Tortura galarazteko hainbat neurri hartu behar direla uste du Espainiako Arartekoak, eta halaxe egiteko eskatu du Torturaren Prebentziorako Mekanismoaren barruan osatu duen aurreneko txostenean. Inkomunikazioa kentzeko ez du eskatu, baina atxilotuei ipintzen zaien erregimen hori berrikusi egin behar dela esan du, atxilotuen eskubideen «urratze berezia» dela uste duelako. Arartekoak eskatutako neurriak Espainiako Gobernuak betetzea litzateke logikoena, Kongresuak aginduta egin baitu gaiari buruzko txostena.
Hainbat neurriren artean, inkomunikazioaren «analisi orokorra» egiteko eskatu du, haren eraginkortasuna aztertzeko, eta lege politika «egokiagoa» egiteko. Izan ere, neurri berezi hori aplikatzeko hiru arrazoi ematen direla ekarri du gogora Arartekoak txostenean: inkomunikatuaren taldeko kideek frogak ez ezkutatzea, taldeko gainerako kideek atxiloketaren berri izan eta ihes egitea eragozteko eta atxilotuaren taldeak hari presioa egitea —senide, abokatu eta abarren bitartez—, ikerketan ez laguntzeko.
Inkomunikazioa aplikatzen den atxiloketa motek komunikabideetan izaten duten oihartzuna ikusita, aurreneko bi argudioak baliogabetu egiten direla dio Arartekoak —oihartzun horrekiko kezka ere agertu du—. Hirugarren arriskuak hor jarraitzen duela dio, baina, inkomunikazioa aplikatzekotan, «berme bereziak» behar direla ohartarazi du.
Beste hainbat aholku ere eman ditu Arartekoak, hala nola atxilotuak une oro grabatu egin behar direladio, «oinarrizko tresnatzat» jotzen baitu atxilotuak zaintzen daudenen «jarrera desegokiak» galarazteko. Grabazioak egiteko materiala polizia etxe guztietara zabaldu behar dela dio.
Tortura salaketak ez direla behar bezala ikertzen ere salatu du Arartekoak. Auzi «oso larriak» direla uste du, eta Botere Judizialak serio hartu behar duela haien ikerketa, «azken ondorioetaraino». Salaketa jarri duena «dagoen egoeran egonda ere». Eskubide hori atzerritarrei sarri urratzen zaiela dio. Talde terroristarekin lotutako atxilotuen salaketei buruz ez du ezer esaten.
Atxilotuak hasieratik abokatuarekin egoteko eskubidea duela ere jasotzen du txostenak, eta legeak ere halaxe egin behar dela jasotzen duela ekarri du gogora.
Inkomunikazioa berriz aztertzeko eskatu du Arartekoak
Tortura eragozteko hainbat neurri proposatu ditu Espainiako Arartekoak urteko txostenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu