«Inposizioa», asmoak eta neurri zehatzak

Elkarrekin Podemos-ek, PPk eta PSE-EEk nabarmendu dute «inposiziorik» gabe sustatu nahi dutela euskara. Hauteskunde programetan proposamenak eta konpromisoak ere badira euskararen normalizazioan aurrera egiteko.

Hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Euskararen normalizazioa helburu duten neurrien kontrako oldarraldi judizial betean heldu dira Eusko Legebiltzarreko bozak: igaro hilabeteetan sententzia ugarik auzitan jarri dituzte hala funtzio publikoan lan egiteko hizkuntza eskakizunak nola administrazioan euskaraz jardutea bultzatzen duten lege irizpideak. Horren harira, euskalgintzak jomuga nagusitzat jarria du euskararen normalizazioan aurrera egiteko modua emango duen akordio soziopolitiko berri bat lantzea. Ingurumari horretan, hainbat neurri proposatu dituzte talde politikoek beren hauteskunde programetan hizkuntza politikarako, eta zehaztapen hau egin dute hainbatek: «inposiziorik gabe» sustatu nahi dute euskara.

Elkarrekin Podemosek, PPk eta PSE-EEk: hirurek adierazi dute, beren-beregi, «inposizioa» saihesteko asmoa. Elkarrekin Podemosek hala adierazi du: euskara sustatu nahi du «inposiziorik eta baldintzarik gabe». PSE-EEk hizkuntza politikari buruzko atalari jarri dion goiburuan bertan aipatu du hitza: Inposiziorik gabeko euskara, mugarik gabeko euskara da. Euskara «debate politikotik» atera behar dela esan du. PPk ere, horra: «bizikidetzarako» euskara nahi du, «inposiziorik gabe».

EAJk xedea argi adierazi du: «Euskararen erabilera soziala areagotzeko baldintzak sortzea». Haren ustez, egungo mundu aldakor eta globalak «kultura soziolinguistiko berri bat» eskatzen du: «Gure gizarte honek elebitasun orekatua bilatzen du, eta, gainera, hiztun eleaniztunen aniztasuna aintzatetsi egiten du». Bide horretan, jeltzaleen asmoetako bat da euskara «doan» ikasteko aukerari bidea irekitzea: «Mailaz maila eta urrats guztietan: A1etik C2ra». Abiatua dute bidea; Ingura aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak lehengo hilabetean, euskara ikasteko plataforma digitala, eta heldu den urtean A1 maila ia doan ikasteko era emango du. Migratzaileei begira, prestakuntza «espezifikoa» agindu dute. Aisialdian, teknologia berrietan, lan munduan, ikus-entzunezkoetan eta turismoan ere euskara sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa azaldu dute.

EH Bilduk hauteskunde programako atal gehienetan aipatu ditu euskara sustatzeko neurriak, zehar lerro gisa. Propio hizkuntza politikari buruzko atalean, ohartarazi du egun euskara egoera zailean dagoela: «Euskalduntze prozesua impasse egoeran dago». Arazoen artean aipatu ditu, besteak beste, «arnasguneen ahultzea» eta kulturgintzaren «erreferentzialtasunaren galera». Egoera «erabat iraultze» aldera, esan du «politika publiko sendoak» behar direla, igaro hamarraldietan halakorik ez dela egin iritzita: «Azken hiru legegintzaldiak galduak izan dira». Helduen euskalduntzeari dagokionez, EH Bilduk zenbait konpromiso azaldu ditu «doakotasuna» lortze aldera, eta harago ere egin nahi du hor: Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Legea onartzea nahi du. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak proposatu ditu, eta administrazioan euskara «lan hizkuntza» izaten hastekoak. Osasun arloan proposamena da erietxe bakoitzean eta 25 langiletik gorako osasun zentroetan euskaraz ahalduntzeko «lan hariak» osatzea eta «formakuntza iraunkorra» ematea langileei.

«Leku» handiagoa

PSE-EEk euskarak «lekua irabazten» jarraitu behar duela onartu du programan, eta esan du bide horretan aurrera egite aldera «akordio berri bat» behar dela. Euskarari hizkuntza «propioaren» izaera onartu dio. Aldiz, zehaztu du ez dela egokia «euskal kultura eta euskarazko kultura parekatzea»: «Itsukeria galanta da». Funtzio publikoan euskarari eman behar zaion tokiari begira zehaztapena egin du: administrazio publikoan harremanetarako hautatzen den hizkuntza ofizialean arta «bermatu» behar da, baina «hobetu neurtu» behar dira alor horretan egiten diren eskakizunak, toki bakoitzeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta. «Doakotasunaren» bidean urratsak agindu ditu PSE-EEk ere euskara ikasleentzat, eta baita laguntzak ere bezeroei euskarazko arta ematea «nahi duten» enpresa eta establezimenduentzat.

Elkarrekin Podemosek ere agindu du C1 titulua lortu arteko «doakotasuna» bermatzeko asmoa, eta «kontziliazio neurriak» proposatu ditu ikasketa prozesuak errazteko. Onartu berria du Eusko Legebiltzarrak funtzio publikoan aritzeko hizkuntza eskakizunen dekretua, eta hori «berrikusi» egin nahi dute. Xede nagusi batekin egin nahi dute berrikusketa: ez dute nahi euskaraz ez jakitea «oztopo gaindiezina» izatea inorentzat. Bide horretan, migratzaileek dituzten premiei begira bereziki, «gizarte kolektibo espezifikoei euskalduntzea eragozten dien oztopoen diagnostikoa» egiteko asmoa ere azaldu dute.

PPk ere hizpide du programan Jaurlaritzak funtzio publikoan hizkuntza eskakizunak arautzeko ondu duen dekretua. «Indargabetzeko» asmoa azaldu dute. Auzitara ere jo dute dekretu horren kontra: helegitea jarria dute. EAEko Hezkuntza Legea abenduan onartu zen, eta hori ere kritikatu dute, familiek hizkuntza eredua aukeratzeko «askatasuna» dutela gogoratuta. Hizkuntza ereduak ez dira desagertu lege horretan, baina PPk propio aipatu nahi izan du programan A eredua, alegia irakasteko hizkuntza gaztelania duena.

Sumar Mugimenduak, Ezker Anitza-IUk eta Euskadi Berdeak hamar puntuko gobernu programa aurkeztu dute: hizkuntza politiken aipamenik ez du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.