Azken ordukoa

Ion Paroti eskumuturreko elektronikoa kendu diote

Baldintzapean aske gelditu da Baionako euskal presoa. Baldintza zorrotzak izanen ditu ondoko hamar urteetan

Ion Parot Baionako presondegi aitzinean, joan den ostiralean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 17a
16:13
Entzun

Euskal presoen etxeratzearen aldeko bandera eskuetan zuela, irribarretsu atera zen Ion Parot euskal presoa Baionako presondegitik, joan den ostiralean. Presondegitik atera eta urtebetera, eskumuturreko elektronikoa kentzeko ordua zuen bertan. Baldintzapean aske gelditu da Baionako euskal preso ohia. Etxerat-ek jakinarazi duenez, baldintza zorrotzak bete beharko ditugu hurrengo hamar urteetan.

Iazko urriaren 13an atera zen Mureteko (Okzitania) espetxetik Parot, Frantziako presondegietan 32 urte eta erdi iragan ondoren. Urteetako batailaren ondotik, Parisko Dei Auzitegiak iazko irailean onartu zien baldintzapean aske ateratzeko aukera hari eta Jakes Esnali. Ordutik, etxean egon behar izan du froga gisa. Gaur egun, 72 urte ditu.

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Ion Parot. Egun batzuk lehenago, haren anaia Unai atxilotu zuten Espainia hegoaldean —Zaballako presondegian dago—. Beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zieten. Atxilotuetako hiru bizi osoko zigorrera kondenatu zituzten 1997an Parisen egin zieten epaiketan: Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederique Haranburu Xistor. Gaur egun, presondegitik kanpo dira hirurak.

Azken urteetan, behin baino gehiagotan eskatu dute Esnal, Parot eta Haranburu askatzeko, eta mobilizazio andana antolatu dituzte preso horien sostenguz. Iazko uztailean, Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten Bakegileek egun oso batez, Frantziako Gobernuari eskatzeko Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egin ditzala. Parot eta Esnalen askatasuna onartzea lehentasun bat zela adierazi zuten orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.