Seaskak lanabes pedagogiko berriak ezarri ditu plantan, ahalmen urriko haurren eskolaratzea bermatzeko. Izan ere, Seaskak ahalmen urriko 37 haur eskolatzen ditu gaur egun, eta 41 izan daitezke ikasturte honetan. Hamahiru urte bete dira Seaskak integrazio xedeari ekin zionetik; orduan ahalmen urriko ikasle gehienak lehen mailan zeuden, baina orain bigarren mailan daude, eta egitasmo hori bermatzeko, Seaskak IEP Inklusio Egitura Pedagogikoa sortu du. Gaur egun haur bat dago ama eskolan, hamahiru lehen mailan, 22 kolegioan, eta bakarra lizeoan. Hamalau ikastetxetan banatzen dira.
Ama eskolatik lizeorako bidea bermatzeko tresna da IEP. Lanabes hori Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioan kokatzen da. 2010eko urtarrilean egitura hori sortzea eskatu zuen Seaskak, eta irailean abiatu, hiru haurrekin. 2011n bost haur izan ziren, eta zazpi dira gaur egun. Haur horiek laguntza berezia hartzen dute haien egoerak hori eskatzen duelarik, eta bertzenaz gainerateko haurrekin daude geletan. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ordaintzen du irakaslea, eta Kontseilu Nagusiak gelako ekipamendua eta laguntzailea.
Haur bakoitzak laguntza ukan dezan, familiek txosten bana bete behar dute, eta eginkizun horretan ere Seaskaren laguntza dute. Integrazio Batzordeak bi langile ditu, ahalmen urritasun txostena egin, bizi proiektua osatu, artatzaileekiko lotura egin, eskolatze xedean engaiatu eta norabideak zehazteko. Bi pertsona horiek ordaintzen laguntzeko, aurten, lehen aldiz, Kontseilu Nagusiak 30.000 euroko laguntza eman dio Integrazio Batzordeari. «Integrazio Batzordeak lan egiteko molde egokia asmatu zuen, eta gaur egun ikus genezake erabaki zuzena zela, gainerateko eskola ereduetan ere plantan ezarri dugun egitura hobesten dutelako», erran zuen atzo Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.
Maldan gora
Ahalmen urriko haurrak eskolatzea agintzen zuen legea onartu zuen Frantziako Gobernuak 2005ean. Geroztik, laguntzaile postuak kentzen ahalegindu den arren, Integrazio Batzordeak auzitara eraman du Frantziako Hezkuntza Ministerioa, eta auzia irabazi. Orain laguntzaile postuak bermaturik ditu, baina Seaskaren gain gelditzen dira oraindik haur horiek behar dituzten hezitzaile postuak. «Aurten 96.000 euro inguru beharko ditugu ahalmen urrikohaurren integrazioa bermatu ahal izateko», erran du Dominique Idiart Seaskako Integrazio Batzordeko presidenteak.
Auzia irabaziz eta Kontseilu Nagusiaren laguntza ukanez, aurten bost laguntzaileren eta hamabi hezitzaileren hilabete saria bere gain hartu beharko ditu Integrazio Batzordeak. Izan ere, familiak etxez aldatzen direlarik, osoki berritu behar da eskola laguntzailearen eskaria; anartean, haurra eskolan atxiki ahal izateko, Integrazio Batzordeak ordaintzen du lanpostua. Kopuruak emendatu ahala, gero eta zailagoa zaio ahalmen urriko haurren integrazioa bermatzeko aurrekontua osatzea.
Integrazioak tresna berriak ditu Seaskan
Inklusio Egitura Pedagogikoa ezarri du abian Seaskak, ahalmen urriko haurrak bigarren mailan integratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu