Ion Telleria eta Olatz Izagirre gazte independentistak aske utziko dituzte datozen orduetan, bermepean. 12.000 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak espetxetik ateratzeko. 2010ean atxilotu zituzten. Izagirre Brievako espetxean dute, eta Telleria, Valdemoron. Biak ere Frantziako Poliziak atxilotu zituen eta biak espainiaratu zituzten.
Goierri Mendebaldeko Hitzak azaldu duenez, Telleria ekainaren 9an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Senpereko lakuaren inguruan. Gazte erakundeen aurka 2009an Espainiako Poliziak hasitako operazioa eta Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua tarteko atzeman zuten. 2010eko ekainaren 10ean libre utzi zuen epaileak idiazabaldarra, kontrol neurri zorrotzak ezarrita.
Gazte independentista Info7 irratiko kazetaria zen eta arratsaldeko albistegia aurkezten zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurka igorritako euroagindua tarteko, ekainaren 15erako Paueko epaitegian bistarako hitzordua jarri zion epaileak. Espainiak ez zituen data horretarako beharrezko agiriak entregatu, eta auzi saioa hilaren 22ra atzeratzea erabaki zuen epaileak.
Madrilen esku
Ekainaren 22an Paueko epaitegian izan zen idiazabaldarra. Epaileak onartu egin zuen euroagindua eta agintari frantsesek Madrilen esku utzi zuten Info7 irratiko esataria. Fernando Andreu epaileak kartzelaratzeko agindua eman zuen ondoren. 2010eko abuztuan bete zen urte bat espetxeratu zutenetik. Lehendabizi Soto del Realeko kartzelan eduki zuten, eta egun Valdemoron zegoen.