Iñigo Gogoan herri plataforma haserre azaldu da berriz. 50 bat gizarte eragile eta hainbat herritar biltzen ditu plataformak, eta uste du poliziek herritarren aurka erabiltzen duten indarkeriaren adibide dela Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota Iñigo Cabacas hil izana. Gertatutakoa argitzeko eskatu du: «justizia eta egia». Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari berak esan bezala «erantzukizun osoa» bere egiteko eta dimititzeko eskatu dio.
«Egungo polizia eredua ikusita, ezin dugu beste aldera begiratu, segurtasuna eman beharrean beldurtu egiten gaituelako», hausnartu dute Urtzi Ugaldek eta Alfonso Arangurenek, herri plataformaren izenean. «Ertzaintza eredua berraztertzeko ordua heldu da; eguneratzekoa, guk behintzat bakean bizi nahi dugulako». Aldaketa «orain bertan» gauzatzeko eskatu dute, «bihar beste edonori toka dakiokeelako». «Ahotsa altxatzeko» eskatu dute, beraz, «elkartasunagatik, gizatasunagatik, errespetuagatik eta halako bidegabekeria jasan duten guztiengatik». Bilboko Jesusen Bihotzean hasiko da manifestazioa, 17:30ean, Cabacas omendu eta «polizien indarkeriaren aurka ozen oihukatzeko».
Stop Bales de Goma Kataluniako elkarteak bat egin du eskakizun horiekin, eta manifestazioan izango da etzi. Bi ordezkari izan ziren Bilboko atzoko agerraldian: Carles Guillot eta Nicola Tanndo. Cabacasen senideei babesa adierazi diete haiek, eta ohartarazi dute gaztearen heriotzak elkartea urteetan salatzen ari dena frogatu duela: «arma hauek hil egiten dutela». Azaldu dute azken hiru urteetan Katalunian sei pertsonak begia galdu dutela gomazko pilotengatik, eta debekatzeko eskatu dute. «Hala ere, arazoa oinarrian dago, Poliziaren bortxazko eta errepresio jarreran», zehaztu dute.
Bestalde, Cabacasi heriotza eragin zioten gertaeren inguruko «ikerketa osoa eta garbia» eskatu du Iñigo Gogoan plataformak; hartarako, «gardentasunez jardungo duen» batzorde independente bat osa dadila. Izan ere, orain arte Herrizaingo Sailak erakutsitako jarrerak mesfidantza besterik ez die eragin. «Ares jauna, ez barre egin gure kontu, ez izan gezurtia», esan diote sailburuari. «Ez dugu sinesten oraindik ez dakizuela nork erail zuen Iñigo eta nork agindu zuen oldartzea».
Arartekoa
Iñigo Lamarca arartekoak, berriz, Cabacasen heriotza ofizioz ikertuko du. Jaurlaritzak abiatutako ikerketa «lehenbailehen» egin, ardurak argitu eta ondorioak Fiskaltzaren esku uzteko eskatu du, Aresek ikerketa «beranduegi» abiatu zuela salatu ondoren. Era berean, gomazko pilotak ahalik eta arinen debekatu beharra plazaratu du.
Iñigo Gogoan herri plataformak nazio manifestazio bat antolatu du etziko
Cabacas omendu eta polizien indarkeria salatuko du Bilbon, eta Ertzaintza eredua berraztertzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu