Instituzioak eraldaketarako

Sortuk bere V. Nazio Konferentzia egin du asteburuan, Lakuntzan. Datozen urteetarako erronka nagusiak zehaztu ditu, eta EH Bilduren eta EH Bairen alde egindako urratsa defendatu.

Arkaitz Rodriguez, atzo egindako hitzaldian, Lakuntzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Sorturen V. Nazio Konferentzia alderdiaren «etorkizuneko erronkak finkatzeko unea» izan da. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du Lakuntzan (Nafarroa) egindako topaketan, eta ezkerreko subiranismoa jo du «eskuin erreakzionarioak» geratzeko eta gizartea eraldatzeko makina gisa. Hala, hauteskunde ziklo berrian erakundeetan indartzeko helburua jarri du.

Rodriguezen esanetan, beharrezkoa da krisi ekonomikoari aurre egitea, hura «betikoek ordaindu» ez dezaten, eta ezinbestekotzat jo ditu zenbait aldaketa: besteak beste, energia merkatuan eta sektore estrategikoetan esku hartzea, «kontrol publikoa bermatzeko»; gutxieneko soldata eta pentsioak Euskal Herriko «errealitate sozioekonomikora eta hemen dagoen indar harremanera» egokitzea; zaintza sistema publiko bat eraikitzea; eta hezkuntzaren eta osasunaren «merkantilizazioa» amaitzea.

Berehalako neurrietatik harago ere, «banaketa eta kontsumo ereduaren errotikako eraldaketarako» neurri estrategiko eta estrukturalen beharra ere adierazi du Rodriguezek: «Utopiaren bandera altxatu beharra dago, kapitalismoaren parez pare alternatiba erradikal eta integrala aldarrikatu». Helburua gizarte sozialista bat eratzea da, haren hitzetan, «bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituena».

Afera horretan, «burujabetzaren eta estatu propio baten aldeko» borroka da estaturik gabeko herrien ekarpena, Rodriguezen hitzetan: «Ez dago prozesu independentista baino egitasmo iraultzaileagorik». Izan ere, azaldu du Euskal Herrian «borroka askatzaile oro» nazio askapenetik igarotzen dela. «Botere politikoa behar dugulako borroka askatzaile horiek guztiak bururaino eramateko», argudiatu du.

Rodriguezek ezinbestekotzat jo du, beraz, ezkerreko subiranismoa indartzea, «kaleetan eta instituzioetan». Hala, EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du, eta proiektua sektore berrietara zabaltzearen alde agertu da, «fronte zabal subiranista eta aurrerakoi bat» eratzeko: «Apustu garbia egiten dugu EH Bilduk eta EH Baik ahalik eta erakunde gehien gobernatzeko». Horri erantzuteko «herri bulkada berri bat» martxan jartzeko beharra ere adierazi du.

Prozesu horrek hiru helburu nagusi ditu, Rodriguezen arabera: «eskuin erreakzionarioak gelditzea»; «eskubide sozial eta ekonomikoak berreskuratzea»; eta, eskuina Espainiako Gobernura iritsiz gero, «erasoaldi errepresiboari» herri gisa aurre egiteko indarra metatzea. «Azkenean nagusitzen badira, gogotik ordainduko dugulako; emakumeek, LGTBI kolektiboak, langile eta herri sektoreek, herriek», azaldu du.

Arriskuak eta aukerak

Rodriguezen hitzetan, «garai historiko berezia» da oraingoa. Hiru argudio plazaratu ditu ideia hori defendatzeko. Batetik, adierazi du «historian lehen aldiz» kapitalismoa «kolokan» jartzen ari dela bizitzaren iraupena bera. Bestetik, «inoizko ezberdintasun sozial handienak» eragin izana egotzi dio sistema ekonomiko berari. Horiei «erregai fosil merkeen aroaren» amaiera gehitu die.

«Arriskuekin» batera «aukerak» ere sortu direla azaldu du Rodriguezek. Besteak beste, Gabriel Boric Txileko presidentearen eta Gustavo Petro Kolonbiako haren homologoaren garaipenak jo ditu horren adierazletzat. Beraz, defendatu du «bataila horren emaitza» ez dagoela idatzita. «Botere bokazio eta botere estrategia argi batekin eman beharra dago bataila hori», gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.