Julen Gorosabel. Gehituko kidea

«Intersexualak lehen aldiz lege batean sartu izana oso positiboa da»

BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Loratuz Lotuk eta Gehituk deituta, elkarretaratzeak egin zituzten alderdi sozialistaren egoitzen aurrealdeetan, abenduaren 10ean, PSOEri eskatzeko bertan behera utz zezala genero autodeterminazioarekin lotuta trans legeari ezarria zion zuzenketa. Julen Gorosabel (Donostia, 1995) Donostiakoan izan zen.

Zerk eraman zintuzteten kalera?

Pertsona zisgeneroak ari dira gure bizitzari buruz erabakitzen, eta, askotan, guri buruz ideiarik ere izan gabe. Batzuetan, galdetzen digute, baina askotan ez.

Non ikusi duzu zailtasuna lege honetan?

Genero autodeterminazioa 16 urtetik aurrerakoek izango dute, baina badirudi hortik beherakoenak beldurra ematen duela, edo arriskutsutzat jotzen dela. Kostatzen da ulertzea gure genitalek eta ugalketa aparatuek ez dutela zerikusirik gure generoarekin. Sozializatzeko erabiltzen dugun hizkuntza bat da generoa. Gu eroso sentitzen garen hizkuntzan komunikatu gaitezke, eta sexua beste bide batetik doa. Adibidez, esanguratsua iruditzen zait zergatik agertu behar den nortasun agirian sexuari edo generoari buruzko informazioa. Zer lasaitasun ematen dion estatuari informazio hori jakiteak. Zergatik ez den nahikoa izena jartzearekin. Eta sexu hitza erabiltzen duzunean nortasun agirian zeri egiten diozun erreferentzia. Generoari buruz edo sexu biologikoari buruz ari gara? Uste dut ez dagoela oso argi sexuaren eta generoaren arteko aldea.

Egunerokoan nola bizi duzue?

Ez-bitarra naiz. Batzuetan gona batekin joaten naiz lanera, eta, beste batzuetan, gizartean gizon gisa irakurtzeko moduko janzkerarekin. Adibidez, lantokian, gonarekin joaten naizenean eroso sentitzen naiz nesken komunera sartuta, baina gizon moduan joaten naizenean, ez naiz ausartzen mutilenera sartzen. Elbarrien komuna daukagu, eta han sartzen naiz. Segurtasun falta hori sentitzea esanguratsua da, eta oraindik iruditzen zait lanketa handia dagoela egiteko.

Lege honek lagundu dezake bide horretan?

Uste dut positiboa dela genero autodeterminazioa onartu izana, baina oraindik gauza asko daude egiteko. Ez-bitarrak ez gaude kontuan hartuak legean. Uste dut maximoetara jo behar genukeela, alderdi eskuindarrek beti beherantz egingo baitute. Beraz, aurrerapausoa da, baina ezin gara lokartu.

Legean nabarmenduko zenukeen zerbait?

Oso positiboa da, adibidez, lehenengo aldiz lege batean intersexualen eskubideak aipatzea; ikusezinak dira gizartearentzat.

Zein hutsune ikusi duzue?

Sistema bitarra ikasi egiten dugu. Lege honek ere sistema horretan sartzera eramaten gaitu. Ez-bitar garenok eskubidea izan behar dugu bitartasunetik kanpo bizitzeko, bitartasuna zapaltzailea baita batzuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.