete zenbait gauza. Erabaki dezakete argia noiz piztu, eta noiz ez. Baina ezin dezakete erabaki argindarra nola sortuko den. Herritarrak erabaki dezake autoa ez erabiltzea lanera joateko, baina autobusa edo trena behar du alternatiba gisa».

Ildo horretan, azken urteotan indarrean dauden politiken ardura nabarmendu du Hartok: «Krisian gaude, eta politikariek diote auto gehiago erosi behar direla, errepide gehiago egin behar dela; eta, aldi berean, herritarrari esaten diote garraio publikoa erabiltzeko. Egoera eskizofrenikoak sortzen dituzte».

Gauza bera gertatzen da hiri hondakinenkasuan, Hartoren ustez. Herritarrei gehiago birziklatzea komeni dela esan arren, errauste planten aldeko apustua egiten ari dira, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako.

Aldaketak, errotik

Datuak ez dira hobetzen, eta horrek kezkatzen du Harto: «Duela zortzi urte Ekologistak Martxan taldeak eskatuta egin nuen txostenean ageri ziren datu berak dira, ia, Espainiako Gobernuak orain eman dituenak. Izan ere, kontsumo eredu eroa dugu, lur ugari okupatzen eta izugarri kutsatzenduen garraio eredua, eta dena horrela...». Ondorioz, eredua errotik aldatu beste biderik ez du ikusten EHUko irakasleak. «Burua aldatu behar dugu: zoriontasuna ez dator kontsumitzeko dugun ahalmenetik. Gizakiak ezin du natura menderatu, harekin orekan bizi behar du, haren baitan. Errotik aldatu behar dugu kontsumo eredua, eta ez du balio adabakiak jartzeak. Gainera, ez dugu pentsatu behar inoiz ez gaituela eragingo egoerak. Ni, behintzat, ez nintzateke hain ziur egongo».



AEBek dute munduko aztarna ekologiko handiena

Munduan aztarna ekologikorik handiena duten herrialdeak AEBak, Arabiar Emirerri Batuak, Australia, Kanada eta Europako Batasuneko herrialdeak dira. AEBek eta Arabiar Emirerri Batuek ia 10eko aztarna ekologikoa dute pertsona bakoitzeko. India eta Txina dira, berriz, hazkunde handiena izaten ari diren herrialdeak.



3,16

Hego Euskal Herriaren defizit ekologikoa. Alegia, egungo bizi-mailari eusteko, 3,16 handiagoa izan beharko luke Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroak osatutako lurraldearen hedadurak. Munduaren egungo defizit ekologiko orokorra 3,5ekoa da.



Aztarna ekologikoa

Bizi-maila jakin bat duen populazio jakin batek erabiltzen dituen baliabideak ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak asimilatzeko behar denlur emankorraren eremua. Gaur egun, sarri askotan erabiltzen den kontzeptua da aztarna ekologikoarena, gizarte baten garapen bidea iraunkorra den ala ez neurtzeko.



Klima aldaketari aurre egiteko bulegoa zabaldu dute

Bilboko Ingurumen zinegotzi Julia Madrazok klima aldaketari aurre egingo dion bulegoa aurkeztu du aste honetan. Bulegoa hiriak klima aldaketari aurre egiteko duen plana betetzeaz eta koordinatzeaz arduratuko da, 2013. urtera bitartean. Hegoaldean halako bulego bat zabaltzen duen lehen hiria da Bilbo.



Biogaitasuna

Garapen iraunkorrari eusteko gizarte batek eta herritar talde batek erabil edo kutsa dezakeen lur eremua. Munduan biztanle bakoitzeko dagoen biogaitasuna 1,8 hektareakoa da. Aztarna ekologikoarekin eta defizit ekologikoarekin lotuta erabiltzen den kontzeptua da. Nafarroan 4,37koa da biogaitasuna, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa 1,20koa.



Defizit ekologikoa

Aztarna ekologikoa eremu baten biogaitasuna baino handiagoa denean sortzen den egoerari deitzen zaio defizit ekologikoa. 1,8 baino handiagoa baldin bada aztarna ekologikoa, defizit ekologikoa sortzen da. 1,8ra artekoa bada aztarna ekologikoa, gizarte baten garapena iraunkorra dela ondorioztatzen dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.