Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Natura Babesteko 16/1994 Legeak hiru babes mota ezarri zituen: natur parkeak, biotopo babestuak eta aparteko zuhaitzak. Lehen urteetan natur parkeen inguruan egin zuten lan batez ere, eta eremu handiak hartzen zituzten guneak babestu zituzten lehenbizi: Urkiola, Gorbeia, Aralar eta Aiako Harria. Legeak honela definitzen du natur parkea: «Paisaia eder, ekosistema berezi, fauna zein flora berdingabe, formazio geomorfologiko bitxi edo antzeko ezaugarriak dituelarik, giza jarduerak edo ustiakuntzak eraldatu ez duen gunea da. Botere publikoen lehentasunezko jarduera eskatzen dute». Biotopoak, berriz, eremu txiki bat hartzen duten guneak dira, baina balio ekologiko handia dute, eta babes mota hori dute, esaterako, Biasteriko aintzirak, Leitzaran ibaia, Itxina eta Inurritza.
Pello Lozano geografo eta EHUko lurralde antolaketa irakaslearen irudiko, oso babes neurri gutxi daude EAEn: «EAE da figura gutxien duen autonomia erkidegoa. Hiru babes mota zehaztu arren, praktikoki, bi dira, bestea zuhaitzak baitira».
Nafarroako Naturaren Kontserbaziorako Legeak bost babes mota ezartzen ditu: erreserba integrala, natur erreserba, lekune naturala, natur monumentua eta natur parkea. Nafarroan, EAEn ez bezala, eremu txikiko guneak babestu zituzten lehenbizi, eta gero bultzatu zituzten natur parkeak. 8/87 legeak dioenez, erreserba integralek babes neurri zorrotzak izan behar dituzte, han balio biologiko nahiz ekologiko handiak baitaude, eta, ondorioz, ez dute inolako giza jarduerarik baimentzen. Erreserba naturaletan, berriz, neurriak ez dira hain zorrotzak eta bertako ekosistemek izaera berezia duten arren, bertako natur baliabideak ustia daitezke. Lekune naturaletan, berriz, giza jarduerak baimentzen dituzte eta gehienetan oso azalera txikiko inguruneak izaten dira.
Nazioarteko babes eremuak
Babes mota horiez gain, beste bi daude: Ramsar zerrenda eta Natura 2000 Sarea. Ramsar zerrenda nazioartearentzat garrantzitsuak diren hezeguneen inguruko hitzarmena da. Natura 2000 Sareak beste helburu bat du, ordea: Europako Batasunarentzat interesekoak diren habitat naturalak, flora eta fauna espezie guztiak babestea.
Natura 2000 Sareak hiru babes mota eskaintzen ditu: Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE), Batasunarentzat Intereseko Lekua (BIL) eta Babes Bereziko Lekua (BBL). 2003ko ekainaren 10ean hegaztientzako babes bereziko bost eremu proposatu zituen Jaurlaritzak, eta Batasunarentzat intereseko 52 leku. German Alonso Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasuneko zuzendariak azaldu duenez, BIL horiek Babes Bereziko Eremu gisa izendatzea falta da oraindik. Eskualde Atlantikoan dauden lekuek urte amaieran jasoko dute izendapen hori, eta Mediterraneo aldean dauden gainerakoek 2012an. Pello Lozanok zehaztu du, dena den, leku horiek babes bereziko eremu gisa izendatuta ez egon arren EBk agintzen duela hala izendatuta egongo balira bezala kudeatzea.
Natura 2000 Sarea Europako sare bat izan arren, lege esparrua eman dio Eusko Legebiltzarrak: sare hori Natura Babesteko 16/1994 Legean txertatu du. «Horrek ez du esan nahi gune horiei babes handiagoa ematen diegunik. Horrek esan nahi du gune horiek gure legearen arabera kudeatu behar ditugula. Natur parkeek eta Natura 2000 Sareak kudeaketa erregimen ezberdinak dituzte. Natur parkeena oso zorrotza da», zehaztu du Alonsok. Natura 2000 Sareari dagokionez, Jaurlaritzari ebaluazio lana egitea dagokio: «Kontserbazio egoera onean direla eta gauzak ongi egiten direla zaindu behar dugu, eta EBri kontuak eman». Natur parkeei dagokienez, erabilera publikoa lehenesten dela dio: «Naturak sortzen dituen onurak guztion eskura jarri behar direla ulertzen da. Guztiok dugu naturaz gozatzeko eskubidea. Hala ere, garrantzitsua da oreka topatzea, erabilera publikoak ez dezan natura hondatu».
Azpiegituren mehatxua
Natura zaintzea gizakiaren ardura da, baina gaur egun gizakia bera da naturaren etsai nagusia. Garapena eta natura elkarren lehian daude une oro. Alonsok berak onartu du naturak parez pare duela azpiegituren mehatxua. «Guneren batean kalteak sor ditzakeen proiekturen bat egitekoak badira, ebaluazioa egingo da eraginak zer diren jakiteko. Horren arabera baimenduko da edo ez». Haatik, Alonsok zehaztu du proiektu batek eragin kaltegarriak baditu, baina interes publikokoa bada, konpentsazio neurriak «aktibatzen» direla. AHTaren kasua jarri du: «Lehen mailako interes publikoa du. Guztioi ondo iruditzen zaigu AHTa egitea, XXI. mendeko garraio mota baita. Erosoa da, eta denbora eta dirua aurrezten ditugu. AHTak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak «konpondu» egin beharko ditu. Alonsoren arabera, Natura 2000 Sarea ez da «aurrerapenaren etsaia». «Hori bai, proiekturen batek Natura 2000 Sareari kalte egiten badio, sarea saritu beharko du». Dena den, zehaztu du «astakeria horiek» natur parkeetan ez direla egiten.
Pello Lozanok, ordea, ez du horrela ikusten: «Garbi dago babestuta dauden guneetan ezin dela eragin handiko proiekturik egin. Kontua da interpretazio eta tranpa asko egiten direla».