Inocente Montano El Salvadorreko Defentsa ministrorde ohia espetxeratzeko agindu du Manuel Garcia Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Montano El Salvadorreko junta militarreko kide izan zen 1980ko hamarkadako gerra zibilean, eta Inazio Ellakuria jesuita bizkaitarraren hilketan "laguntzaile" izatea leporatuta deklarazioa hartu ondoren eman du agindua epaileak.
Atzotik Madrilen da Montano. 28 urte bete berri dira Ellakuria eta beste zazpi pertsona —bost jesuita, haien sukaldaria eta haren alaba— San Salvadorren Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearen lorategian tirokatuta topatu zituztenetik. 1989ko azaroa zen, eta gerra zibil betean zen El Salvador: gobernu militarraren heriotzaren eskuadroi batek hil zituen, ustez, unibertsitatearen arduradunak; Ellakuria errektorea zen orduan.
Auzia, gerrako beste hainbat bezala, zigorgabe geratu zen El Salvadorko epaitegietan, 1993ko amnistia lege baten erruz. 2008an, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuten biktimen eta giza eskubideen aldeko elkarteek. Hark nazioarteko atxilotze agindua eman zuen junta militarreko sei kide ohirentzat, baina El Salvadorko Auzitegi Gorenak ukatu egin zion. Montano zen une hartan herrialdetik at zegoen bakarra: AEBetan bizi zen.
Bederatzi urteko gatazka judizialaren ostean, hura Espainiaratzea onartu zuen AEBetako Auzitegi Gorenak duela bi aste. Kereila jarri duen giza eskubideen aldeko elkartea pozik agertu da Montanoren estradizioarekin: ?Senideentzat ez ezik, El Salvadorko gerra zibilean gertatutako giza eskubideen urraketen biktima guztientzat ere itxaropena da?. Auzi horrengatik estraditatutako kargudun gorena da, oraingoz.