Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Laura Garrido. PP

«Interes orokorra lehenetsita, akordioak lortuko ditugu»

Gobernatzeko akordioak beharrezko izango direlakoan, espero du «interes orokorra» lehenestea orain PP urrun nahi dutenek. Enplegua sortzea da haien proposamen nagusia: «Hori ere bada Euskadiri buruz hitz egitea».

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Laura Garrido (Gasteiz, 1970) PPren hautagaia da Espainiako Kongresurako hauteskundeetan. Legebiltzarkidea da Gasteizen, eta zerrendako laugarrena alderdiaren Arabako hautagaitzan. Alderdi Popularraren Gasteizko egoitzan hartu du BERRIA, PPren proposamenak azaltzeko.

Inkesta guztien arabera, PPk irabaziko ditu hauteskundeak, baina akordioak beharrezkoak izango dira.

Guk esaten duguna da herritarren hitza errespetatu behar dela. Akordioak beharrezkoak dira, baina beti herritarrek esan dutena aintzat hartuta.

Saiatu ginen akordioak lortzen, baina alderdi batzuek betoa jarri zioten PPri. Bereziki, Pedro Sanchezek. Hark esan zuen ez zuela hitzik egingo PPrekin. Gero,gauzak gaiki atera zitzaizkion. Ciudadanos, berriz, PSOEren makulua izan da. Eta badakigu Podemosen helburua zein den: boterera heltzea, boterea kontrolatzea eta atzera joatea. Nik uste dut herritarrek oso kontuan izango dutela bakoitzak zer egin dugun.

Ez dirudi babesa lortzea erraza izango duenik Rajoyk.

Gauza bat da orain esaten dena, baina espero dut denok arduraz jokatzea. Pentsatu nahi dut orain gauza bat defendatzen dutenek gero interes orokorra lehenetsiko dutela. Hala bada, argi dago akordioak lortuko ditugula.

Ustelkeria kasuak akordioak lortzeko oztopoa izan daitezke?

Ustelkeria kasuak hor daude, baina gogoratu behar dugu PPkneurri asko bultzatu dituela zentzu horretan. Botere judizialak baliabide gehiago ditu ustelkeria ikertu eta zigortzeko. Argi dago ustelkeriaren aurka jardun behar dugula, alderdi guztiek. Ezin gara elkarri ustelkeria leporatzen aritu. Neurriak hartu behar dira.

Hainbat alderdik alboratzeko eskatu diote Rajoyri, PPren finantzaketa sistema auzitan dagoela eta.

Gai horretan ez dago epairik. Orduan, nik galdetuko nuke: zer egin behar luke Sanchezek, [Jose Antonio] Griñan eta [Manuel] Chavez [Andaluziako presidente ohiak] inputatuak izan direnean? Zer egin behar du EAJk hainbat ustelkeria kasuren berri izaten ari garen honetan? [Alfredo] De Miguelen kasuan, Araba Buru Batzarreko bigarren arduradun nagusiaz ari gara. Seriotasunez jokatu behar dugu, eta komenigarria izango litzateke ustelkeriaren kontrako neurriak hartzen jarraitzea.

Hautagaien arteko lauko debatean ez zitzaion aipamenik egin Euskal Herriari.

Horrelako debate batean zaila da gauza zehatzei buruz hitz egitea. Nik uste dut Euskadiri buruz hitz egin dela enpleguari buruz hitz egin denean, eta esaten dugunean PPrentzat politika sozialik hoberena enplegua dela, edo esaten dugunean beharrezkoa dela PPk gobernuan jarraitzea ekonomia suspertzen jarraitzeko. Horrek eragina du Euskadin. Gure proposamena da 2020rako 20 milioi lanpostu egotea. Egia bihur daiteke, 2014an eta 2015ean 500.000 lanpostu sortu baitziren urte bakoitzean.

Gizartean desberdintasun ekonomikoak handitu egin dira, ordea. Zer proposatzen du PPk aberastasuna banatzeko?

Esan behar dugu Espainian kontratuen %75 behin betiko kontratuak direla. Bazterkeria arriskuan dauden pertsonak, txostenak ikusten baditugu, jaitsi egin dira. 2014an, herritarren %7,4 ziren; 2015ean, berriz, %6,4. Beharrezkoa da ongizate estatua bermatzea, eta hori posible da ekonomia ondo badoa. Egoera ekonomikoa ona bada, ongizate estatua eta zerbitzu publikoak berma daitezke. Egia da oraindik gauzak dauzkagula egiteko, baina horregatik eskatzen dugu konfiantza izateko PPn, bide horretatik jarraitzeko.

Hurrengo gobernuak murrizketak egin beharko ditu?

Mariano Rajoyk eta PPk argi esan dute: enplegua sortzen jarraitzen badugu, ez dira beharrezkoak izango.

Garoña ixtearen aldekoa da PP?

Dauzkagun datuekin, eta segurtasuna ez bada bermatzen, ezin da Garoña ireki. [Javier] Marotok Gasteizko alkate zenean ere oso argi utzi zuen. Gainera, zentrala orain geldirik dago. Itxita dago, eta badirudi itxita segituko duela.

Eta fracking-a debekatzearen aldekoa?

Argi aipatu dugu [Eusko] Legebiltzarrean gaia eztabaidatu dugunetan. Teknika garatzeko, segurtasuna bermatu behar da, eta, gaur egun, ikertzen ari da.

PPk errekurtsoa jarri diofracking-aren kontrako legeari.

Gobernuak errekurtsoa jarri du, ez fracking-aren aurka edo alde egoteagatik, baizik eta eskumenei lotutako arrazoiengatik.

Gobernua osatzen badu, hezkuntza legeari eutsiko dio PPk? Euskal Herrian hezkuntza komunitatea legearen aurka dago.

Legeak, batzuetan, gustukoak dira; beste batzuetan, ez, baina errespetatu egin behar dira. Ezin dira desobeditu. Legeak alda daitezke, baina proposamen positiboak eginez. Batzuetan, ematen du hemen bakarrik kritikakegiten direla, eta ez dira alternatiba hobeak ipintzen mahai gainean.

Zer egin dezake Espainiako gobernuak Euskal Herriko normalizazio politikoaren alde?

Egia da, ETAk terrorismoa utzi zuenetik, aldi berrian gaude, baina oraindik gauza asko lortu behar ditugu: elkarbizitza sendotu eta memoria ondo bideratu behar dugu, gertatu direnak ez ahazteko eta berriro ez gertatzeko.

Espetxe politika aldatu beharko litzateke hurrengo legealdian?

Kartzela politikak badu malgutasuna. Gizarteratze politikak aplikatzen dira, baina baldintza batzuk bete behar dira.

Legeak dio kalera ateratzeko eskubidea dutela gaixotasun larriak dituzten presoek, eta aintzat hartu behar direla Europan betetako kondenak.

Bide horiek erabili dira erabili behar izan direnean, baina baldintza batzuk beteta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.