Euskara

Ipar Euskal Herriko kolegio publikoetan sail elebiduna sustatzeko kanpaina aurkeztu dute

Ikasleak eta gurasoak konbentzitu nahi dituzte Lehen Mailaren ondotik kolegioan ere sail elebidunean segitu dezaten.

(ID_17017871571685) Ipar Euskal Herriko kolegio publikoetan sail elebiduna sustatzek
Gaur Donapaleuko Amikuze kolegioan egin duten prentsaurrekoa. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Donapaleu
2023ko abenduaren 5a
17:25
Entzun

EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin elkarlanean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak komunikazio kanpaina bat abiatu du Ipar Euskal Herriko kolegioetan sail elebiduna bultzatzeko. Euskara kolegioan izenburupean, bideo sorta bat eta liburuxka bat argitaratu dituzte, ikasleei eta gurasoei elebitasunaren onurak azaltzeko. 

Kanpainak sail elebidunean diharduten hainbat ikasleren lekukotasunak biltzen ditu. «Funtsean, urrea bezalakoa da euskara», dio ikasle batek. «Segitzea gomendatzen dizuet, hizkuntza bikaina baita. Biziki ongi da», dio beste batek. Izan ere, hori da gaur egun sare publikoan eta pribatu katolikoan dituzten erronketarik bat: Lehen Mailan elebidunean hasten den ikasle andanak elebakarrean segitzen du Bigarren Hezkuntzan. Informazio bilkurak antolatuko dituzte gurasoekin, «lasaitu» eta «akuilatzeko».

Sare publikoan 5760 ikaslek egin dute sail elebidunaren hautua lehen mailan –gutxi gorabehera ikasle kopuru orokorraren heren batek–; kolegioan, haatik, 1.642 dira –kopuru orokorraren laurdena–.

Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Amikuze kolegioan egin dute prentsaurrekoa, eta, han, aurtengo ikasturteko datuak eman dituzte: sare publikoan 5.760 ikaslek egin dute sail elebidunaren hautua Lehen Mailan –gutxi gorabehera ikasle kopuru orokorraren heren batek–; kolegioan, haatik, 1.642 dira –kopuru orokorraren laurdena–. Lizeora heltzean are apalagoa da kopurua. «Jarraitutasuna garatzea ezinbestekoa da», Maider Behotegi EEPko lehendakariaren hitzetan. 

Ipar Euskal Herrian diren hemezortzi kolegioetatik hamabostek proposatzen dute aukera elebiduna gaur egun. Gainerakoetan ere eskaintza lantzen ari direla adierazi du Behotegik; ikastetxearen eta akademia ikuskaritzaren arteko adostasuna behar da euskarazko irakaskuntza proposatzeko. Hala ere, kolegioan elebidunean segitu nahi duen ikasle orok aukera hori bermatua duela azpimarratu du Marie Delpech akademiako euskara ikuskariak. 

Oren parekotasuna

Baina, sail elebiduna deiturik ere, ikastetxe guzietan ez dute bermatzen bi hizkuntzen arteko oren parekotasuna. Amikuze kolegioan, adibidez, Euskara ikasgaiaz harago, Historia-Geografian astero euskaraz egiten dituzte hiru ordu.

Irakasle postuetan da arazoaren muinetako bat: gaur egun postuan diren irakasle anitz ez dira euskal hiztunak, eta, beraz, ezin dute euskarazko irakaskuntzarik bermatu. Horietariko batzuek prestakuntza intentsiboa segitzen dute euskara ikasteko, baina, bestela, irakasle postua «libratu» arte itxaron behar da haren ordez euskarazko bat emateko. Funtsean, akademia ikuskaritzaren erabaki politikoa ere bada euskaraz jardungo luketen irakasle postu gehiago ez sortzea.

Behotegiren hitzetan, «borondate politiko partekatua» da gehiagora heltzea, eta zehaztu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak «milioiak» eman dituela euskararen alde. Bi helburu eman ditu: Lehen Mailan euskara hutseko irakaskuntza garatzea eta kolegioan oren parekotasunera heltzea. Gaur egun, kolegio bukaeran B1 edo B2 mailara iritsi behar lukete ikasleek; lizeo bukaeran, B2 edo C1 mailara. «Inportantea da euskara entzun eta erabili dezaten», laburbildu du Behotegik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.