Hondakin kopuru hori hartzeko, birziklatze sistema osatu beharko du, eta lurperatze eremuak egokitu. Senperealdeko hondakinak kudeatzen dituen Bizi Garbia sindikatuak arazoaren parte bat konpon dezake, Zaluaga Bi hondakindegiko egiturari esker. Baina bertan 25.000 tona lurperatuko ditu gehienik, eta gaineratekoa bertze egitura batzuetan lurperatu beharko da. Urruñako Bittoli hondakindegiak itxia behar zuen 2006-2007an. Baina horren ondoan dagoen eremua baliatzea aztertzen ari da Bil ta Garbi.
Bil ta Garbik hondakinen balorazioa eta azken hondakinen lurperatzea hobestea deliberatu zuen 2006an, errauste planten xedea baztertuz. Ondoren, kudeatzen duen eremua bi zatitan banatzea deliberatu zuen, alde batetik Lapurdi eta bertze aldetik Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Azken horri dagokionez, garraio zentroa eta azken hondakinak lurperatzeko zabortegia Sarrikotapean (Zuberoa) deliberatu zuen. Hondakindegiaren aurka dagoen taldeak irabazi zituen azken udal hauteskundeak. Laurent Etxeberri auzapezak zin egin zuen egitura hori ez zela eginen. «Ororen buru, arazoa ez bada konpontzen, prefetak deliberatu beharko du hondakindegia egiten denez», azaldu du Dominique Carrere Bil ta Garbiko teknikariak. Gehienez bertan 25.000 tona lurperatuko dituztela berretsi du. Aldiz, birzikla daitezkeen plastikoak Baionan eginen den zabortegira eramanen dituzte, bereiztera.
Bil ta Garbik ukan duen buruko minik handienetarikoa Lapurdin hondakinak lurperatzeko eremu bat atzematea izan da. Sarrikotapeko xedea iragarri zelarik, orduko auzapezarekin adosturik egon arren, herritarren haserrea azaleratu zen. Herrien adostasunean oinarritutako prozedurak ez zuen emaitzarik lortu Lapurdin. Bilaketa lasai egin ahal izateko,bederen urtebeteko epea hartuko zuela iragarri zuen Alain Iriart Bil ta Garbiko presidenteak.
Bordeleko epea
Ipar Euskal Herriko egitura guztiak zaharkituak zeuden 2004an. Urtero emendatzen zen hondakin kopurua, eta zabortegien iraupenak azkena jo zuen. Baionako Bachefores errauste planta ere zaharkitua zegoen, eta ingurumenaren aldeko taldeen gaitzespena zeukan. Hondakinen tratamenduak eragindako prezioan ere ezberdintasun handiak zeuden. Erraustearen prezioa lurperatzearena baino handiagoa zen.
Bil ta Garbik hastapen batean iragarri zuen xedea burutzeko epea 2011 zen. Izan ere, 2006an hitzarmen bat lortu zuen Suez taldeak Bordelen (Frantzia) duen hondakindegi batekin. Urtero 60.000 tona hondakin eramaten dituzte hara. Hitzarmenaren epea bost urtekoa zen hastapenean. Baina, Carrerek jakinarazi duenez, bertze bi urteko luzamena lortu du Bil ta Garbik.
Bizi Garbia sindikatuarekin ere hitzarmena lortu du Bil ta Garbik, Senpereko Zaluaga hondakindegia baliatzeko. Gehienik 25.000 tona ezar ditzakete bertan. Aurten 17.000 tona inguru lurperatu dituzte.
HazparnekoHazketa hondakindegiarekin ere hitzarmena egin dute, 2015era arte baliatzeko, nahiz eta herritar ugarik legea urratzen dela salatu.
Urruñako Bittoli hondakindegiak ateak itxi behar zituen 2004an, baina arraberritze lanak egitea deliberatu zuen Bil ta Garbik. Milioi bat euroren lanak burutu zituzten.
Suez taldearekin duten hitzarmena bukatzen delarik, gaur egun Bordelera bidaltzen dituzten hondakinak lurperatu beharko ditu Bil ta Garbik. Nahiz eta Zaluagak hondakin gehiago hartu, bertze egitura batzuk baliatu beharko ditu sindikatuak.
Urruñako Bittoli zabortegiaren ondoan bertze eremu bat dago, eta hura erabil daitekeela uste du Carrerek. «Oraindik aztertzen ari gara eta ez gara harremanetan sartu, baina landu beharko dugun aukera bat da». Egungo zabortegiaren eta eremu horren arteko ezberdintasuna ez dela nabarmentzen azaldu du Carrerek. Hala ere, zer eginen duten zehazteko sobera goiz dela dio, kontzertazioa burutu nahi dutelako urruñarrekin.
Hondakinak murriztea xede
Etxeetan ekoizten den hondakin kopurua jaiste aldera, kanpaina ugari ezarri dituzte abian. Horien eraginkortasuna azaltzeko, 2002ko eta 2007ko datuak erkatzea aholkatzen du Carrerek. Biztanle kopurua %4 emendatu arren hondakin kopurua apaldu dela dio. Kalkulatuz biztanle bakoitzak urtean tona erdi hondakin ekoizten duela, deus egin izan ez balitz 90.000 tona leudekeela azaldu du. Aldiz, duela bost urteko datuekin erkatuz, hondakin kopurua %8,5 apaldu dela dio, birziklatzen denaren kopurua %44 emendatu delarik. «Sentsibilizazio kanpainetan dago gakoa, hondakinak sortzen diren unean eragitea lortu behar dugu».
Zabortegietan egurra bereizteko parada eskaini du Bil ta Garbik. 2005ean Baigorri, Buztintzen eta Donapaleun. 2008an Baionan. Etxeetako tinduak eta hondakin toxikoak biltzeko egitura ere osatu du.
Osasun arloan erabiltzen diren botikak eta pikurak ere biltzen ditu. Posta kutxetan publizitaterik ez hartzeko autokolantak ere banatzen ditu Bil ta Garbik. Aste honetan berean elektronika arloko bilketa ezarri du plantan.
Sindikatuak ez du hondakinen bilketa egiteko eskumena. «Ezin gara horretan sartu, baina herri eta Herri Arteko Sindikatuei baliabideak partekatzeko prozedura proposatu behar diegu».
Hondakinen egitura osatzeko egin dituzten urratsak
Sorrera. Hondakinak tratatzeko egitura sortzea agindu zuen prefetak 2002ko abuztuaren 22an. Ofizialki 2004ko urtarrilaren 1ean sortu zen Bil ta Garbi sindikatua. Gaur egun, 201 herri eta 250.000 biztanle ditu bere eremuan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriez gain, Biarnoko hiru kantonamenduk ere parte hartzen dute sindikatuan. Aldiz, Donibane Lohizune inguruko herriak Bizi Garbia sindikatuan daude, ez Bil ta Garbin. Hastapen batean Hendaiak hondakinak Irunera (Gipuzkoa)eramateko xedea zuen, baina hango errauste plantaren xedea bertan behera gelditu zelarik, Bil ta Garbin sartzeko eskatu zuen. Gaur egun egiturako kidea da.Eskumenak. Hondakinak bidera ditzake eta tratatu. Ez du hondakinak biltzeko eskumenik.
Hondakinak Bordelera. Gaur egun 60.000 tona hondakin bidaltzen dituzte Bordeleko eskualdera kamioiz.Tona bakoitzeko80 euroordaindu behar dituzte. Senpereko Zaluaga eremuan 17.000 tona inguru lurperatzen dituzte , 70 euro tonako ordainduz. Kopuru horri garraioaren xahutzea gehitu behar zaio. Bil ta Garbik hondakinak erraustea baztertu zuen.
Ez dute aztertu hondakinak Gipuzkoara eramatea
Egituren premia eta azpiegituren kezka ukan arren, Lapurdiko hondakinak Gipuzkoara eramateko aukera ez dute aztertu. Sindikatua sortu zelarik aztertu zuten aukera, baztertzeko ondoren. Aukera guztiak aztertuko dituzten arren, ez dute oso egingarria ikusten hondakinak Gipuzkoara eramateko aukera.Sentsibilizazioan dago gakoa; hondakinak sortzen diren unean eragitealortu behar dugu»
Dominique Carrere
Bil ta Garbiko teknikaria