Ibon Iparragirre preso gaixoaren osasun egoera larria salatu du eurodiputatu talde batek, gaur goizean, Europako Parlamentuan. Berehala aske uzteko eskatu dute. Iazko apirilean euskal presoen giza eskubideen inguruko txosten publiko bat aurkeztu zuen talde horrek Europako Parlamentuan: "Dispertsio politikaren amaiera eta gaixotasun larriak dituzten presoen kasuak aztertzea, aske uzteak haien osasun eskubidea bermatzen lagunduko lukeela" zioten.
Urte eta erdian egoera aldatu ez dela ikusirik, eta Espainiak salbuespeneko espetxe politika mantentzen duenez, gogora ekarri dute Europako Parlamentuak onartu egin zuela urruntze politikarekin amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko ebazpen bat.
Euskal Herrian izan ziren 2016ko otsailean Gabi Zimmer, Malin Bjoerk, Martina Anderson, Mark Demesmaeker, Lidia Senra, Tatjana Zdanoka eta Josep-Maria Terricabras, eta bildu egin ziren Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, parlamentariekin, alderdi politikoekin, presoen senideekin, biktimekin eta beste hainbat eragileekin. Lehen eskuko informazio horrekin aurkeztu zuten txostena Europako Parlamentuan.
Flandriako N-VA alderdiko Demesmaekerrek gogora ekarri du txostena osatzerakoan izan zutela jada Iparragirreren kasuaren berri. "Guztiz bortitza izan zen preso gaixoen egoera ezagutzea. Tratamendu egokia izateko ukazio sistematikoa... beste tortutra mota baten aurrean gaudela esan genezake". Kataluniako ERCko diputatu Terricabrasek azaldu du giza eskubideak "kasu guztietan bermatu" behar direla. Ondarruko presoaren kasuan "askatasuna" da giza eskubidea bermatzeko era bakarra. Kartzelak gaixo dauden presoengan duen eragina nabarmendu du Zdanokak —Berdeak/EFA taldeari atxikita dago Letoniako eurodiputatua—: "Kartzela bereziki toki desegokia da gaixotasun fisikoak edo burukoak pairatzen dituztenentzat".
Hona hainbar europarlamentariren adierazpenekin Ibon Iparragirreren askatasuna galdegiteko osatu duten bideoa.
[youtube]https://youtu.be/dPtREcBN8Eo[/youtube]