Martxoaren 8a borroka feministaren bozgorailu eguna da. Beste behin ere Euskal Herriko emakume langileok kalera atera eta gure aldarrikapenak ozen oihukatuko ditugu. Baina gure borroka internazionalista ere bada, patriarkatuak munduko txoko guztietan jipoitzen, hiltzen, bortxatzen, mespretxatzen, baztertzen, behartzen, esplotatzen baikaitu, eta Euskal Herrian patriarkatua ez dugulako errotik ezabatuko munduko emakume guztiak aske ez diren bitartean. Kurduek esaten duten moduan, “emakumeok gara zapaldua izan den lehenengo nazioa”.
Gure borroka eremua Euskal Herria dela ahaztu gabe, beharrezkoa dugu zapaldutako gainerako herrietan emakumeek aurrera eramaten dituzten borrokak ezagutzea, bertatik ikastea eta gure elkartasuna adieraztea. Horretarako, gaurkoan, bi herritako emakumeen esperientziak azaltzera gatoz. Batetik, emakume kurduek Ekialde Hurbilaren bihotzean egiten duten borroka eta, bestetik, Argentinako jatorrizko emakumeena, Abya Yalako hainbat herri indigenen batasunetik aurrera eramaten ari direna.
Kurdistango emakumeen borroka. Azkenaldian prentsan irakurri izan dugu Estatu Islamikoaren aurka borrokan emakume gerrillariak daudela, eta asko harritu egin dira Ekialde Hurbilean emakumeak armaturik ikustean. Egunkarietan emakume hauek “nobedade” bezala aurkeztu dizkigute, baina berritik gutxi dauka emakume kurduen borrokak.
Borroka hau Kurdistango askatasunaren aldeko borrokari estuki dago loturik. Kurdistango askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka 1978an hasi zen PKKaren sorrerarekin, Kurdistan herri bezala definitu zuen lehenengo erakundea. PKKak feminismoa bere estrategiaren eta proiektu politikoa den konfederalismo demokratikoaren puntu garrantzitsuenetako bat bezala definitu zuen, Ocalanek esan zuen moduan “Kurdistango herria ez baita libre izanen emakumeak aske ez diren bitartean”.
Kurdistango gizartean patriarkatua oso erroturik dago eta zaila izaten ari da inposatutako rolak iraultzea. Honetarako emakumeen auto antolakuntzaren aldeko apustua egin dute: gerrillan, hasiera batean gizonezkoekin batera borroka egiten bazuten ere, rol eta pentsaera patriarkalek sortzen zituzten trabak ikusita, kuartel eta antolaketa independentea dute emakume eta gizonek. Gaur egun, erakunde mixtoetan emakumeak kide guztien %50a izan beharra dute derrigorrean, eta buruzagitzan ere beti gizon bat eta emakume bat egon behar dira. Honetaz gain, haien erakunde propioak dauzkate: herri mailako asanbladak, gerrilla eta autodefentsarako unitate propioak, garapen ideologikoaz arduratzen den alderdia… Erakunde guztiak KJB-n (Komalên Jinên Bilind, Kurdistan osoko emakume iraultzaileak) koordinatzen dira 2005tik.
Egunkarietan emakumeak armak eskutan ikusi genituen Kobanen, duela bi urte hasitako iraultza babesten. Izan ere, bertan konfederalismo demokratikoaren sistema martxan jartzea lortu dute, eta emakumeen askapenerako aurrera pausu itzelak ematen ari dira. Orain, lortu dute haien lurraldea askatzea eta aurrera jarraitzen dute euren iraultza feministarekin.
Argentinako jatorrizko emakumeen borroka. Ekialde Hurbiletik munduko beste puntara eginen dugu salto, Argentinara, espainiarren genozidioari bizirautea lortu zuten 36 jatorrizko herriengana. Hemen ere, emakumeak baztertuak, pobreziara eta gosera kondenatuak, bortxatuak, jipoituak, haien lurretatik kanporatuak, izaten dira, haien kulturaz eta itxuraz barre egiten diete. Baina hemen ere, emakumeak zutitu eta jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko borrokan ari dira.
Duela bi urte haien artean biltzen eta eztabaidatzen hasi ziren euren eskubideak defendatuko dituen lege bat idazteko, “ley por el buen vivir” deitu dutena. Lege honen bidez, jatorrizko emakumeen behar kultural, sozial eta politiko bereziak onartuak eta asetuak izatea bilatzen dute, Argentinako erakunde politiko eta sozialek ez dituztelako kontuan hartzen eta aldarrikatzen. Baina ez hori bakarrik, jatorrizko herrien egoera ere hobetu nahi dute legearekin, izan ere, haien lurrak errekurtsoetan aberatsak direla-eta etengabeko gatazkak dituzte enpresa transnazionalen eta Argentinako (in)justiziarekin, lurrak lapurtzen baitizkiete.
Bi urtez herriz herri asanbladatan biltzen egon ostean, pasa den hilabetean, otsailaren 13tik 16ra, herri guztietako emakumeen ordezkariak bildu ziren eta legea idatzi zuten. Prozesu hau guztia aurrera eramateko ez dute inolako laguntzarik jaso: haien artean antolatuz eta elkarri lagunduz lortu dute guztia, auto stop eginez zeharkatu dute Estatua, dirurik gabe, Argentinako erakunde eta kolektiboen laguntzarik gabe, eta komunikabideen isiltasunarekin. Apirilaren 21an mobilizazio handi bat eginen dute Buenos Airesen eta Argentinako Kongresu Nazionalera joanen dira, lehen aldiz bertan hitza hartu, lege hau aurkeztu eta onartua izan dadin exijitzeko.
Kurdistango eta Argentinako jatorrizko emakumeak adibide argia dira nola herri bakoitzean, bertako egoera, historia eta kulturaren arabera, borroka feminista aurrera eramateko modu ezberdinak dauden. Hala ere, bietan emakumeen arteko batasuna eta auto antolakuntza dira giltza. Emakume langileok batuta gure estrategia eta borroka moldeak aukeratu eta sistema kapitalista, inperialista heteropatriakalari aurre egiteaz gain gure alternatiba propioak eraiki behar ditugu, Euskal Herrian eta munduko txoko guztietan. Beraz, batu gaitezen euskal emakume langileok, eta goazen Euskal Herria morea eraikitzera! Martxoaren 8an kaleetan ikusiko dugu elkar!