Klima aldaketa

Inoiz baino handiagoa da berotegi gasen kontzentrazioa

Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du karbono dioxidoaren kontzentrazioa inoizko handiena dela

Klima aldakearen kontrako manifestazio bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 26a
09:41
Entzun

Karbono dioxidoa da berotegi efektuaren eragile nagusia, eta Munduko Meteorologia Erakundeak datu kezkagarriak eman ditu: gizakia existitzen denetik, gas horren kontzentrazioa inoizko handiena izan da 2018an. Gaur argitaratu dute urteko txostena, eta, Petteri Taalas erakundeko idazkari nagusiak adierazi duenez, orain dela hiru-bost milioi urte izan ziren horren handiak karbono dioxidoaren kontzentrazio mailak. Orduan, gainera, tenperatura orain baino bi edo hiru gradu beroagoa zen, eta itsasoaren maila egun baino 10 eta 20 metro bitarte handiagoa.

Igoera nabarmena izan da. Karbono dioxidoaren batez besteko metaketa milioiko 407,8 zatikoa izan da 2018an, 2017an baino %0,56 handiagoa. Halaber, industriaurreko kontzentrazio mailatik %147ko igoera izan du. Taalasek arazoaren larria azpimarratu du: «Karbono dioxidoak luze iraun dezake atmosferan, mendeak, eta are gehiago ozeanoetan». Metanoa da berotegi efektua eragiten duen bigarren gas eragile nagusia, eta horren inguruko datuak ere ez dira positiboak: milioiko 1,86 zatikoa izan da 2018an, inoizko handiena hori ere.

«Ez badugu ezer egiten, batez besteko tenperatura hiru eta bost gradu bitartean haziko da mende honen amaierarako», deitoratu du Taalasek. Hala, gogoratu du 2100. urterako tenperatura 1,5 gradu igoz gero, klima aldaketaren eraginez izandako hondamendiak ugariagoak izango direla, zientzialarien ustez.

Bestalde, MMEk ohartarazi duenez, belaunaldi berriek klima aldaketaren «gero eta ondorio larriagoei» egin beharko diete aurre. Aipatu dituzte, besteak beste, tenperaturaren igoera, fenomeno meteorologiko muturrekoagoak, estres hidrikoa eta itsasoaren mailaren igoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.