Irailean segituko dute bide azpiegiturak finantzatzeko akordio bila Gipuzkoan

Ondorioak datorren astean bozkatu nahi zituzten EAJk eta PSEk, baina eragotzi egin dute Bilduk, PPk eta Aralarrek

Kamioi bat, Etxegaratetik igarotzen. Mendate horretan bidesaria jartzearen kontra azaldu da foru aldundia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoak ez dira ados jarri herrialde horretako bide azpiegiturak finantzatzeko moduaren inguruan, eta irailaren hasieran jarraituko dute mugikortasun beharrei eta bide azpiegiturak ordaintzeko sistemari buruz eztabaidatzen.

Batzorde txostengileak bilera bat egin zuen atzo arratsaldean, baina, BERRIAk jakin duenez, ados jartzeko orduan ez zuten ez aurrera ez atzera egin. Aurreko bilera batean oinarrizko txostena atzera bota, eta berriz idazteko eskatu zioten EAJk, PSE-EEk eta PPk Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina txosten horri ekarpenak egin zizkioten PPk berak eta Aralarrek. Diputazioak idatzi bat aurkeztua zuen, esateko lehenengo txostena egitera ere ez dagoela behartuta legez. Atzo, taldeek onartu zuten diputazioak ez zuela zertan oinarrizko txostena egin. Lanean segitzeko, proposamenari ekarpenak egiten hasteko eskatu die aldundiak EAJri eta PSEri.

Txostena berridazteko eskatu, baina PPk eta Aralarrek txosten horri berari eginiko zehaztapenak bozkatzea galdegin dute EAJk eta PSEk. PPk nahiz Aralarrek uko egin diote horri, argudiatuta ez duela zentzurik ekarpenak bozkatzea eta ekarpen horiek jasotzen dituen txostena berridaztea. Ondorioak datorren astean bozkatu nahi zituzten EAJk eta PSEk. Blokeo egoera horri irtenbide bat emate aldera, batzordeko Bilduko ordezkariek diputazioaren jatorrizko proposamena bere egin dute. Horrela, eztabaidatzen jarraitu ahal izango du lantaldeak, jatorrizko proposamena oinarri hartuta. Irail hasierarako jarri dute hurrengo hitzordua.

Ordaintzea, akordio bakarra

Bide azpiegituretan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik duten defizita —140 milioi eta 900 milioi euro inguru, hurrenez hurren— ordaintzeko oraingo finantzaketa eredua nahikoa ez dela-eta sortu zuten batzorde txostengilea. Iazko abenduaren 2an eratu zuten lantaldea. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuaren arabera, alderdi guztiak ados daude gauza batean: «Jende guztiak ordaindu egin behar du errepideak erabiltzeagatik». Ez datoz bat, ordea, ezarri beharreko ordainketa sistemarekin.

N-1, A-15 eta GI-632 —Beasain eta Durango artekoa— errepideak ordainpekoak izatea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina ez du zehaztu horretarako zein sistema ezartzeko asmoa duen. Aukera ugari ditu: bineta sistema eta ordainlekurik gabeko bidesaria, esaterako. Eredua ez, baina sistema bat edo beste aukeratzeko jarraitu beharreko irizpideak zehaztu ditu diputazioak: besteak beste, errepideak erabiltzen eta kutsatzen dutenek ordaintzea eta Gipuzkoako herritarren artean dauden desorekak desagerraraztea. Ugarte: «Ez da bidezkoa ordainketa sistema soilik errepide batzuetan jartzea, ezta ordaindu behar dutenak soilik kolektibo jakin batzuk izatea ere».

Gainera, ezarriko duten ordainketa sistemak bat egin beharko du Europako Batasunak ezartzen duen legediarekin. Horrela azaldu zuen Ugartek ekainaren 11n, aldundiaren proposamenaren zertzelada batzuk aurkeztu zituenean: «Gipuzkoako garraiolariekin leunagoa izan behar du, eta herrialdearen muga fiskalak errespetatu. Nazioarteko garraioa ezin da doan pasatu Gipuzkoatik. Baina guk ere finantzaketa neurrietan parte hartu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.