Munduaren taupadak nola, halaxe egin du aurten Berria Taldeak akziodunen batzarra: izurriak ezarritako erritmoan. «Ekainean egin ohi da bilkura hau; egoerak udazkenera ekarri du», azaldu du gaur bilkuraren hasieran administrazio kontseiluko lehendakari Beatriz Zabalondok. 2019ko jardunaren berri emateko zen berez topaketa, baina aurtengo kontuek ere izan zuten toki zabala, COVID-19aren pandemiak zedarrituta, aski urte berezia baita. Eta, hain zuzen ere, egoera honetan enpresa taldeak euskarazko hedabide «erreferentziazkoak» sustatzen jarraitzeko egin dituen ahaleginak hizketarako gaia izan ziren. Oro har, prozesu horretan langileek erakutsitako «sendotasuna» nabarmendu du, adibidez, BERRIA egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik, eta informazioa indartze aldera martxan jarri diren ekimenak zerrendatu ditu. Enbataren aurrean egoerari tinko erantzun zaiola onartu du administrazio kontseiluko ordezkari Iban Arregik ere. «Proiektu honek inoiz izan duen komunitaterik handiena du inguruan».
Audientziari begirakoa da hazkundea: «Inoizko irakurle kopuru handiena du euskarazko egunkariak». Datuak badira hori erakusteko: izurriak ekarritako egarri informatiboari lotuta, esaterako, sareko erabiltzaileak % 38 hazi dira; erabiltzaile berriak, % 42. «Audientzia nabarmen hazi da koronabirusaren krisiarekin. Asmatu dugu hor egoten. Lehen hilabete horietan, bereziki, jende berria erakarri genuen», azaldu du Arregik. Are, «mantentzen» ari dira orain horietako asko, eta hori da geroa goldatzeko era: «Estrategia da audientziak handitzea, proiektua sostengatzen duen komunitatea handitzeko. Audientzia berria gure etxean gelditu eta proiektuarekin konprometitzea lortu behar dugu».
Eta, hain zuzen ere, audientzia hazi ahala, komunitatearen babesari begira ere, argi izpiak badira. «Berrialagunen komunitateak handitzen segitzen du urtetik urtera», azaldu du Arregik. 15.110 lagun dira egun. Izurriaren ondorioz, Berrialagunak erakartzeko kanpainarik ezin izan da egin, «jendearekin aurrez aurre» egon ez izana traba izan da ohiko lan asko egiteko, baina BERRIAren webgunea ate oparoa izan da: «Erregistro asko lortu dira». Biltzarrean nabarmendutako beste alde positiboen artean, Hekimen erakundearen abaroan hiru urterako iaz hitzartutako finantzaketa itunaren «balorazio ona» ere nabarmendu dute. «Koalitatiboki, eta zenbakiei dagokionez, pauso garrantzitsua da», onartu du Arregik. Etorkizunean bide horretan sakontzen jarraitzeko administrazioak eta sektoreak ehundutako foroa, gainera, abian dela gogora ekarri du. Denaren premia izango da.
Joerei begira
Izan ere, itzal ilunak ere badirela nabarmendu du Arregik: «Egunkari salmenta behera ari da; joera orokorra da». Publizitatean jaitsiera «orokorreko» urteak izan dira, eta datuak «egonkortuta» daude orain, baina, pandemiak ekarri duen nahasmendu giroan, zenbait joera negatibo «azkartu» daitezkeen kezka dago. Hortik ohartarazpena: «Inbertsioen beharra handia da; sektorea joera aldaketa handi baten aurrean dago, eta hor baliabideak behar dira. Bestela oso atzean geratuko gara».
Administrazio Kontseiluan aldaketa egin dute; Castillo Suarezek utzitako tokia Mikel Legarrak beteko du. Eskertu egin die biei atxikimendua Zabalondok. Berria Taldearen xedea «mundua euskarari ematea» dela gogorarazi du, orain dela 30 urte hasi zela —Euskaldunon Egunkaria-en eskutik—, bide «malkartsu» horretan, eta ordutik bilaketa betean jardun dutela: «Ez gara gure txikian geratu». Hazten jarraitzeko, ordea, atxikimenduak gehitzen jarraitu behar duela gogoratu du hark ere: «Bidaideak behar ditugu». Urteotan joandako bidaideak ere gogora ekarri ditu, zendutakoak; Jonpa Albisu eta Lurdes Huizi Berria egunkariko langileak, eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakari izana, Joanmari Torrealdai.
Berria Taldea
Inoiz baino «handiagoa» da inguruan duen komunitatea
Berria Taldeak akziodunen biltzarra egin du. Bidaide gehiago egitasmora lotu ditu, izurri betean ere: irakurleak eta Berrialagunak, gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu