Espainiako Poliziak lau euskal herritar atxilotu zituen atzo goizaldean Nafarroan eta Valentzian, Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. ETArekin lotura izatea egotzi die epaileak, eta guztiak inkomunikatzeko agindu du. Ondorioz, atxilotuen senideek ez dakite beren haiek non dauden. Horietako batzuk miaketetara eraman dituztenean ikusi dituzte, eta bat ospitalera eraman dutela jakin dute.
Xabier Rey, Araitz Amatria, Sergio Boada eta Aurken Sola dira atxilotutakoak. Rey eta Boadak 27 urte dituzte, Amatriainek 26, eta Solak 29. Azken hori 2002. urtean ere atxilotu zuten, ETAri laguntza ematea leporatuta, eta tortura gogorrak jasan izana salatu zuen. Hala ere, espetxeratu egin zuten, eta hiru urtez izan zuten preso. 2005ean aske utzi zuten, urtebete eta hiru hileko zigorra ezarri baitzioten, ETAri «laguntza ematen saiatzea» egotzita. Hiru urteko espetxealdiaren ondoren auzitegiak ezin zuela errugabe zirela onartu esanez azaldu zuten orduan epaia Solak eta berekin atxilotutako beste hiru pertsonek. Atzo, nerbiotakoak jota, Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten.
Goizaldeko hiruretan hasi zen polizia operazioa. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, ordu horretan atxilotu zuten Sola. Bakarrik zegoen, Iruñeko etxean, eta miaketetatik autoa eraman diotela besterik ez dakite senideek. Ordu berean joan ziren poliziak Solaren gurasoen etxera ere. Sei ordu baino gehiago egon ziren han. Atxilotua 10:00ak jota eraman zuten hara, eta gurasoek ez dakite ordura arte semea non izan zuten. Gerora jakin zuten 07:00ak aldera ospitalera eraman zutela.
Sergio Boada ere goizaldeko hiruretan atxilotu zuten, Añorben. Bikotekidearekin bizi da Boada, eta miaketaren ondoren, material informatikoa, sakelako telefonoak eta hainbat paper eraman zituztela jakinarazi zuen. Horien artean, neska-lagunaren laneko dokumentuak.
Iruñeko Alde Zaharrean Xabier Rey atxilotu zuten hogei bat poliziak. Bakarrik bizi da Rey, eta auzokide batek eman zuen atxiloketaren berri. Hirurak aldean bi leherketa txiki entzun zituela azaldu zuen. Reyren etxeko atea botatzeko erabilitako leherketak ziren. Etxea miatu ondoren, gurasoenera eraman zuten, eta hori ere arakatu zuten. AAMren esanetan, material informatikoa eraman zuten handik. Senideen autoa ere eraman zuten.
Araitz Amatria Valentzian atxilotu zuten, haren izebaren etxean. Amatria eta Rey bikotea dira. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak azaldu zuenez, behin-behinean zegoen Amatriain Valentzian, lanagatik. «Ez dago ETAk Valentzian egitura bat duela pentsatzeko oinarririk», ondorioztatu du.
Hain zuzen, atxilotu guztiek bizimodu «normala» egiten zutela zabaldu du Europa Press berri agentziak, eta Poliziak Sola bakarrik zeukala «fitxatuta», 2002an atxilotu zutelako.
«Operazio prebentiboa»
Deliturik egin aurretik eginiko operazioa izan dela nabarmendu du Rubalcabak: «Operazio prebentiboa izan da. Komandoa jaio aurretik desegin dugu». Lehergaiak aurkitu dituztela eta beraz taldea ekiteko prest zegoela pentsa daitekeela dio Rubalcabak.
Hain zuzen, berri agentziek polizia iturriak aipatuta zabaldu dutenez, Antsoaingo trasteleku batean bi pistola, munizioa eta ehun bat kilo lehergai atzeman dituzte: tenporizagailuak, pentrita, detonagailuentzako kordoia, aluminio hautsa, amoniko nitratoa eta «lapa sistemak sortzeko materiala», besteak beste.
Polizia operazioa ez da bukatu eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea
Atxiloketak
Inkomunikatuta jarraitzen dute atzo atxilotutako lau nafarrek
Grande Marlaskaren aginduz atxilotu zituzten atzo goizaldeaan, Nafarroan eta Herrialde Katalanetan, eta armak eta lehergaia topatu dizkiete, Poliziaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu