Christine Lamberty. Las Otras zinema taldeko kidea

«Inori baimenik eskatu gabe ahalduntzea erabaki zuen RoZok»

Duela 50 eta 40 urteko mugimendu feminista erradikalari begira paratu da gaur egun Lamberty, irakasbideak atera eta memoriari eusteko: «Borroka ulertzeko modu feminista zehazten saiatu gara beti».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun

Gazteentzako liburu klasiko bateko pertsonaia nagusia zen Rote Zora; baita ekintza zuzenak egiten zituen emakume gerrillari feminista bat ere. 1974an sortu zuten, Alemanian, Zelula Iraultzaileetako zenbait emakumek. Hitzekin eta indarkeriazko ekintzekin egin zioten aurre emakumeen kontrako bortxari, eta borroka feministari atxiki zioten arrazakeriaren, inperialismoaren eta kapitalismoaren kontrako borroka. 1995. urtean desegin zuten, eta tarte horretan sabotajeak egin zituzten askotariko erakundeen kontra: sex shop-ak, higiezinen espekulatzaileak, elektrizitate hornitzaileak, ehungintza enpresak, antzutze politiketan ari ziren botika enpresak... 2019an, Las Otras zinema taldeak RoZori buruzko dokumental bat ondu zuen, eta egunotan Euskal Herrian itzulia egiten ari da zuzendarietako bat: Christine Lamberty (Mullheim, Alemania, 1946). Ordukoez eta gaurkoez mintzatu da.

Ikusi gehiago:Rote Zorari buruzko liburua plazaratu du Katakrak argitaletxeak

Zergatik erabaki zenuen RoZo Rote Zora taldearen inguruko dokumental bat egitea?

1970eko eta 1980ko hamarkadetako emakume-bolleren mugimendu erradikalari buruzko pelikula bat egin nahi genuen. Nik mugimendu hartan parte hartu nuen. Borroka feministan garrantzi handia izan zuen arren, 1990eko hamarkadatik aurrera ez zen horretaz hitz egiten. Azkenean, RoZori buruzkoa egin genuen, gaia zehatzagoa delako, baina, aldi berean, ezin delako RoZori buruz hitz egin emakumeen mugimendu erradikala oro har aipatu gabe.

RoZon parte hartu zenuen?

Ez, RoZon ez.

Dokumentalean RoZoko kide batzuen hitzak ageri badira ere, batik bat beste emakume batzuk agertzen dira. Zergatik?

Gidoi bat prestatu eta RoZoko kideengana jo genuen. Oso eskutitz luzeak jaso genituen, eta esan ziguten prest zirela elkarlanerako, baina idatziz soilik. Beraz, plana aldatu, eta RoZori buruz hitz egin nahi zuten emakumeen bila hasi ginen. Horrekin batera, testu batzuk irakurri genituen pelikulan.

RoZoko kideek zergatik ez zuten iruditan agertu nahi izan?

Haiena borroka kolektiboa izan zen; kartzelan sartu zituzten kideen izenak baizik ez dira ezagunak, eta ez zuten hori hautsi nahi. Gainera, haietako baten esanetan, ez dute aurrerantzean ekintzak egiten jarraitzeko bidea itxi nahi.

Zein da RoZoren alderdirik interesgarriena?

Haiek erabaki zutela euren buruak ahalduntzea inori baimenik eskatu gabe. Gu ez ginen ausartzen gauza batzuk egitera; haiek, ordea, bai.

Lortu zuten beste emakumeak ahalduntzea?

Egia da talde txiki batzuk sortu zirela, baina ekintzak ez ziren oso erradikalak izan: ateetan Loctite kola jarri, pintaketak egin eta halakoak.

RoZoren ekintza zuzenek sortu zuten kalapitarik gizartean?

Mugimenduaren barnean jende guziak zuen RoZoren berri; izan ere, komunikatuak bidaltzen ziren, eta garai hartan liburu denda eta eztabaida gune asko zeuden; baina hedabide orokorretan eta gizartean, oro har, kasu gutxi egiten zioten mugimenduari.

Zer ekarpen egin zion RoZok mugimendu feministari?

Adorea ematen zion mugimendu feministari. Adibiderik esanguratsuena da Adler ehungintza enpresaren kontrako kanpaina. Jende askok parte hartu zuen kanpaina hartan Hego Koreako langileen borroka babesteko. Kanpaina martxan zela, RoZo sartu zen Alemaniako saltokiei eraso eginez. Kanpaina arrakastatsua izan zen.

Beste adibide bat da ingeniaritza genetikoaren kontrako kanpaina. Emakumeen mugimenduan oro har garrantzia handia zuen, eta RoZok hor ere ekarpena egin zuen. Kanpaina hark oihartzun handia izan zuen, eta agian horregatik gelditu zen atzean Alemaniako ingeniaritza genetikoa.

Indarkeria erabili zuen RoZok, baina ez zuen inor hil. Hori garrantzitsua da?

Hori irizpide nagusia zen.

Horrek zilegitasun handiagoa ematen zien ekintzei?

Agian bai, baina hori baino gehiago da, guk horrela ulertzen baikenuen borroka. Borroka ulertzeko modu feminista zehazten saiatu gara beti: ez dugu heroirik nahi, kolektiboan aritu nahi dugu, elkar zaindu behar dugu, bai talde barruan eta bai kanpora begira, eta albo kalterik ez dugu nahi.

Gaur egun posible litzateke halako talderik sortzea Europan?

Hori gazteei galdetu beharko zenieke, eta ez niri. Halere, RoZok sistema guztia jarri nahi zuen zalantzan, etengabe galdetuz zer motatako sistema dugun aurrean. Suarekin edo lehergailuekin hastea baino garrantzitsuagoa da prozesu hori egitea; hau da, sistema zalantzan jartzea.

Memoria gordetzeaz gainera, irakasbiderik ere atera daiteke dokumentaletik?

Zentzu handia du ezagutzeak garai hartan zer argudio, irizpide eta metodo erabili ziren, eta zer-nolako arrakasta izan zuten; garrantzitsua da gaurko erabakiak hartzeko. Izan ere, gaiak ez dira aldatu: emakumeen kontrako indarkeria, lan baldintzak hemen eta munduaren hegoaldean, ingeniaritza genetikoa eta ugalketa artifiziala.

Gai hau lantzeagatik kritikarik jaso duzue Alemanian?

Gutxi. Esan izan digute dokumentalean gauzak idealizatzen ditugula, eta mugimendu barruko kontraesanak gehiago azpimarratu genitzakeela. Baina jende gutxik esan digu hori.

Zerk egin zuen huts azkenean taldea desagerrarazteko?

Errepresio oldarraldi bortitzak mugimendua ahuldu zuen. Berlingo Harresia erori zen, eta egoera politikoa erabat aldatu zen. Horri lotuta, mugimendu feminista ez zegoen hainbeste kalean. Adierazi zutenez, ekintzak egin zitezkeen, baina haiei lotutako mugimendu baten berehalako oihartzunik gabe ez zela gauza bera.

Nola ikusten duzu gaur egungo mugimendu feminista?

Alde batetik, asko pozten naiz Espainiako Estatuan edo Hego Amerikan feminismoa gora doalako; horrek esperantza ematen dit. Baina, beste aldetik, hainbat feminismo daude, eta horietako zenbait sistemak xurgatu ditu. Adibidez, gaur egun, Alemanian Atzerri ministro feminista bat dugu, baina pertsona horrek ez du abizen hori merezi.

Zer erronka ditu feminismoak?

Emakumeen egoera hobetu ez ezik, sistema patriarkal osoa zalantzan jarri behar dugu. Jende gazteak horixe ulertzen du orain, eta horregatik piztu da interesa iraganeko emakumeen borroken inguruan. Sistematik at nola jokatu ikusi behar dugu. Kontua ez da zer egiteko baimena dugun; kontua da geure buruei galdetzea ea nola borrokatu dezakegun sistema oso bat inori baimenik eskatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.