Ainhoa Sarasola
Egunero ikusten ditugu iragarki laburrak egunkarietako orrialdeetan edo Interneteko atarietan. Baina horietatik zenbat daude euskaraz? Egun hainbat herri aldizkarik eta atarik baino ez dute zerbitzu hori eskaintzen. Euskarazko iragarki merkeak biltzen dituen Euskal Herri mailako euskarririk ere ez dago. Hain zuzen, hutsune hori betetzera dator iragarkilaburrak.com, gaurtik, Interneten martxan den euskarazko atari berria, doakoa eta erabiltzaile guztien eskura dagoena.
Iragarki laburrak atalka daude banatuta webgunean: etxebizitza, lana, motorra... eta horien barruan beste hainbat aukera ematen dira: alokatu, saldu... Bilaketak egiteko aukera ere badago. Erabilerraza da oso, eta guztiz doakoa. Iragarkia jarri nahi duenak atarian erregistratu besterik ez du egin beharko. Gako bat jasoko du, nahi duenean bere iragarkia jarri edo kentzeko. Eskaintzen den produktuaren argazkiak jar ditzake. Halaber, iragarki jartzailea eta eskaintzan interesa dutena harremanetan jartzeko aukera ere ematen du atari berriak.
Herri komunikabideak
EKTko Bertako Hedabideak SL da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta egitasmoa gauzatzeko hitzarmenak sinatu ditu hainbat herri komunikabiderekin, iragarkiei ahalik eta zabalkunde handiena ematearren. Iban Arregi Bertako Hedabideetako zuzendariaren hitzetan, bi xede nagusirekin jaio da ataria: "Batetik, euskarazko Interneteko merkatu bizia sortzeko, erabiltzaile eta eduki asko izango dituena eta erreferentziala izan nahi duena". Azaldu duenez, egun astekariek eta Hitza egunkariek badituzte euskarazko iragarki laburrak, eta sarean ere badira atari batzuk, baina lokalak dira. Hori bateratzea erronketako bat izan da urte askotan euskarazko prentsan eta informazio lokalaren inguruan dabiltzanentzat. "Oso garbi genuen, egun, horrek Interneten izan behar zuela". Iragarkien mundua Interneten gero eta gehiago hedatzen ari dela ikusita, gainera, egitasmoa sortzeko une egokia dela uste du Arregik.
Dena dela, "ikusita egun sarean zer dagoen eta euskarak zein zailtasun dituen hor nabarmentzeko", argi zuten ataria herritarrengandik ahalik eta gertuena egon behar zela. Hala, atari nagusia ez ezik, hari lotuta "iragarkilaburrak.com txikiak sortzea" otu zitzaien. "Edozein herri atari, komunikabide eta elkarteri aukera ematen diogu".
Eskaintza guztiei egin diete eta, oraingoz, 15ek baiezkoa eman dute: sei Hitza egunkari, Elgoibarko Izarra, Bierrik elkartea, Ttakun elkartea, 11 Barri, Uztartzen, Pil-Pilean, Zintzo Mintzo, Bidasoamedia eta Ukberri elkarte eta hedabideek. Dena dela, irailetik aurrera beste hainbat ekimenari batuko zaizkiola uste dute sustatzaileek, egitasmoa zabalik baitago batu nahi diren guztientzat. "Guretzat inportantena da ahalik eta sare handiena izatea, ahalik eta eduki gehien sortzea eta, noski, euskara ahalik eta esparru gehienetara zabaltzea, baita merkatu horretan ere".
Paperean ere bai
Baina iragarkilaburrak.com ez da besterik gabe atari bat izango; ez hori bakarrik, behintzat. Izan ere, atarian jasotzen diren hainbat iragarki papereko edizioan Euskal Herri osoan banatuko dituzte astero. Lehen zenbakia astebetean aterako da. BERRIArekin Euskal Herri osoan banatuko da, hainbat eskualdetan Hitzekin eta Guaixe, Barren nahiz Txintxarrirekin, eta hiriburuetan ere bai. Aurrerago, edizioa gehiago zabaltzeko asmoa ere badute. Dena dela, iragarkiek izango duten zabalkundea ikusita, aurreikuspenak onak direla uste du Arregik. "Erabiltzaile asko izan ditzakeela uste dugu".
Izan ere, iragarkiak atarian jartzea doakoa den bezala, zerbait saldu edo alokatuz iragarkia paperean jarri nahi duenak ordaindu egin beharko du hartarako. Salbuespen horrekin, atariko iragarki guztiak doan argitaratuko dira paperean. Era horretan, beste helburu bat ere beteko du egitasmoak: euskarazko komunikabideentzat diru iturriak areagotzea. Herri atariek lortutako publizitatearen dirua, atari nagusian egonik ere, eurentzat izango da. "Hala, eurentzat beste zerbitzu bat eskaintzea izango da, baina diru iturri bat ere izan daiteke".
"Sustatzaileek ikusten genuen ona zela guretzat eragileek atari nagusian euren orria izatea. Baina baita eurentzat ere, halako proiektu batek indar eta zentzu handiagoa hartzen duelako sarean antolatuta", Arregiren ustez. "Herri komunikabide batzuetan iragarki labur askorik ere ez dago, eta agian zentzu handirik ez du halakorik bere herrirako bakarrik sortzea. Aldiz, herri komunikabide horiek iragarkilaburrak.com-en integratuta, zentzu eta indar handiagoa hartzen du guztiak".
Komunikabideak
Iragarki laburrak, euskaraz eta sarean
Euskal Herri mailako euskarazko iragarki laburren lehen egitasmoa martxan da gaurtik, iragarki merkeak euskaraz ere erabiltzaileen eskura jartzeko. Astero paperean ere argitaratuko dira. Bertako Hedabideak SL da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta elkarlanean aritu da elkarteekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu