INGURUMENA. KOSTALDEARI BURUZKO GREENPEACEREN TXOSTENA. Txikizioa, kosta ahala kosta

'Destrucción a toda costa' txostenaren berri eman du Greenpeacek aste honetan. Berriro ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearen etorkizun ilunaz ohartarazi du erakunde ekologistak.

inaki petxarroman
2009ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko naturguneak hirigintza proiektuek, kutsadurak eta azpiegitura egitasmoek mehatxatuta daude, Greenpeacek ohartarazi duenez. 253,3 kilometroko kosta eremuan diren naturgune eta ekosistema aberatsenak ez dira mehatxutik salbu. Gehienak (%80) arriskuan daude.

1. Harrobien zabalkundea

Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak egindako Kareharrien Lurralde Plan Sektorialean beste 131 harrobi egitea jasota dago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako natur parkeen %78rieragingo liekete harrobiek, eta Natura 2000 sarean dauden naturguneen %20ri. Lurralde Plan Sektorialaren aldez aurreko azterketetan iragartzen da lur azpiko hainbat akuifero garrantzitsutan kalteak izango direla; esaterako, Mañaria urez hornitzen duen batean. Gernika-Bermeo eta Ondarroa-Markina inguruetan 25 harrobi posible aipatzen ditu planak. Greenpeacek nabarmendu du Bizkaian eta Gipuzkoan egiten ari diren azpiegitura ugariek handitzen dutela harrobien eskaria, besteak beste, abiadura handiko trenak, Pasaiako kanpoko portuak eta Bilboko hegoaldeko saihesbideak (Supersur).

2. Irregulartasunak

Greenpeacek nabarmendu du Ugao eta Arrigorriaga arteko hainbat elkartek Bentako Errekan dagoen hirigintza egitasmoaauzitara eraman dutela. Udalak 26 hektareako hirigintza proiektu bat du inguru horretan, eta hamar hektarea babes bereziko gunean daude. Udalari prebarikazioa eta Lurzoruaren Legea urratzea leporatu diote, eta aurreko alkate Maria Jose Albizua (EAJ) salatu dute. Izan ere, haren senideak lurren birkalifikatzean zerikusia dutela uste dute salatzaileek. Udalak Desarrollo y Gestion enpresarekin hitzarmena sinatu zuen. Enpresa horretakoa da alkatearen anaia bat. Greenpeaceren txostenak Bastidako (Araba) alkatearen aurkako auzibidea ere azaldu du txostenean, golf zelai bat eta 750 etxebizitzako hirigintza plana dela eta.

3. Jaizkibelgo kanpoko portua

Greenpeacek mahai gainean jarri du berriro Pasaiako kanpoko portuak Jaizkibelgo itsaslabarrarentzat duen arriskua: «Bertako itsaslabar eta urmaeletan babesten dira Europa guztian oso arraroak eta bereziak diren espezieak». Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa frogatu ez badute ere Espainiako Gobernuak egindako aurrekontu proiektuetan egitasmoarentzako diru saila gorde dutela salatu du, eta portua interes orokorrekotzat jo dutela.

Greenpeacek gogoratu du ekonomikoki portua ez dela bideragarria. Horren froga moduan aipatu du Bilboko portua ahal duen ahalmenaren oso azpitik ari dela lanean -ahal duenaren heren batean-. Halaber, gogoratu du Pasaiako Portu Agintaritzak aurreikusi duela ziklo konbinatuko planta bat eta hidrokarburoen planta bat egitea. Greenpeacek Pasaiako jarduneko zentral termikoaren jarduera baimenaren aurkako helegitea jarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, baina ez dute tramiterako onartu. Zentral hori Euskal Herriko kutsagarrienetakoa dela ohartarazi du berriro. Egungo portuaren berrantolaketa eta kudeaketa eraginkorragoa eskatu du, kanpoko portuaren alternatiba moduan.

Bestalde, Pasaiako badiaren mendebaldean, Uliako itsaslabarrean eta Urumearen itsasadarrean dagoen egoera ere gaitzetsi du erakunde ekologistak. Estolderia uren isuri etengabeak salatu ditu, eta kadmioa, beruna, kobrea, zinka, merkurioa eta halako gai toxikoak kopuru handitan aurkitu dituztela inguruotan.

4. Hirigintza presioa Gipuzkoan

Gipuzkoako kostaldean hirigintza proiektuen presioa eta arriskua aipatu du Greenpeacek. Inurritzako itsasadarrean, esaterako, Aia eta Zarautz artean, urmael eta duna handien gunea desager daitekeela salatu du Greenpeacek: «Arrisku nagusia, ezartzen ari den hirigintza presio handia da». Zarauzko dunen ingurua golf zelai batek hartu du dagoeneko, eta itsasadarra zena eraldatu dute, azpiegiturak, eraikuntzak eta nekazari guneak hartzeko.

Handik kilometro gutxira, Zumaian, Urolako itsasadarra dago. Santiagoko hondartzako landarediaren aberastasuna nabarmendu du Greenpeacek, 136 espezie aurkitu dituztelako bertan. Halaber, inguru horretan Gipuzkoan den dunen paisaia berezi eta bakanetakoa dagoela nabarmendu du. Azkenaldian, itsasadarra eraldatu duten azpiegituretako bat kirol portua da, eta, gainera, industri jatorriko isuri toxiko handiak daude. Besteak beste, nikel, merkurio eta PCB kopuru handiak atzemandituzte uretan, Greenpeacek oroitarazi duenez.

5. Artibaikoazken padura

Duela lau urte Ondarroako Udalak (EAJ) 487 etxebizitza egiteko plangintza onartu zuen. Haiekin, Aieriko padura guztiz suntsituko litzatekeela salatu du Greenpeacek. Sustapen mistoko (publiko-pribatua) egitasmoa gauzatuko balitz, 500 etxebizitza gehiago egingo lirateke Ondarroan (Bizkaia), gaur egun hutsik daudenak beste. Horrez gain, isuri industrial ugariek kutsadura eragiten jarraitzen dute itsasadarrean.

6. Biosferaren erreserba,arriskuan

Euskal kostaldeko ikurra eta hobekien kontserbatu den itsasadarra da Urdaibai. Horregatik izendatu zuten biosferaren natur erreserba 1984an. Horrek ez du arriskutik salbatu, ordea, Greenpeacek ohartarazi duenez. Lurraldeko Zatikako Planak industrialde handiak aurreikusten ditu hurrengo urteotan. Busturian 152 hektarea hartuko lituzkete, Muxikan 60 eta Bermeon 33. Bidenabar, beste 74 hektarea gordetzeko agintzen du, hurrengo 16 urteotako industria jardueraren beharrei erantzuteko.

Hori gutxi balitz bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak Sukarrietan egin nahi duen Guggenheim museoa aipatu du. Halaber, Repsolek plan bat aurkeztu du Gaviota gas plataformaren biltegiaren ahalmena bikoizteko. Zortzi kilometroko luzerako beste bi hodi jarri nahi ditu martxan. Industria eta hirigintzako isuri toxikoek itsaslabarraren aberastasunak arriskuan jartzen dituzte, besteak beste, Baccharis izeneko landare exotikoa. Erreserbaren mugan, Gaztelugatxe inguruan, Bakioko Udalak duen hirigintza plana-1.200 etxebizitza eta golf zelai bat- salatu du Greenpeacek. Planak San Pelaioko itsaslabarrari eragingo liokeela salatu du, non desagertzeko arriskuan den espezi bat bizi den -ubarroi mottoduna-. Alkatea (EAJ) auzitara eraman du berriki Eusko Alkartasunak.

7. Repsolen mamua Barbadunen

Barbadunen itsasadarrak ekosistema aberastasun handia du. Edonola ere, egun, jatorrizko hedaduraren %19 baino ez da geratzen. Gainerakoa industriak estali du, batik bat petrolioari lotutakoak. Petronorren findegiaren kutsaduraren ondorioak nabarmenak dira inguruotan, Greenpeacek salatu duenez. Urtean 5,3 milioi metro kubo isuri toxiko jasotzen dira itsasadarrean, eta horietako %80 Petronorrek eragindakoak dira. Orain arteko kutsaduraareagotu egingo da etorkizunean, Petronorrek baimena baitu Muskizen koke planta bat zabaltzeko, egungo findegiaren ondoan. 2012. urtean bukatuko zaio Petronorri lur eta itsas eremu horiek erabiltzeko baimena, baina dagoeneko koke planta egiteko baimena eman diote, hori eraikitzeak urteak emango baditu ere.



Pasaian herritarrek esku hartu behar duteladio Aralarrek

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarreko taldeak Foru Aldundiari eskatu dio prozesu parte-hartzailea jartzeko martxan Pasaiako kanpoko portua eraikitzearen egokitasunari buruz: «Uste dugu proiektu honek bide luzea duela aurretik, eta une egokia litzatekeela prozesu bat bideratzeko».



%14,2

Babestutako kostaldearen ehunekoa. Bizkaian eta Gipuzkoan kostaldeko 253 kilometroetatik %14,2 baino ez daude legez babestuta. Kopuru hori oso txikia dela adierazi du Greenpeacek, eta, gainera, babes horrek ez duela balio kostaldearen iraupena bermatzeko.



Mutrikuko portuko proiektua, geldirik berraztertu arte

Ika-mika sortu dute berriki Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Herri Lan sailburuak egin dituen adierazpenek: Mutrikuko (Gipuzkoa) portu berrian dirutza xahutu dela, eta, proiektua berriro aztertu behar dela. Gainerako alderdiek argibideak eskatu dizkiote sailburuari. Ezker Batuak proiektuari buruzko herri galdeketa eskatu du. Proiektuak arazo handiak izan ditu azken hilabeteotan, dikean arrakalak agertu zirelako. Aurreko Jaurlaritzak proiektua aldatu zuen, baina lanean ari zen eraikuntza enpresak (Mariezkurrena) utzi egin zuen, gastua %20 handitu zelakoan. Dikearen obraren %70 egina dago, eta egina dagoena aprobetxatuz, proiektua bideratzearen alde agertu da Arriola.



Pilar Marcos. Greenpeaceko Kostetako arduraduna
Krisiaren ondorioz, urteetan kostaldean izan den etxegintzaren presio handia apaldu arren, politikak ez direla aldatu dio Marcosek: orain azpiegitura handien aldeko apustua egin dute agintariek.

«Naturguneak babestu behar direnean, eskuak garbitzen dituzte administrazioek»

I. Petxarroman. Donostia

Eskuduntzak Gipuzkoan eta Bizkaian administrazio ugariren artean sakabanatuta daudenez, horrek ez duela kostaldearen iraupena bermatzen laguntzen nabarmendu du Pilar Marcos-ek, Destrucción a toda costa txosteneko koordinatzaileak.

Kosta Legeak ez ditu naturguneak mehatxuetatik salbu uzten?

Estatu osoan arautegi eta legedi anabasa handia dago kostaldeari buruz. Ikusten da araudiak topo egiten duenean hirigintza plan zehatz batekin merkealdia hasten dela babesaren ikuspegitik. Hala, naturguneen babesa ustezko garapenaren azpian jartzen da.Kostaldea babesteko araudia nahikoa litzateke, praktikan jarriko balitz, baina oraingoz paper hutsak dira arauak. Bakarrik Euskadiko kostan 1.687 etxebizitza egiteko egitasmoa dago, portu bat, golf zelai bat, lau industrialde... Eta denak babestutako naturguneetan egin nahi dituzte.

Hainbat administrazio publiko daude nahastuta egoerarekin.

Bai, eskuduntzaren banaketan nahasmen handia dago. EAEren kasuan, Lurzoruaren Legearen kasuan, udalak, aldundiak eta Jaurlaritza daude. Lidergo faltak eta eskuduntzen nahasmenak batetik, eta kostaldeari balio ekonomiko bereziak bestetik, dakarte egoera hau: administrazioek eskuak garbitzen dituzte naturguneak babestu behar direnean. Horri gaineratu behar zaio ustelkeria kasu ugari daudela.

Pasaiako kanpoko portuaren egitasmoa salatu duzue berriro.

Izan ere, aurrera segitzen dute, azken urte honetan proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa frogatu ez bada ere. Badaude alternatibak, eta ez dago ingurumen eraginaren azterketarik, baina, hala ere, finantzaketa gordetzen zaio azpiegiturari. Ez hori bakarrik. Portu Agintaritzaren plan estrategikoak proposatzen du Pasaiako badiaren hirigintza plan bat, non lurra saltzea aurreikusten den. Horrela segitzen dute aurrera Jaizkibelgo itsaslabarrak birrinduko lituzkeen proiektu batekin. Eta gogoratu behar da Europako Batasunak garrantzi komunitarioko gunetzat duela.

Urdaibai ere aipatu duzue. Biosferaren erreserba izan arren, mehatxupean dela diozue.

Haginkada txikiak ematen ari zaizkio Urdaibaiko natur erreserbari. Jakin dugu Guggenheim museo bat eraikitzeko egitasmoaren berri eta, horrez gain, lurralde plan partzialak Markinan industrialde handiak egiteko zehazten du. Proiektu horri erreserbaren partzuergoak babesa ematen dio; nahiz eta, oraingoz, EAEko lurralde antolaketarako batzordeak errefusatu, aurrera segitzen dute. Berriro ere, itsas balioak bigarren mailan geratzen dira.

Jakin dugu berriki Bakioko alkatea auzitegietara eraman dutela hirigintza plan bat dela-eta... Ustelkeria kasuak ere nabarmendu dituzue.

Guk bi kasu aipatu ditugu txostenean, eta lau inputatu. Bakioren kasuan, Mediterraneoan ezagutzen dugun eredua gailentzen da, non ustelkeria politikoaren mamua agertzen den hirigintza interesen azpian. Aspaldiko gaitza da kargu publikoek patrikak bete nahi izatea, eraikuntza proiektuekin. Hor ez daude udalak bakarrik; alderdiak ere finantzatzen dira eraikitzaile handien bidez. Politikarien hitz politak ezerezean geratzen dira horrelakoetan.

Krisi ekonomikoaren ondorioak igarri dituzue?

Krisia deitzen diogu tamaina handiko arpilatzea izan denari.Munduko Bankuak ohartarazi zion Espainiari bere ekonomi politikaren mugak zein ziren, alegia, hirukoizten ari zela benetako etxebizitza eskaria. Orain gertatzen da etxebizitzen %70 saldu gabe daudela kostaldean. Bederatzi urteotan ohartarazi dugu horretaz, eta orain, krisian gauden arren, ez dugu ikusten ezer egoera horri aurre egiteko. Porlanaren politikarekin ordezkatu dugu adreiluaren politika, eta azpiegitura handiak egiten ari gara leku guztietan, Jaizkibelen aurreikusia dagoen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.