ETAren su-etena. Erreakzioak

Ipar Euskal Herriko PS, UMP, Zentrista eta Berdeek egokitzat jo dute agiria

ETAk Frantziari igorri mezuari begira ez dira ados; UMPk dio «ETA eta Espainiaren arazoa» dela

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Berri izigarri ona», Alice Leiziagezahar (Europe Ecologie) Akitaniako kontseilariaren arabera; «aurrerapausoa», Frantxua Maitia (PS) Akitaniako kontseilari sozialistaren ustez; «aitzinamendu erabakigarri eta erabakitzailea», Jean Jacques Lasserre (zentrista) Hautetsien Kontseiluko presidente eta Akitaniako kontseilariaren arabera; eta «Euskal Herriarentzat, euskaldun eta demokrata guztientzat bozkario handia», Daniel Poulou (UMP) lapurtar diputatuaren hitzetan. Ipar Euskal Herrian ezkerretik hasi eta eskuinera arte, alderdi guztiek ontzat jo dute ETAren adierazpena. Maitiak ditu adierazi su-etenaren «sinesgarritasunari» begira duda gehien. «Erranak errespetatuak izanen ote diren» begiratu beharko dela dio, eta horretarako «momentu luze bat» beharko dela uste du.

«Espainiaren ardura»

ETA argiki Frantziako Estatuari mintzo zaiola eta, ez dute gatazka politikoan Frantziak duen lekuaz hautetsi guztiek ber ikuspuntua. «ETAren eta Espainiaren arazo bat dela» erranik, «gauzak ez dira nahastu behar», Poulouren arabera. Maitiak ere dio Frantziak betidanik urrundik begiratzen duela gatazka, eta konpontzearen alde lan eginen duela «Espainiak galdetuko diolarik».

Lasserrek, haatik, dio Frantzia ez dela gatazka horretarik kanpo,eta ezin duela horretaz «urruti» gelditu. Zentristak dioenez, «aro berri bat irekitzen ari da», eta konponketarako «aukera» ez dute huts egin behar estatuek.

Leiziagezaharrek azpimarratu du Frantziaren «isiltasuna», baita Espainiarekin «eskuz esku» eraman lana ere, eta uste du Frantziak «gordelekutik ateratzeko» aukera duela hor. Zehazten duenez, ETAk bake prozesurako «nahia» erakutsia du, eta estatuek ere «urratsak egin behar dituzte orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.