Inori agintzerik ez duten nagusiak

Nafar foru administrazioko 55 atal eta 232 bulegotan nagusiak besterik ez daudela salatu du LABek

Asier Azpilikueta.
2007ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren Administrazioko langile guztien artean, 901 zuzendari nagusi, zerbitzuburu, atalburu edo bulegoburu dira. Hau da, lau langiletik bat. Hainbertze dira, zenbait nagusik ez baitute langile bakar bat ere beren esanetara. Horixe gertatzen zaie 55 atalbururi eta 232 bulegobururi.

LAB sindikatuak horri buruzko txostena aurkeztu du, eta burutzen kopurua «gehiegizkoa» dela erran du. LABek, gainera, salatu du emakumeak funtzionarioen erdiak baino gehiago izan arren Administrazioko mailetan goiti egin ahala gero eta emakume gutxiago dagoela zuzendaritza lanetan. Adibidez, zuzendari nagusien artean, %18,6 bakarrik dira emakumeak.

«Gainera, argi ikusten da emakume nagusi gehienak emakumeei gizartean eman ohi zaizkien rolei lotuta daudela», azaldu du Isabel Artieda LABeko ordezkariak. «Hala, Osasun, Gizarte Ongizate eta Hezkuntza departamentuetan daude».

Foru administrazioan prekarietatea dagoela ere salatu dute, langileen laurdenak ez baitira funtzionario. «Zerbitzuen funtzionamendu txarra dakar horrek, eta UPNk bultzatzen duen pribatizazio politika laguntzen du».

Bi ohar egin behar dira LABek aurkeztu duen txostenaz. Batetik,Osasunbideko langileen, foruzainen, suhiltzaileen eta irakasleen datuak ez dituztela jaso, mailaketa berezia dutelako. Bertzetik, datuak 2006ko abenduaren 31n gaurkotuta daudela. Hots, azken gobernua eratu baino lehenagokoak dira. LABeko Sabino Cuadrak erran du oraingo egoera «are larriagoa» dela, «gobernu berriak burutzen kopurua ugaritu baitu».

Konparazio batera, Hezkuntza Departamentuan, aurreko legealdian, bi zuzendaritza nagusi zituzten, eta orain, hiru, eta, gainera, erakunde autonomo bat sortu dute (Euskararen Nafar Institutua), baina horrek oraindik ez du zuzendaririk. Lehen, 9 zerbitzuburu eta 28 atalburu zituzten; orain, 12 zerbitzuburu eta 40 atalburu. «Egin beharreko lana berdin-berdina izanen da, baina kapitain gehiago eta marinel gutxiago izanen dira».



LANGILE BAKARRAK. Burutzen batez bertzekoa «lotsagarria» bada, are lotsagarriagoa da, Cuadraren ustez, zenbait departamentutan gertatzen dena; hainbat zerbitzu eta ataletan langileen %50, %60 edo %80 baino gehiago dira nagusiak. «Eta hori bezain lotsagarria da 55 ataletan eta 232 bulegotan bertako buruaz gain bertze langilerik ez egotea. Legearen arabera, buru horiei beren menpeko bulego edo unitateek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea dagokie. Baina nor koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko dute bakarrik baldin badaude?».

«Adiskidekerian, zentzugabekerian eta zabarkerian oinarritutako nahas-mahas administratiboa» bukatzeko, LABek hainbat neurri proposatu ditu. Burutzak sortzeko behar diren baldintzak zehatz-mehatz arautzea eskatu du, bai eta arautze horretan sindikatuek parte hartzea ere. Hirugarrenik, bulego eta atalburutza guztiak lehiaketa publiko bidez betetzea galdegin du, «hala jasotzen baitu legeak».

Burutza guztien erdiak (450) kentzeko eskatu du, azkenik; batez ere, batere langilerik ez duten 55 atalburutzak. «Sobran daude», erran du Cuadrak. «Eta kenduko liratekeen burutzen soldaten osagarriak C, D eta E mailetako langileen artean banatuko balira, bakoitzari 64 euro gehiago emanen litzaizkioke hilean».

Bihar, 10:30ean, Toki Administrazioko Departamentuaren egoitza parean elkarretaratzea eginen dute LABeko ordezkariek. «Departamentu hori lehena baita prekarietate eta burokrazia sailkapenetan, eta bigarrena sexismoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.