INGURUMENA. ENERGIA EOLIKOA. Ingurumen azterketaren zain

Egitasmo guztien ingurumen azterketa bateratua heldu den ekainean bukatuko du Jaurlaritzak

Jon Rejado.
2009ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke eolikoen egitasmoen etorkizuna ez da argituko datozen hilabeteetan. Azken asteetan egitasmoen inguruko informazio publikoa argitaratu du jarduneko Eusko Jaurlaritzak aldizkari ofizialetan -administrazio baimenaren eskaera espedientea eta ingurumen eraginaren deklarazioa-, nahi duenak alegazioak egin ditzan. Horrek ez du esan nahi egitasmoa laster egingo denik, jarduneko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Energia sailburuorde Jose Ignacio Zudairek BERRIAri azaldu dionez. Egiten ari diren azterketen emaitzak urte bukaeran hel daitezke.

Jaurlaritza berria osatzear dagoela egitasmoak aldizkari ofizialetan argitaratzea susmagarritzat jo dute ekologistek eta egitasmoen kontra dauden erakundeek.Egitasmoak bideratuta utzi nahi izatea leporatu diote jarduneko gobernuari. Hori ez dela egia esan du Zudairek, eta ematen ari diren pausoak administrazioaren prozesuaren barrukoak direla. Are gehiago, Eusko Jaurlaritza parke guztien ingurumen eraginaren azterketa bateratua egiten ari dela jakinarazi du.

Hiru aldundiek Haize Energiaren Lurraldeko Sektore Planak aurreikusten dituen egitasmoen azterketa bateratua eskatu zuten. Hala, egitasmoen ingurumen eraginaren azterketan parkeak barkaka egiten dira, planaren arabera, baina zentral eolikoek elkarren artean eragin dezakete, eta kaltea larriagotu; kasu horietan bat gehi bat ez du zertan bi izan, Arabako Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez.

Jaurlaritza azterketa bateratua egiten ari da, eta emaitzak ekainerako izango ditu. Emaitzei gehituko zaizkie aldizkari ofizialetan argitaratu diren egitasmoei aurkeztu zaizkien alegazioak, eta horretan oinarrituko da Ingurumen Saila azken erabakia hartzeko. Orduan ikusiko da aurrera egiten duten parke guztiek, gutxi batzuek edo bakar batek ere ez.

Ekologisten mesfidantza

Ekologistek eta parke eolikoen egitasmoen kontra dauden erakunde batzuek, Arabako Aldundiak kasu, Jaurlaritzak eman dituen pauso horien berri ez dutela jakinarazi dute. Are gehiago, legea alor horretan oso argia dela azaldu du Izate elkarteko ordezkari batek. Informazio publikoa argitaratzean egitasmoa itxita dagoela esan du, eta behin horrek aurrera egiten duenean aldaketa txikiak baino ezin direla egin.

Halaber, salatu dute Haize Energiaren Lurraldeko Sektore Planaren berrazterketaren inguruan informazio gutxi jaso dutela. Eusko Legebiltzarrak 2008ko martxoan plana sei hilabetean berraztertzeko agindu zion Jaurlaritzari, baina hori egiteko epea bukatu den arren emaitzen berri gutxi izan dutela esan dute.

Jaurlaritzak berrazterketa egin duela argitu du, ordea, betiere Legebiltzarrak emandako epeek ahalbidetu dutenaren arabera. Lurraldeko Sektore Plana egiteko, bost urte behar izan ziren, eta berraztertzeko denbora hori beharko litzatekeela dio Zudairek. Berrazterketa egiteko,legeria hartu eta 2002ko Haize Energiaren Planaren egitasmoek legeren bat urratzen duten aztertu dute. Hori egin ostean, hegaztiei kalterik ez egiteko, Alda-Arlaba eta Arkamuko egitasmoak aldatu dituzte. Arkamukoa 0,7 kilometro laburtu dute -7,1 kilometrotan geratu da- eta Alda-Arlabakoa 0,5 kilometro -4,3 kilometrokoa da-.

Natura 2000 Sarearen barruan daude parke eoliko batzuk. Sare horrek interes bereziko guneak babesteko helburua du, baita arriskuan dauden hegaztien inguruak zaintzea ere. Zudairek adierazi du posible dela bertan haize erroten parkea jartzea baldin eta errotek Natura 2000 Sareak babesten duen horri kalte egiten ez badiote. Egitasmoen kontra daudenek hori onartezina dela deritzote, eta sare horrek babesten duen gunea errespetatu behar dela deritzote. Hala, errotek kalte egin ahal diete hegaztiei -hesi efektua...- eta errotak jartzeko lanek inguruari kalte egiten diote.

Lurraldeko Sektore Planaren barruan haize parkeak beste toki batean kokatzeko aukera aztertu dutela jakinarazi du Zudairek, azken urteetan egon diren teknologiaren aurrerapenak erabilita. Kokaleku horiek, ordea, ez direla bideragarriak esan du. Potentzia gehiagoko errotak egiten dira, eta errota gutxiago behar dira potentzia bera lortzeko; errotak mugitzeko behar den haizearen abiadura ez da aldatu, ordea. Haizeak lau eta sei metro segundoko abiadura izan behar du gutxienez, eta hori egungo kokalekuetan gertatzen da, Eusko Jaurlaritzaren ustez.

Haize parkeak jartzeko kokaleku berrien inguruan txosten bat lantzen ari da Arabako Aldundia, eta laster aurkeztuko dute.

Denbora gutxi barru gertatuko den gobernu aldaketak bidea hasi duten hamabost egitasmoetan ez du eraginik izan behar, Zudaireren iritziz. Patxi Lopez babestuko duen alderdia (PP) energia eolikoaren planaren aurka agertu da Arabako Biltzar Nagusietan.



70%

Euskal Autonomia Erkidegoak kontsumitzen duen energiaren %70 sortzen du. Bizkaiak kontsumitzen duen energiaren %118 ekoizten du -ziklo konbinatuko zentral termikoei esker-, eta Arabak eta Gipuzkoak, %28. EAE energia arloan buruaskia izatea da Jaurlaritzaren asmoa.



Nafarroako parke eolikoak, berritze bidean

Ez dute haize parke gehiagorik egingo Nafarroan, baina, energia hori indartzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak egun dauden parkeak berritzeko plana abian du. Lehen parkeak duela hamasei urte jarri zituztela kontuan izanda, haize errota zaharrak aldatuz gero, energia gehiago sor dezakete.



Zer dira parke eoliko txikiak?

Parkeek, EAEko Haize Energiaren Lurraldeko Sektore Planaren barruan egoteko, hiru ezaugarri bete behar dituzte. Zortzi haize errota baino gehiago izatea, 10 Mwko potentzia baino handiagoa izatea eta energia sare nagusira isurtzea. Baldintza horietako bat betetzen ez duen parkea parke txikitzat hartzen du plan horrek.



624

Jaurlaritzak, 2010. urterako duen energia egitasmoaren barruan, 624 Mw argindar sortu nahi du haize energiaren bitartez. Egun 153,4 Mw daude instalatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mendietan, etadauden egitasmoak onartuta ere ez dute denbora izango bukatzeko.



Trebiñuko egitasmoekgeldirik jarraitzen dute

Burgosko Batzarrak aurreikusita dauka Trebiñuko Konderrian (Araba) haize errotak ezartzea. Duela hainbat urte haizearen neurketa egin zuten hango toki batzuetan -Busto mendi inguruan, besteak beste- eta aproposa izan zitekeela ondorioztatu zuten. Egitasmoak ez dituzte garatu oraindik.



Ipar Euskal Herrian ez dute parke eolikorik eginen

Ingurumenaren Mintegiaren harira, parke eolikoak hedatzea deliberatu zuen Frantziak. Ipar Euskal Herrian ez direla eginen jakinarazi zuen Stephane Devisse WWF talde ekologistako kideak. Errentagarriak izateko, haize ufada egonkorrak behar dira, eta Iparraldean apalegiak edo bortitzegiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.