AHT ABIADURA HANDIKO TRENA

Inkestaren bitxikeriak

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
BILBO
2004ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
lvaro Amannek Euskal Y-aren gainean emaniko prentsaurrekoaz atzo bertan ezagutu ziren albisteak harrigarriak ziren: «Hamar euskal herritarretatik zazpik uste dute Euskal Y-a beharrezkoa dela», zioen Efe agentziaren albisteak. Horiexek izan ziren, hitzez hitz kasik, ETBk eguerdiko albistegian horren berri emateko esanikoak. Euskal herritar horiek soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak ziren, noski.

Harrigarriak, izatekotan Jaurlaritzaren aginduz egindako inkestari erantzun ziotenen iritzia zelako Amannek ezagutarazitakoa. Are gehiago, hauteskundeetan politikoek inkesten balizko balioaz esandakoak gogoan hartuta «zinez balio duen inkesta, hauteskunde egunean herritarrek botoen bidez adierazitakoa da» pentsa zitekeen erreferenduma dela herritarren iritzia ezagutzeko bidea.«Suitzan honezkero erreferenduma egina izango zuten; baina gurean ez daukagu ohiturarik gai zehatzen inguruan galdeketa zuzenak egiteko», zioen Amannek berak horri buruzko galderari erantzunez. Inkestarekin lortutako emaitzak onargarriak direla frogatzeko, gainera, gogora ekarri zuen Legebiltzarrean Euskal Y-aren alde agertu diren ordezkari politikoen indarra (%85, Amannen esanetan) ia-ia horren parekoa dela.Hala izanik, ez da ulertzen zergatik agindu zuten inkesta egitea, herritarren ordezkariek iritzia aurrez emana bazuten. Batez ere, ikusita inkestari erantzun diotenen erdiek besterik ez dakitela proiektua zertan datzan. Hori bai, guztiak ausartu dira auziari buruzko epaia ematen, eta, bataz beste, hamarretik 7,59k nota eman diote Euskal Y-a egitasmo ofizialari.Bitxia benetan kontuan hartzen bada inkesta egiteko agindu zuen erakundea bera izugarrizko kanpaina egiten ari dela aldi berean komunikabideetan, herritarrei eskatuz baietz erantzun diezaiotela Euskal Y-ari. Kanpainan xahututako dirutzak alperrik izan dira, antza, gero inkesta egiterakoan hamarretik bik aitortzen badute ez dutela ezagutzen, ez dutela inoiz ezer entzun horren inguruan.Xelebreak dira, bestalde, inkestari emaniko hainbat erantzun: Zein da garraiobideen inguruan egiteko dagoen obra eta oraindik egin ez dena?, galderari, jakina, gehienek (%15,3) Euskal Y-a erantzun dute; A-8 autobidea doakoa izateari,%0,5ek baino ez. Inkestaren arabera, arriskuan legoke Hegoaldeko Saihesbidearen proiektua, %1,1ek baino ez baitu hori aipatu; %55,9k uste dute, gainera, autobiek kalte egiten diotela ingurumenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.