Maialen Garmendia. EHUko Soziologia irakaslea

«Internet ez da txarra; erabilera desegokia izan daiteke, ordea»

Egungo nerabeek egunero erabiltzen dituzte teknologia berriak, eta Interneten munduari buruz dena dakitela uste dute. Ez dira ohartzen, ordea, segurtasun neurririk hartu gabe nabigatzen dutela usu sarean.

ANDONI CALLENADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Maialen Garmendia (Donostia, 1964) EHUko Soziologia irakaslea da, eta aztertu du zer harreman duten 9 eta 16 urte bitarteko Europako nerabeek teknologia berriekin. Ikerketaren emaitzek hainbat gogoeta sortu dizkiote soziologoari: gizarteak Interneten erabileraren eta gaztetxoak babesteko prebentzio neurrien inguruan hausnartu behar lukeela uste du.

Zergatik da garrantzitsua landu duzun gaia?

Interes handia piztu izan dute nerabeek teknologia berriak erabiltzean izan ditzaketen arriskuek. Horregatik, haurrak Interneten babesteko neurri politikoen aholkularitza lana egiten dugu. Europako Batzordeko programa batekin elkarlanean aritu gara, haurrak teknologia berrien erabileratik babesteko eta segurtasuna bermatzeko.

Sarearen erabilera hedatu denetik, komunikazioa bi aldekoa bilakatu da, eta, nerabeek Interneten nabigatzen dutenean, eduki desegokiak ager dakizkieke. Hori dela eta, segurtasuna bermatzeko joera areagotu da, batez ere «ahulenena».

Zer bilatzen dute nerabeek teknologia berrietan?

Batez ere, sozializatzeko esparru bat. 2006an, ikerketa hasi genuenean, Messenger erabiltzen zuten; gero, sare sozialak; gaur egun, Whatsapp. Baina urte horietan guztietan helburu nagusia bera da: kideekin harremanetan egotea. Horrez gain, informazioa bilatzea oso ohikoa bihurtu da, baina komunikazioa da Interneten erabiltzaileen helburu nagusia. Azken finean, nahiz eta formak aldatu, garai bateko eta oraingo jarrerak berberak dira oraindik.

Nolakoa izan behar du guraso eta irakasleen inplikazioak?

Haurrek egunero erabiltzen dituzte teknologia berriak, gehienbat aisiaren inguruan. Baina teknologia horiek eskaintzen dituzten baliabideak kontuan hartuta, irakaskuntzarako ere oso baliagarriak izan daitezke. Beraz, bai guraso eta bai irakasleek bat egin behar dugu, teknologia horien erabilera egokiena izan dadin, bai aisialdian eta bai eskolan ere.

Esan duzu nerabeen jokaera menpekoa izan beharrean konpultsiboa dela.

Askotan esaten da gazteak menpekoak direla. Baina menpekotasun termino horrek nolabaiteko eztabaida sortzen du. Batzuen esanetan, jokabideek ez dute menpekotasunik sortzen. Gaur egun, zabalduago dago gehiegizko erabileraren ideia, hau da, jarrera konpultsiboarena. Ingalaterran egin den ikerketa batean ondorioztatu dute ikertutako haurrek joera konpultsiboa azaltzen zutela, eta ez guztiz menpekoa.

Egungo gizarteak ez al du gehiegi larritzeko joera nabaria?

Bai, baliteke horrela izatea. Ingelesez moral panic esan ohi dugu. Interneten eta haren inguruan ikertzen daramagun bederatzi urte hauetan, ikusi dugu arriskuekiko kezka eta izua oso zabalduta dagoela egungo gizartean. Badirudi Interneten dena dela pornografia. Noizbait gertatu izan zaigu eskoletan gazteenak elkarrizketatzean Interneten pederasta asko dagoela entzun izana, baina pederastak ez daude Interneten; pederastak inguruan egoten dira, zoritxarrez. Horren ondorioz, hedabideari ezartzen zaizkio bertan gertatzen diren gauza on eta txar guztien etiketak. Eta ez da horrela. Internet ez da txarra; erabilera izan daiteke desegokia.

Non dago segurtasunaren eta kontrolaren muga?

Arazoa da geroz eta zailagoa dela gailu mugikor hauek kontrolatzea. Lehen, etxeko egongelako ordenagailua erabiltzen zuten, baina egun, haur batek mugikorrean egiten duena kontrolatzea askoz ere zailagoa da. Horrek eramaten gaitu guraso eta hezitzaileok beste estrategia batzuk erabiltzera, gazteek Interneten egiten dutenaren berri jakin nahi badugu. Orduan, eraginkorrena horren inguruan hitz egitea da gailuak erabiltzen hasten direnetik.

Arriskuak beti egongo dira, saihetsezinak dira. Segurtasuna bermatzeko modurik eraginkorrena litzateke gazteak Interneten inguruan ahalduntzea: jakin dezatela bortizkeria irudiak edo irudi desegokiak ikusten dituztenean nola eman behar duten parte. Aurrena, alfabetizatu egin behar ditugu, eta, gero, okerren bat gertatzen bazaie, gurasoei edo hezitzaileoi esatea litzateke egokiena. Saihestu behar da nerabeek duten ideia: pentsatzen dute zigortuak izango direla edo Internet kenduko diegula horrelakoak gertatzen zizkienean.

Nola konpon liteke nerabeen jarrera kritikorik eza? Interneten inguruko hezkuntzarekin?

Nerabeek pentsatzen eta esaten dute asko dakitela Interneten inguruan, baina elkarrizketatutakoen portzentaje handi batek ez dakite denuntzia botoia erabiltzen. Jarrera kritikoaren falta hori konpontzeko, horretara bideratutako hezkuntza sistema bat behar dugu. Baina ez Internetera eta erabilerara soilik mugatuko dena.Jarrera kritikoagoa sustatu nahi badugu, erabileraren inguruko gogoeta bultzatu behar dugu.

Gurasoek ere Interneten inguruan ikasi behar lukete?

Bai. Gurasook ahalegin bat egin behar dugu teknologia horren erabilerara gerturatzeko, edo gu geu erabiltzaile bihurtzeko. Azken batean, helduentzat, teknologiaren erabilera, bere hartan, oso helburu baliotsua izan daiteke egungo gizartean bizitzeko. Ez da soilik gure haurrak zertan dabiltzan hobeto kontrolatu ahal izateko; gure mesederako ere izan daiteke. Uste dut hor erronka bat dagoela gurasoontzat. Ez dakit orain, baina duela hainbat urte hainbat gurasok bazuten esateko joera: «Guk horren inguruan ez dakigu ezer». Ados, ez dakizu ezer, baina inoiz ez da berandu zerbait ikasteko. Beraz, gurasook halako joera proaktibo bat izan behar dugu.

Ezjakintasun hori ikusita, nolakoa behar luke joera proaktibo horrek?

Ez dakigu ezer, edo oso gutxi dakigu. Baina agian gure seme-alabekin ikas genezake. Betiere, kontuan hartu behar dugu zer eskatzen dugun eta nori eskatzen diogun. 15 urteko bati ez diozu galdetuko sare sozial bat nola erabiltzen den. Aldiz, 12 urteko batekin errazagoa izango da horrelako asmoak betetzea eta, aldi berean, zertan dabilen jakitea. Pentsatzen dut gure seme-alabengandik ikas dezakegula, baita bilobengandik ere, Europa iparraldeko esperientzia batzuetan ikusi den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.