Datuak

Intzidentzia tasa 100dik beherakoa da Hegoaldeko lurralde guztietan

Beste 133 COVID-19 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta 192 paziente dira gaitzak jota erietxeraturik. ZIUetan 59 pertsona daude.

Hiru herritar zebra bidea pasatzen, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 24a
13:22
Entzun

Birusaren kutsatze maila neurtzen duen aldagaiak uztail bukaeratik dira maldan behera Hego Euskal Herrian, ia etenik gabe, eta, hain zuzen, beheranzko joera hori argiki erakusten du intzidentzia tasa metatuak. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko zenbat kasu detektatu diren adierazten du aldagai horrek. Atzo, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa 100dik gorakoa den oraindik ere; gaur zeharkatu dute langa, eta, beraz, lau herrialdeek dute bi zifrako kopurua, azkenik. Zehazki, tasa 99,9 da Bizkaian; Gipuzkoan, 99,1; Araban 86 kutsatu izan dira 100.000 biztanleko, eta Nafarroan, berriz, 67.

Bestalde, atzo egindako testei buruz argitaratutako informazioak ere agerian uzten du bilakaera onbidean dela. Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko 7.308 proba egin zituzten atzo, eta horien guztien %1,8k eman zuten positibo: 133k, alegia. Lurraldeka, Bizkaian 50 izan ziren; Gipuzkoan, 42; Nafarroan, 23; eta Araban, 16.

Halaber, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute atzo beste 25 lagun erietxeratu zituztela birusarekin eri. Horiek aintzat hartuta, oraintxe bertan 192 dira Hegoaldeko zentroetan sartuta. Zehazki, 59 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude; azken bi hilabeteetan erregistratutako kopururik apalena da.

Koronabirusa Euskal Herrian duen bilakaeraren datu guztiak eta mapa interaktiboak ikusteko, jo webgune honetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.