Iragan asteburuan, Derion, hurrengo bi urterako koordinatzaile nagusi izendatu zuten Aralarreko militanteen %84,5ek Patxi Zabaleta (Leitza, 1947). Azken legealdia izango du karguan. Bake eta normalizazio politikoari bultzada ematea, etorkizunerako alderdia «kokapen egokian» uztea eta Nafarroan alternatiba bultzatzea ditu erronka nagusi. Koordinatzaileorde karguan Jon Abrilen ordezkoa hautatuko du Aralarren zuzendaritzak. Zabaletak ez du esan nor izango den, baina aipatu du bere alter ego-a izanen dela: «Zeregin denak izan behar ditu, zeregin jakin bat izan gabe. Koordinatzaileak bezalaxe».
Zergatik erabaki duzu azaroaren 20ko hauteskundetarako aliantza egitea ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin?
Arrazoi bat baino gehiago daude atzean. Eskaintza bat egin behar da hauteskunde horiei behar bezala erantzuteko. Zein dira berezitasunak? Lehenik, estatuko alderdi bitasunaren ondorioz, estatuko ordezkariak hazi egiten dira beste hauteskundeen aldean. Bigarrenik, kontuan izan behar da ezker abertzaleak inoiz ez duela ordezkaritzarik lortu Araban, eta horri erantzuteko garaia heldu da. Nafarroan, gainera, oposizioa osatzen dugunok —Bildu, NaBai eta Ezkerra— talka eta lehia politikoa dugu UPN eta PSNrekin. Horren guztiaren azpian dago bakegintzari eta normalizazioari eman behar zaion bultzada.
Maiatzaren 22ko emaitzek zer pisu izan dute Aralarren erabakian?
Aurrekari bat gehiago izan dira. Izan ditugu kontuan, baina emaitza horiek izan ez balira ere, hauteskunde orokorrerako aukerak direnak dira. Orain gure apustua da UPNrekin eta PPrekin lehiatzea. Egunero lehiatzen gara haiekin Parlamentuan, eta hauteskunde orokorretan ere lehiatu behar dugu. Nafarroako bigarren indarra bagara —eta hori lortzeko aukera benetakoa dugu— eta, batez ere, aurrerapauso bat ematen badugu gure ordezkaritzan —batetik bira pasata eta Senaturako aukera eskuratzen ere saiatuz— Euskal Herriko mapa politikoak beste urrats bat egingo luke. Nafarroan hiru aldiz soilik izan dira diputatu abertzaleak: behin atera zuen HBk, eta bi aldiz,NaBaik. Aurretik, EAJk 1931n atera zuen karlisten botoei esker. Bestela, EAJk ez du Nafarroan sekula atera.
Orotara, zenbat lor daitezke?
Hori oso zaila da. Esango nuke erronkaren bigarren urratsa dela Araban ordezkaritza lortzea. Segur aski, Gipuzkoan lehiatu beharko gara lehen indar gisa PSE-EErekin, eta Bizkaian hor ibiliko gara bigarren izateko.
Hauteskunde desberdinak badira ere, zer dela-eta posible izan da orain aliantza politiko bat egitea eta urtarrilean ez zen posible izan?
Nafarroa Bai sortu genuenok beti ibili gara zenbat eta elkarte zabalago egin, eta hobe. Abenduan hasi, eta otsaileraino ibili ginen hizketan batzuekin eta besteekin. Aralarren jarrera izan da betorik ez onartzea, eta esan genuen ez genuela ulertzen kanpoan daudenek barruan direnei betorik jartzea, onartzen ez dugun bezala barruan direnek kanpoan direnei betorik jartzea. Ikusi dugu ezker abertzaleko beste ikusmoldeak oraingoan, lehen ez bezala, deia EAJri ere egin diola. Gogoan izan behar da Hamaika Bil Gaitezen eta mugimendu horiek guztiak EAJrik gabe nahi zutela. Orain diote justu kontrakoa. Guk gauza bera diogu. Gure ustez, Nafarroan salbuespena egitea merezi zuen, eta horri betoa jarri diote EAJk eta independente batzuek.
Eztabaida bizia izan duzue, eta Derion militanteen %72k aliantzaren alde egin zuten. Dena den, %23 inguru aurka azaldu dira.
Ez da arrazoi beragatik izan, etaez da soilik Nafarroan izan. %23 horretatik zati bat nafarrak ziren, eta beste batzuk EAEkoak. Militante horien artean, baziren beste arrazoi batzuk. Abiadurak ez dira berdinak eta ezker abertzaleko beste iksumoldearekin izan ditugun gorabeherak eta eztabaidak ez dira egun batetik bestera gainditzen eta ez dugu denok abiadura berean gainditzen. Gauza asko aldatu beharko dira, eta, zalantzarik gabe, aldatuko dira.
Akordioa egintzat ematen da, baina oraindik ñabardura asko eztabaidatzeke daude. Zer geratzen da?
Hautagaitzak, diru kontuak, izena bera... Gauza horietan guztietan ere, negoziazioetan aurrerapausoak eman dira, baina oraindik ez dira amaitu. Amaitzean, gure asanbleari jakinaraziko diogu, eta bozkatu beharko da.
Hautagaiak zehazterakoan, Aralarren ustez, irizpide uniformeak izan behar dute lau lurraldeen artean?
Hitzartu da ordezkaritza horretan hitz eta nortasun propioa eta arazo propioak adierazteko bidea izango dituela Nafarroak. Ikasi egin behar dugu, eta UPNk eta PPk egiten dutena kontuan hartu. Gero izenak jarri behar dira, eta jarriko dira, bai.
Korapilo bat bihur al daiteke hautagaitzak erabakitzea?
Korapilatsuena beti ideiak dira. Ideiena gainditua da. Esate baterako, Aralarreko batzuei ez zaie aski asegarria iruditu lortutakoa,eta beste batzuei guztiz asegarria iruditu zaie. Nire ustez oso duina da lortutakoa.
Madrilera joango den talde horrek zer mezu eraman behar du Espainiako Gorteetara?
Joan behar dugu ERCko diputatuek azken ekitaldian adierazi zuten bezala, Euskal Herriko erabaki ahalmen demokratikoa eta giza eskubidezkoa defenditzera. Jakina, bizi garen krisialdi ikaragarri honetan arazo ekonomikoak, sozialak, kulturalak eztabaidatzeko gertu, betiere elkartasunaren eta aurrerakoitasunaren ikuspegitik.
Ezuste handirik ezean, Mariano Raxoiren gobernua izango da aurrean. Zer jarrera izan behar da?
Duintasunarena. PPren aurrean, gai garrantzitsuenetan gure mezua oso garbia izanen da. Taktikoki PP aurrean izateak ez digu zailtzen. Lorpenak, bai. Kontuan izan behar da PPk ere bilakaera izango duela eta bere aldaketak egingo dituela.
Bakegintzari dagokionez, orain arte Espainiako Gobernua jarrera immobilistagatik nabarmendu da. PPk ere ildo beretik joko du?
Abertzaleok perspektiba aldatu behar dugu. Euskal gatazkaren konponbidearen eta bilakaeraren inguruan, PSOE egon edo PP egon, estatuaren politika dago. Eta hori da, behingoz, Gernikako Akordioak aurreikusten duena. Horregatik aldebakarrekotasuna. Protagonista moduan guk egin behar dugu bakea, estatuak egiten duena egiten duela ere. Estatu politikari aurre egiteko, guk abertzaleok estatu jarrera izan behar dugu. Etorriko da, baina guk irabazten badugu zilegitasuna bideorriak ezartzen duen bide guztia eginez. Horregatik niri izugarrizko pena ematen dit EAJk ez izatea Gernikako Akordioa sinatzeko ausardiarik. Eta gauza bera esango nuke: Alderdi Sozialistak ez izatea Gernikako Akordioa sinatzeko ausardiarik. Are gehiago igandean [gaur] etorriko den albiste zoriontsuaren ondoren [Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako akordioa sinatu izana].
Aliantza ezker abertzale zibil horren eraikuntzarako urrats bat al da?
Elkartasuna egiteko ezinbestekoa da elkarlanean egitea urratsak. Elkarlanean urrats batzuk egin ditugu. Bat da gaur urtebete beteko duen Gernikako Akordioa. Ez da erraza izan hura kudeatzea. Izan da oso zaila, eta utzi ditu zauri asko. Zauri batzuk agerikoak dira, eta beste batzuk sendatu beharko dira, eta eman behar dira oraindik eman ez diren pausoak. Hori guztia horrela izanik ere, Gernikako Akordioa aldaketa kualitatiboa da Euskal Herrian. Aldaketa horrek eman du elkarlanerako aukera bat, eta beste elkarlan batzuk ere badatoz, eta ematen ari gara.
Hasiera batean aliantza horretan NaBai osoa egotea nahi zuen Aralarrek. EAJ eta Zabaltzenek ezezkoa ematea okerra dela uste duzu?
Bai, Nafarroarako, bai. Ortuzarrek berehala erantzun zigun ezetz. Nik uste dut betoaren doinua hartzea, eztabaidatu nahi ez izatea, NaBai bere nahi izatea huts bat dela. Azpi-azpian dago Nafarroari ez begiratzea. Nafarroan bi indar daude lehian: hemendik ateratzen ari den koalizioa eta UPN-PP. Gero badaude indarrak, errespetagarriak eta aintzat hartzekoak, baina lehia hor dago. Lehia horretan, kentzen den guztia antzua izanen da.
Demokratikoki onargarria da, baina hutsegite handi bat da.
NaBai koalizioa hautsi daiteke?
Ez dut uste. Mantenduko da indartsu eta oposizioko lehen indarra den heinean, Nafarroako alternatibaren kudeaketan egongo da.
Uxue Barkosen hautagaitza mehatxu bat da Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzalearentzat?
Ez. Inolaz ere. Berak hautagaitza onartzen badu, hutsegite bat egiten du. Bere garaian hitza eman zuen bi kargu izatea behin-behinean posible dela, baina luzarorako ez dela egokia.
Aurkeztu al daitezke NaBai markarekin?
Uste dut ezetz. NaBai bere egin nahi izatearen ondorio bat da. Beste izen bat hartu beharko lukete.
Aliantza gauzatu etaUPNk PPrekin ituna hitzartu du, euren arteko harremanenak hautsi eta hiru urtera.
Koalizio horren iragarpena entzun ondoren, eta, eurek aitortzen dutenez, horren ondorioz egin dute mugimendu politiko hori UPNk eta PPk. Hori esan du Barcinak, hori esan du Miguel Sanzek, hori esan du PPk. Euren arerio politikoa gu gara, eta gure arerio politikoa haiek dira. Soilik haiek.
Luze gabeko ikuspuntuarekin egindako mugimendu taktiko bat da UPNrena eta PPrena?
Bai, eta, gainera, zauri asko konpondu baino lehenago. Presaka eta zipoka. Horrek berresten gaitu gure apustuan asmatu dugula erabat.
Barcinak luzera begira UPN PPrantz gidatuko al du?
Zalantzarik gabe. Baina auzi horrek bazituen bere egutegiak eta une honetan, PPk eta UPNk estatu mailako politika egin dute. Guk ere saiatu behar dugu horregatik estatu politika egiten. Nafarroaren interesak eta Euskal Herriaren interesak ikusita, haiek aurrean jarri bazaizkigu aurre egin behar diegu.
Hauteskundeak aurreratzeko aukerarik ba al da?
Bai. Egonkortasunik gabekoa da oraingo gobernua. Murrizketak non egin behar dituzten, nola egin behar dituzten... hainbesteko ezadostasunak izatea UPNk eta PSNk ez du zentzurik. Non egongo dira arrasto gorriak? PPk eta UPNk hiru diputatu lortu, eta guk eta PSNk, bana, orduan bozak errepikatuko dituzte. Hori da marra gorria. Euren hirugarren diputatua eta gure bigarrena dira lehian. Horregatik du hainbesteko garrantzia gure hautagaitzak. Horregatik, orain arte inoiz ez bezala, abertzaleok alternatiba gara arlo guztietan.
Hauteskundeak aurreratuz gero, non legoke Aralar?
Ikusi beharko litzateke. Hauteskundeak aurreratuko balira, ez genuke eragozpenik denok batera joateko.
Patxi Zabaleta. Aralarreko koordinatzaile nagusia
«Inoiz ez bezala, abertzaleok alternatiba gara Nafarroan»
«Presaka eta zipoka» egin dute ituna UPNk eta PPk. Eurak dira, Zabaletaren ustez, alderdi abertzaleen arteko aliantzaren arerio bakarrak Nafarroan. Emaitzaren arabera, ez du baztertzen Barcinak bozak aurreratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu