Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Euskararen egoerak bi bilakaera izan ditzake 2050era begira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: orain arteko bidean proportzionalki apaltzen segitu, eta hiztun kopurua %17ra jaistea; edo hizkuntza politikari bultzada bat eman eta hiztunak %30 ingurura heltzea. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz Siadecok plazaratu duen ikerlanean (Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa), ez dituzte aztertu Ipar Euskal Herriko datuak. Baina EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Audap hirigintza agentziak aurrez emaitza argiak bilduak dituzte egindako prospektiba lanetan: lorgarria da gaur egungo larrialdia iraultzea; baina gora bultzatu ezean, behera eginen du euskarak.
Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, 16 urtetik gorako biztanleen %20,1 dira euskaldunak Ipar Euskal Herrian. 2021eko azaroan eta abenduan bildutako datuak dira. Azken hamarkadetako joerari so eginez gero, kopuru absolutuak egonkortu dira —51.500 ziren 2021ean—. Hemorragia gelditu da, nolazpait errateko. Haatik, proportzioan apaldu eta apaldu ari da 1996tik: %26,4tik %20,1era pasatu da.
Bi muturretako adin tarteetan ikus daiteke bilakaera azken urteetan. 16-24 urtekoen artean, hogei urtean, kasik bikoiztu da euskaldun kopurua: %12,2 ziren 2001ean, eta %21,5 gaur egun. Alderantziz, 50 urtetik gorakoetan, hamar puntuz jautsi da hogei urtean. 50-64 artekoetan %19,3 dira; 65 urtetik gorakoetan, %25,7.
Biztanleriaren emendatzea
Ondoko urteei begira biztanleria azkarki emendatuko dela iragarri dute EEPk eta Audapek egin duten azterketan. 2021ean, 321.963 biztanle bizi ziren Ipar Euskal Herrian. Hipotesi apalak 345.276 iragartzen ditu 2050erako; erdiko hipotesiak, 371.236; eta hipotesi altuak, 403.012. Erdiko hipotesian oinarritu dira ondoko urteei begirako prospektiba lana egiteko. Hizkuntza politika publikoaren orain arteko bilakaerarekin, hiztun kopurua doi bat emendatuko litzateke —55.900—, baina %17raino apalduko litzateke euskaldunen proportzioa.
55.900HIZTUN KOPURUA 2050EAN. Gaurko hizkuntza politikarekin hiztun kopurua doi bat emendatuko litzateke, baina proportzioan %17raino apaldu. %30era heltzeko, 97.225 hiztun beharko lirateke 2050erako.
Bi elementutan jarri dute azpimarra. Batetik, saldo naturalaren defizita: heriotza kopuru handia eta sortze kopuru apalegia: migrazio saldoa kontuan hartu gabe, 486 biztanle gutxiago lirateke urtean 2009-2020 aldian, eta 2050erako urtean 1.717 gutxiago. Bestetik, adinekoen pisua: gero eta leku handiagoa izanen dute biztanlerian. 2019an, 65 urtetik gorako 1,23 adineko ziren 20 urteko gazte bakoitzeko; 2050erako bi adineko izanen dira gazte bakoitzeko. Migrazio saldoak ere badu eragina: datuetan 3.000 pertsonako saldo positiboa da gaur egun, baina errealki 9.000 atera eta beste 12.000 sartzen dira.
Irakaskuntzaren pisua
2004an EEP sortu zenetik, euskarazko irakaskuntzaren garapenean eman dituzte indar nagusiak. Emaitza baikorrak izan ditu horrek: anitz emendatu da euskarazko irakaskuntzaren eskaintza, eta baita osoki eta partez euskaraz ikasten dutenen kopurua ere. Oro har, eskolen %66k eskaintzen dute euskarazko irakaskuntza mota batean aritzeko aukera —izan murgiltze ereduan ala elebidunean—. Hala, ama eskolan sartzen diren ikasleen kasik erdiek euskarazko irakaskuntza mota batean ematen dute izena.
Baina adinean aitzina joan ahala, jarraipen tasak behera egiten du. 2022-2023 ikasturtean, %57,5ek jarraitzen zuten kolegio bukaera arte. Iazko ikasturteko hasierako datu orokorrei so eginez gero, Ipar Euskal Herriko ikasleen %67k ez zuten inolako harremanik euskararekin.
Helduen irakaskuntzan, 1.670 ikasle zeuden 2021-2022 ikasturtean, baina hasierako mailetakoak ziren gehienak.
Helburu zifratuak
Euskalgintzaren eskaerari erantzunez, iazko ekainean bi hipotesi plazaratu zituen EEPk: 2050erako hiztun kopurua %26ra ala %30era heltzea, eta bakoitzarentzat helburu zifratuak finkatu zituen. Lehen hipotesian, gaur baino 34.000 euskaldun gehiago beharko lirateke ondoko 25 urteetan; bigarren hipotesian, 46.000 gehiago.
150
HELDUEN EUSKALDUNTZEA. Urtean, 20 eta 49 urte arteko 150 herritar euskalduntzen dira batez beste. 2050ean hiztun kopurua %30era heltzeko, urtean 1.352 euskaldun berri beharko lirateke 2050erako.
2050erako hiztun kopurua %30era iristeko hipotesia betetzekotan, ama eskolan euskarazko irakaskuntza hasten dutenek %70 izan beharko lukete 2037an. Jarraipen tasak %60 izan beharko luke 2028an, hogei urte geroago %80ra heltzeko. Azkenik, kolegioa bukatu eta bi urtera B2 mailara helduak diren ikasleek %22 izan beharko lukete 2030ean, eta %57 2050ean.
Helduen irakaskuntzari dagokionez, 20 eta 49 urte bitarteko belaunaldietan ezarri dute arreta. Egun, adin tarte horretako 150 herritar euskalduntzen dira batez beste urtean. %30eko hipotesia gauzatzeko, lau urteroko emendatze progresibo bat aurreikusi dute: 2034-2038 epealdirako, batez besteko kopurua 705era igo beharko litzateke; 2046-2050 epealdirako, urtean 1.352 euskaldun berri lortu beharko lirateke.