INGURUMENA. ENERGIA EOLIKOA. Plan eolikoa geratzeko eskatu du Legebiltzarrak

Aho batez eskatu du egitasmoak gelditzeko Energia Eolikoaren Planaz erakundeen artean eta gizartean adostasuna egon arte

Jon Rejado. Gasteiz - Iñaki Petxarroman. Donostia
2009ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden parke eolikoen egitasmoen inguruko eztabaidak norabide berria hartu du. Osagarri berria du, atzoz geroztik. Orain abian dauden parke eoliko guztien izapide administratiboak behin-behinean gelditzeko eskatu dio, aho batez, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Mota guztietako parke eolikoetara zabaldu du eskaera Eusko Legebiltzarrak, bai Energia Eolikoaren Lurralde Sektore Planean aurreikusitako parkeetara, eta bai Planak arautzen ez zituen parke eoliko txikietara ere.

Erakundeen artean eta gizarte osoan adostasuna bilatzeko eskatu dio Jaurlaritzari egitasmoak geldirik dauden epean, eta ingurumena kontuan hartzeko eskatu du. Egun abian dauden egitasmoetan eragin dezaketen legeak onartu dituzte Lurralde Sektore Plana indarrean dagoen urtetik, 2002tik; alegia, aldatu egin daiteke egitasmoetan egiten den balorazioa ingurumenaren gaineko eraginaz. Irailera arteko epea du Jaurlaritzak akordio horiek egin ahal izateko dagoen testuingurua aztertu, eta Legebiltzarrean horren berri emateko.

Iragan legegintzaldian, lege berriek Haize Energiaren Planean zuten eragina jakiteko, planak berrikusteko eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. IKT enpresak egin zuen ikerlan hori, eta egindako txostena Legebiltzarreko batzordeetan aurkezteko eskatu dute legebiltzar talde guztiek. Energia Eolikoaren Plana aztertzeko ardura hartu zuen Instituzio Arteko Lan-Taldearen agerraldia ere eskatu du, txostenaren ondorioen berri eman dezan. Agerraldi hori hilabete hau bukatu aurretik izan beharko litzatekeela gehitu dute.

Gobernuak, «borondate ona»

Aralar legebiltzar taldeak Haize Energiaren Lurralde Sektore Plana dela-eta aurkeztutako legez besteko proposamenaren harira, erdibideko zuzenketa baten bidez lortu zuten adostasuna legebiltzar talde guztiek. Legez besteko proposamenak lotesleak ez diren arren, talde guztiek aho batez onartu ostean garrantzia bereganatu du.

Gobernua aldatu zenetik, Eusko Jaurlaritzak ez du parke eolikoen inguruko adierazpenik egin. Dena den, Oscar Rodriguez Vaz PSE-EEko legebiltzarkideak aurreratu du Jaurlaritzak legebiltzar taldeek adostutako erabakia «bere gain hartzeko ausardia» izango duela. «Akordioa gauzatzeko jarrera ona erakutsi du Eusko Jaurlaritzak».

Zanpazuko, Gazumeko, Arkamuko, Jesuriko, Canto Blancoko eta Jatako parke eolikoen egitasmoen inguruko informazio publikoa argitaratu da urte honetan Euskal Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Abian diren egitasmoak gehiago dira, baina Eusko Jaurlaritzaren erabaki batek horietan izango luke eragin gehien, izapide administratiboak aurreratuagoak baitituzte.

2002an onartutako Haize Energiaren Planaren inguruan ados jartzeko pausoak eskatzeaz gain, etorkizunera begira egingo diren energia planetan kontuan hartu beharreko puntuak zehaztu ditu Eusko Legebiltzarrak. Urtea bukatu aurretik Energia Eolikoaren Bigarren Plana egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta plan horretan «maila guztietako» araudiak aintzat hartzeko eskatu dio.

Erdibideko zuzenketa onartzeko adostasuna azpimarratzeaz gain, ingurumen arloko araudia bereziki azpimarratu dute legebiltzar talde guztiek, «Euskal Autonomia Erkidegoko natura eta paisai ondarea babesteko». Legez besteko proposamenean Natura 2000 Sarea aipatzen ez den arren, bioaniztasuna gordetzeko helburua duen sare horri lehentasuna eman diote legebiltzar talde guztietako ordezkariek. «Ez da bakarrik legedia aintzat hartu behar, baizik eta Natura 2000 Sareko guneei kalte egin diezaiekeen egitasmoen balorazio berezia», zehaztu du Daniel Maestro Aralarreko legebiltzarkideak.



32

Parke eolikoak Nafarroan. Euskal Herrian energia eolikoa gehien garatu duen herrialdea Nafarroa da. Gaur egun, 32 parke eoliko daude martxan, batik baterdialdeko mendietan daude. EHN Nafarroako Energia Hidroelektrikoa enpresak kudeatzen ditu parke eolikoak.



Batzar Nagusiek ere plana baztertzeko eskatu dute

Atzo Eusko Legebiltzarrak eskatu bezala, Bizkaiko eta Arabako batzar nagusiek ere eskatua diote Eusko Jaurlaritzari bertan behera utz dezala Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala. Gipuzkoako Batzar Nagusiek herrialdean dagoen egitasmoa -Gazumeko parke eolikoa- baztertzeko eskatu zuten.



15

Egitasmo eolikoak. Legebiltzarrak eskatutakoa beteko balitz, 15 parke eoliko geratuko lirateke bertan behera. Dagoeneko bi parke eoliko eginda daude Bizkaian (Oizen eta Bilboko portuan), bat Araban (Badaia) eta beste bat Araba eta Gipuzkoa arteko mugan, Elgea-Urkillan.



Energia Berriztagarrien Arabako Plana, bukatzear

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Energia Berriztagarrien Arabako Plana bukatzear du, eta datozen asteetan aurkeztuko du, ezustekorik ezean. Plan horretan energia berriztagarri bakoitza -ez soilik haize energia- garatzeko bideak argitzen ditu Aldundiak, eta ukitu ezin diren guneak zehaztu.



Parkeek hegaztietan duten eragina aztergai

Ikertzaile Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) azterketa bat egin du jakiteko nolako eragina duten parke eolikoek hegaztietan. Eta ondorioa argia da: hegaztientzako hesi hilkorra dira parke eolikoak. Izan ere, argitaratu duten liburu baten arabera, sarritan egiten dute hegaztiek talka haize erroten aurka, eta hil egiten dira. AEBetako eta Europako ikerlariek egin dute azterketa, besteak beste, Nafarroako parke eolikoetan. Euskal Herrian, parkeek sai arrearentzat dakarten arriskuaz ohartarazi dute ikertzaileek. Gurelur taldea aspalditik esaten ari zaie administrazioei Nafarroan dauden parke eoliko ugariek sarraskiak eragin dituztela hegaztien artean.



Koldo Ortiz de Ginea.Mendiak Lau Haizetara elkarteko kidea

«Herri mugimenduari esker hartu dute erabakia»

I. Petxarroman. Donostia

Oso garrantzitsutzat jo du Koldo Ortiz de Gineak Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia. Behingoz, politikariek herritarrei entzun dietela, eta haien eskaria aintzat hartu dutela irizten dio.

Nola baloratzen duzu Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia?

Oso positiboa da gure balorazioa. Erabat babesten dugu onartu duten testua, eta oso ondo hartzen dugu egin dutena. Uste dugu jendearen nahia jaso dutela, eta pozik gaude, zeren ikusten dugu herritarren lanak eta gure ekimenak zerbaitetarako balio izan duela, alegia, gure proposamenak onartu dituztela. Eta hori da parlamentuek egin behar dutena, hain zuzen ere, herritarren nahia babestu.

Besteak beste, denekaipatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako naturguneak babesteko beharra. Hori, neurri batean, berria da, zeren beste proiektu batzuetan ez da horrelakorik esaten.

Hala da, baina uste dut horrelako erabaki bat hartu baldin badute izan dela herri mugimenduari esker. Jendearen iritzia aldatu dugu, eta lehen ondo ikusten zutena orain ez dute ikusten. Politikariak horretaz konturatu dira, eta iritzia aldatu dute.

Energia elektrikoaren kontsumoa oso handia da gizartean, eta iturri berriztagarriak bultzatzea egokitzat jotzen du mugimendu ekologistak. Nondik lortu behar da, ordea?

Gu energia eolikoaren alde gaude, eta ez bakarrik eolikoaren alde, baita beste energia berriztagarrien alde ere. Energia plan orokor bat egin beharko litzateke, eta hor kokatu arazoa bere osotasunean, energia eolikoa barne.

Baina mendiak eta naturguneak babestuz nahi duzue energia eolikoa garatzea, ezta?

Bai, mendiak libre egon behar dute. Mendiak gure nortasunaren parte dira, eta horrez gain, ukitu gabe geratu diren gune bakanak dira gurean. Hori ikusita, uste dut ezin dugula bioaniztasun gehiago galdu. Horregatik,mendiak edozer planetik baztertuta utzi behar direla esan dugu hasieratik.

Eta non ipini beharko lirateke haize errotak?

Uste dugu nahiko teknologia badagoela gaur egun, eta posible dela beste toki batzuk aurkitzea, industrialdeetan, haranetan, gizakiak jadanik guztiz eraldatutako tokietan. Uste dut hortik aurrera hortik joango direla. Eta espero dezagun mendiak betirako salbu geratzea.

Uste duzue erabakia gauzatuko dela, alegia, plan eolikoa bertan behera geratuko dela betirako?

Guk badaezpada ere adi jarraituko dugu aurrerantzean ere. Mendi martxa bat egingo dugu Arkamutik hilaren 27an, nolabait gaur hartutako erabakia ospatzeko, baina, aldi berean, azalduko dugu gure determinazioa lanean jarraitzeko eta zaintzeko erabakia benetan gauzatzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.