Udal eta foru hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Instituzioetara «haize berria» eraman duela esan du Aralarrek

Gardentasuna eta diru publikoaren kudeaketa egokia dira alderdiaren nortasun ikurrak, Ezenarroren esanetan

Rebeka Ubera, Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe, Jon Abril eta Silbestre Balerdi, atzo, Irunen. GARI GARAIALDE / ARP.
jokin sagarzazu
Irun
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerga iruzurraz eta diru publikoaren kudeaketaz mintzatzeko Gipuzkoako Irun hiria hautatu du Aralarrek. Gipuzkoako Ogasunarentzat lan egiten zuten zenbait buruzagik 90eko hamarkadaren amaieran hiri horretako bulegoan egindako iruzurrak izan dituzte hizpide Rebeka Ubera Aralarren Gipuzkoakozerrendaburuak eta Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko eledunak. Uberak nabarmendu duenez, zerga iruzurraren aurka «tinko eta gogor» borrokatzeko konpromisoa agertu du Aralarrek aurreko legealdian, eta hala jarrituko du datorrenean ere. Salatu du azken legealdian Foru Aldundiak ez duela «benetako borondate politikorik» agertu zerga iruzurra amaitzeko, nahiz eta ikerketa batzorde bi sortu. Batzorde horiek sakoneko arazoa saihestu baino gehiago «hauteskunde jokoetarako» erabili direla salatu du.

Uberak nabarmendu duenez, gisa horretako jarduerak saihesteko, «errotik» aldatu behar da Gipuzkoako zerga sistema. Salatu du herrialde horretako errenta altuenetan dagoela «iruzur poltsa handiena». Hori hala, ikuskaritza fiskala indartu behar dela esan du, ikuskari gehiago jarriz eta zerga errenta «guztiak» ikuskatuz. «Zerga sistema hau ez da eramangarria eta ikuspuntu sozialetik jasanezina eta onartezina da», salatu du.

Zintzoak, sineste sendokoak

Ezenarrok, berriz, nabarmendu du Aralarrek«haize berria» eraman duela euskal instituzioetara, baita alor horretan ere. Azaldu duenez, Aralarren nortasun ikur bihurtu dira gardentasuna eta diru publikoaren kudeaketa egokia. «Printzipio sakonekin gatoz politikara, eta ez onura ekonomikoak lortzera. Euskal politika oxigenatu nahi dutenei esan nahi diet Aralarrek tresnak dituela, baina batez ere pertsona zintzoak eta sineste sendokoak».

Aralarrek egoitza berria ireki zuen atzo Irunen, Gipuzkoako Behe Bidasoko eskualdean lehena, eta, Ubera eta Ezenarroz gain, han izan ziren Jon Abril alderdiko koordinatzaileordea, Oxel Erostarbe legebiltzarkidea eta Irun eta Hondarribiko Aralarren zerrendaburuak, Silbestre Balerdi eta Eñaut Elizegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.