Internazionalismotik «eraikuntza elikatzen» segituko du Askapenak

Erakunde internazionalistaren 25. urteurrena ospatuko dute larunbatean Altsasun

Donostia
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Sistema kapitalista-inperialista-patriarkala pertsona eta herrien aurka ari da gupida barik zapalkuntza eta esplotazio bidegabean, bere izaera are nabarmenago bilakatzen, egiturazko krisi honetan. Baina herriak bizirik jarraitzen du, borrokan».

Aldarrikapen hori zabalduz oroitu zituzten Askapeneko kideek erakundearen 25 urteak, atzo Donostian egindako agerraldian. Hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalen babesaizan zuten: ezker abertzaleko, LAB sindikatuko, Bilgune feministako, Herrirako, Etxerat-eko, Alternatibako, Euskal Herrian Euskaraz-eko, Elkartzen-eko, Gazte Mugimenduko eta Bai Euskal Herriariko ordezkariak bertaratu ziren.

Urteurrenaren harira, larunbatean, hilak 10, Altsasun (Nafarroa) elkartzeko deia egin dute. Askapeneko kide Itsaso Lekuonak azaldu du duela 25 urte bezainbeste arrazoi daudela gaur «eraikuntza nazional eta soziala internazionalismoan oinarrituta elikatzen jarraitzeko», eta orain arteko esperientziaz baliatuta, eta barne eztabaida baten ondorioz, «izaera eta egitekoak finkatu» dituela erakundeak. «Beharrezkoak diren lan ildo eta elementuak eskainita, harremanak elikatuta eta Euskal Herriko eraikuntza nazional eta soziala internazionalismorantz erakarrita».

Lekuonak azaldu du Euskal Herrian «askapen prozesua» aro berri batean dagoela. Herritarrek«lortutako eskubide zibil, politiko eta sozialak sistematikoki deusezten ari da sistema kapitalista Europako Batasuna eta finantza botereen babesean», adierazi du Askapenak.

Horrez gain, salatu egin du giza baliabideetan eta baliabide naturaletan aberatsak diren eremuetan «estatu kolpe, militarizazio eta esku hartze inperialistak» areagotzen ari direla, baita Espainiako eta Frantziako estatuak «Euskal Herriari dagozkion eskubideak ukatzen» ari direla ere, «errepresio, murrizketa eta zentralizazioaren bitartez».

Halere, herriek duten jarrerarekin baikor azaldu dira. Haren hitzetan, Latinoamerikan, esaterako, «sistema kriminal» horren aurka «bizirik eta borrokan» jarraitzen dute. Lekuonak adierazi du Ekialde Hurbilean zenbait herrik inperialismoaren estrategiari «hortzak» erakutsi dizkiotela herritarren «erresistentziaren eta mobilizazioen bitartez». Eta olatu hori Europara ere heldu dela pentsatzen dute kideek: «Neurri apalagoan bada ere, ikusten dugu Europan ere, inperialismoaren bihotzean, erresistentzia eta herri mobilizazioak indartzen ari direla. Estatuen eta Kapitalaren Europa zalantzan jartzeraino».

Babesa manifestazioari

Askapenaren Eguna eta Baionan egingo den euskal presoen aldeko manifestazioa egun berean izango dira. Altsasura joateko gonbita egin dute, baina manifestazioarekin bat egiten dutela ere adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.