Ipar Euskal Herriko euskararen aldeko eragileek 1,6 milioi euro jasoko dituzte

Xede batzuk laguntzarik gabe geratu dira; horien artean, Kontseilua, Behatokia eta UEU

Lurdes Auzmendik eta Frantxua Maitiak eman zuten adjudikazioen berri, Jaurlaritzaren eta EEPren izenean. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko funtsa adjudikatu zuten atzo. Lankidetzarako funtsa 1,6 milioi eurokoa izanen da aurten, eta atalik handiena eragile nagusiek eskuratuko dute; 1,2 milioi euro, hain zuzen ere. 400.000 euro onartu dituzte eragile pribatuek edo enpresek, euskararen arloan bultzatzen dituzten xedeak bultzatzeko. Diru funtsa osatzeko, EEPk 1,13 milioi euro ezarri ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, 470.000 euro.

Diru laguntza handiena, iaz bezala, eragile nagusiek jasoko dute. Horrela, 448.000 euro banatuko dira hezkuntza arloko eragileen artean. Euskal Haziak elkarteak 20.000 euro jasoko ditu, Biga Baik 8.000, Ikas Bik 20.000 euro eta Seaskak 400.000 euro. Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea bermatzen duen AEK-k 290.000 euro hartuko ditu aurten, eta, horrela, euskararen transmisioaren arloan banantzen den dirua 738.000 eurokoa izanen da aurten.

Erabileraren garapena bermatzeko asmoz baliatuko den funtsa 462.000 eurokoa izanen da aurten. Euskal Irratiek hartuko dute atalik handiena, 285.000 euro, alegia. Haurren aisialdiaz arduratzen den Uda Leku elkarteak 135.000 euro eskuratuko ditu, eta Bertsularien Lagunak elkarteak, 42.000 euro.

Gainerateko eragileek aurten burutu nahi dituzten xedeak laguntzeko helburuz 400.000 euroko funtsa onartu dute, eta horrela banatuko da: 1.500 euro familia transmisioa laguntzeko, 539 euro lehen haurtzarorako eta 6.500 euro helduen euskalduntze alorrean Miarritzen eta Angelun xede bana laguntzeko.

Bizitza sozialari dagokion sailak inoiz baino eskaera gehiago jaso dituela nabarmendu du Frantxua Maitia EEPko presidenteak. Arlo horretan 62.750 euro baliatuko dira, 17 egitasmo laguntzeko. Garrantzi askotako xedeak sartzen dira arlo horretan, hala nola Lurrama edo Euskal Herria Zuzenean bezalako ekitaldi handietan euskararen presentzia bermatzea, komunikazio arloa indartzeko edo UEUk udako ikastaldian antolatzeko. Eragileei dagokienez, arlo ugari hartuko ditu kontuan, Surfrider Fundazioa, Euskal Txerria edo Euskal Dantzarien Biltzarra, bertzeak bertze.

«Aisialdiaren arloan aitzineko urteetan egindako indarra atxikiko dugu, eta 41.050 euro baliatuko ditugu xedeak laguntzeko», azaldu zuen Maitiak. Bela ikastaroak, zirku sormen ikastaroak eta antzerki ikastaroak lagunduko dituzte. Argitalpen alorrean, kopurua apalagoa izanen da. 35.161 euro emanen dituzte zazpi argitalpen, bi merkaturatze egitasmo eta pedagogia alorreko hiru xede bultzatzeko. Azkenik, euskararen erabilpenaren arloan, 252.500 euro emanen dituzte.

Eragile eta xede gehiago

Arlo guztiak kontuan harturik, 65 eragile lagunduko dituzte, horietatik 21 berriak. Eragile horiek 86 egitasmo gauzatuko dituzte. Eskari guztiak lau irizpideren arabera aztertu dituztela azaldu zuen Maitiak: eskariak euskalgintzako gizarte eragileen artean duen garrantzi estrategikoa, deialdia egun duten erakundeen finkatu lerroekiko osagarritasuna, xedeak ukan dezakeen eragina eta, azkenik, xedearen edukiaren eta aurkeztutako finantza planaren arteko egokitzapena eta autofinantziazioa.

Baina hainbat xedek ez dute diru laguntzarik ukan eta horietako batzuk, euskalgintzako gizarte eragile nagusienetarikoak dira, hala nola Kontseilua edo Behatokia. Bai Euskarari ziurtagiriaren elkarteak hizkuntzaren egoeraren jarraipena egiteko xedea aurkeztu zuen, Behatokiak euskararen telefonoa, herritarren haserrea edo atxikimenduak biltzeko eta bertze xede bat hizkuntza eskubideei buruzko topaguneak antolatzeko. UEUk teknologia berrian inguruko formazio planak egiteko laguntza eskatu zuen. Ezezkoa jaso dute. Xiberoan Euskaraz Bai xedeak ere ez du laguntzarik jasoko. «Bizi sozialaren arloan garatzen diren egitasmoak dira, eta orain artean batzuk lagundu ditugu», azaldu zuen Maitiak. Alta, EEPk berak jorratu nahi ditu hainbat atal eta horregatik engoitik laguntza horiek ez ematea deliberatu duela jakinarazi zuen Maitiak.

Erran horiek, ordea, ñabardura ugari dituzte errealitatean. Adibidez, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak inkesta soziolinguistikoa burutzen dute lau urtetik behin, baina ez dute neurtzen Ipar Euskal Herriko herri bakoitzeko herritarren euskararen ezagutza. Datu hori garrantzitsua litzateke tokian tokiko hizkuntza politikak burutzeko.

Hainbat kasutan bazterrera gelditu diren xede horiek bereganatzeko borondatea duela jakinarazi du EEPk, horretarako eperik ezarri gabe eta helburuetan sakondu gabe. Erabaki horrek arrisku bat sortzen du, EEPk xede horiek gauzatu arte nehork ez dituelako garatuko ildo horiek, edo garantzen baditu neholako laguntza publikorik gabe egin beharko duelako.

Eragile bakoitzaren garrantzia auzitan ezarri gabe, koherentzia falta nabari da EEPren laguntzen banaketan. Adibidez, UEUk 4.250 euroko laguntza jasoko du, udako unibertsitatea antolatzeagatik, eta Euskal Txerriaren Elkarteak 3.000 euro, ekonomia sail horretan euskararen erabilera sustatzeagatik. Jasotako diru laguntzetan tarte txikia dago, eta, euskalgintzako gizarte eragileen iritziz, bien artean dagoen alde estrategikoa handia da. Eragileak arranguraturik daude, prentsaren bidez jakin dutelako berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.