Ipar Euskal Herriko zabortegietako errefusa erregai gisa erabiliko dute

Hondakinak lurperatu ordez «balioztatzea» litzateke helburua.Enpresek erabiliko dituzte, gasaren, petrolioaren eta ikatzaren ordezko gisa

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Lapurdiko Canopia eta Zuberoako Mendixka hondakindegietan birziklatu ezin diren zaborrak erregai fosil gisa erabiliko dituzte hemendik aitzina. Orain arte lurperatzen zuten errefusarekin «balioztatze energetikoa» egitea litzateke asmoa, hain zuzen.

Bil Ta Garbi sindikatuak azaldu duenez —Ipar Euskal Herriko hondakin gehienak hark kudeatzen ditu—, ez litzateke errausketaren teknika bera izanen, eta, beraz, ez dute errauste plantarik eraikiko. Asmoa litzateke birziklatu ezin den zaborra —plastiko mota batzuk, bereziki— enpresa batzuei ematea, haiek petrolioaren, gasaren eta ikatzaren partez erabil dezaten. Galdara industrialek edota zementu fabriken labeek «berreskuratzen» ahalko lituzkete zabor horiek, erraterako. Erre aitzin, «prestatu» beharko lituzkete hondakinak.

Sindikatuak azaldu duenez, Frantzian onartu berria duten Trantsizio Energetikorako Legeak (LTE) aukera hori lehenesten du hondakinak lurperatzearen ordez. Eta, preseski, hondakinen lurperatzea %70 gutxitzea litzateke Bil Ta Garbiren helburua, 2017an zabor guzien %85 «balioztatzera» iristeko. Horien artean sartzen dira ontzi birziklagarriak, papera, organikoa eta, hemendik aitzina, errefusaren zati bat ere bai —kalkulatu dutenez, urtean 40.000 tona inguru—.

Hazketa ixteko aukera

Polemika anitz eragin dituen Hazparneko Hazketa hondakindegia ixteko parada emanen luke errefusa erregai gisa erabiltzeak, Bil Ta Garbikoen erranetan. Nolanahi ere, horretarako, aipaturiko sistema martxan ezarri behar dute lehenik, eta, ondotik, aztertu. Urte bukaerarako emanen dute erabakiaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.