Beldurrak uxatu nahi izan ditu Gipuzkoako Diputazioak, eta Rafael Uribarren Ingurumen diputatuak ziurtatu du Motxo ontziak izandako istripuak «ingurumenean oso kalte txikiak» eragin dituela. «Ez dugu ikusi ondorio nabarmenik», esan zuen atzo alderdi politikoen eskariz Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Bermeoko (Bizkaia) Motxo arrantzontziak azaroaren 4an jo zuen hondoa Zumaia eta Deba arteko babestutako itsaslabarretan. Eskifaiako bederatzi kideak onik atera zituzten, baina hurrengo bi egunetan ontzia flotarazteko egindako ahaleginek huts egin zuten. Ontziak iraulita jarraitzen du kostatik 50 metrora.
Uretara 13.000 litro gasolio isuri direla zehaztu du, eta isuriak kalterik eragin ote duen aztertu dute. «Ur laginak hartu ditugu, eta faunan eta marearteko gunean ez dugu ikusi eragin nabarmenik». Halaber, diputatuaren esanetan, ontziak utzi du aztarnarik marearteko gunean, «baina ez da oso handia, eta ez dago interes handiko flysch-etan». Horregatik, «hondoratzeak eragindako ondorioak minimizatzeko inolako asmorik gabe», Uribarrenek baieztatu du kalteak «oso leku jakinetan» izan direla eta «ondorio mugatua» dutela. Dena dela, orain diputazioaren erronka da kalteak ez areagotzea, eta arrantzontzia handik lehenbailehen ateratzea.
Istripua gertatu denetik diputazioa une oro eskumena duten erakundeekin harremanetan egon dela hitz eman du, eta modu koordinatuan ari direla lanean. Alde horretatik gogorarazi du arrantzontziko kutxa urdina berreskuratu dutela, eta Espainiako Sustapen Ministerioak istripuak eta itsasoko ezbeharrak ikertzeko duen batzordera bidaliko dutela kutxa, azter dezaten. Behin informazio hori eskutan, zabalduta dagoen espedienteari erantsiko diote, eta hala badagokio, erantzukizunak eskatuko dituzte.
Ontzia ateratzeko aukerak
Edonola ere, Motxo-rekin zer egin da orain erakundeen buruhaustea. Hiru aukera dituzte mahai gainean, diputatuak jakinarazi duenez: ontzia dagoen lekuan bertan desegitea; ontzia lauzpabost zati handitan puskatzea eta lehorretik ateratzea; eta Motxo garabi handi batekin lehorrera mugitzea eta lehorrean desegitea.
Hain justu, astelehenean egin zuten bilera erakundeek ontziko armadorearekin, eta jabeak ontzia dagoen tokian bertan desegitea proposatu bazuen ere, erakundeek Motxo lehorrera mugitzeko aukera aztertzeko eskatu zioten. Aukera hori aztertzeko, hiru egun eman zizkioten, eta, ondorioz, gaur aurkeztu beharko du armadoreak aukera horren bideragarritasuna. Diputatuaren ustez, «aukera hori litzateke egokiena, itsaslabarrean kalterik eragiten ez badu behintzat»; izan ere, ontzia mugitu ahal izateko, makineria oso astuna behar da. Bertan lan egiteko eremua «zaila» dela dio, ez baita oso sendoa, eta, ondorioz, geologoak aztertzen ari dira orain ea posible den eremu horretan garabi eta makineria astunak sartzea.
Rafael Uribarrenek berak aitortu du ontzia lehorrera eramateko lanak badituela «hainbat arrisku», horregatik ez du baztertu erdibideko aukeraren alde egitea: arrantzontzia lauzpabost zatietan puskatzea eta «hortik gutxira» zatiak handik ateratzea. Haren esanetan, lan hori hiruzpalau egunetan egiten duten enpresak badaude. Berak zuzentzen duen departamentuak eman behar dio oniritzia ontzia erretiratzeko planari, eta ingurumenarikalte txikiena egiten diona hartuko dute aintzat.
«Ingurumenean kalte txikiak eragin ditu 'Motxo'-k»
Gipuzkoako Diputazioak baieztatu du kalteak oso leku jakinetan izan direla eta ondorio txikia dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu